Egiturazko begirada bat euskararen adierazkortasunari

Ekainaren 18an eta 19an izango da Jakin Jardunaldia, Usurbilen. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago.

2026-05-27 Albisteak

Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak da aurtengo Jakin Jardunaldiaren izenburua, eta horixe bera da bi egunez hizpide izango dugun gaia. Hala, adierazkortasuna lantzeko irizpideez, egungo baliabide edo egiturez eta aurre egin beharreko gabeziez aritzeko plaza bihurtuko da Usurbilgo Artzabal egoitza ekainaren 18an eta 19an, Jakin Jardunaldiaren XII. edizioan. Ohi bezala, Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak lankidetzan antolatu dugu jardunaldia, eta elkarlan horrek urteurren borobila du aurten,  hamargarren urtez antolatu baitugu.

Aitor Bengoetxea Alkorta UEU Udako Euskal Unibertsitatearen zuzendariaren arabera, Udako Ikastaroak partekatzeko gune dira, eta horregatik da «ezinbestekoa» elkarlana. Partekatze eta lankidetza horren adibide da, esate baterako, Jakin Jardunaldia: «Euskarak batzen gaitu hemen gauden erakundeak, eta euskararen adierazkortasuna izango dugu aztergai aurten: ziur emankorra izango dela».

Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak aurtengo gaiaren garrantzia nabarmendu du: «Garai likido eta ezegonkor, hegemonia-erauntsi eta diglosia-egoera honen aurrean, ezinbestekoa da gutako bakoitzaren esanindarra handitzea, hizkera aberastea, hori ahoratzea, zabaltzea eta ondorengoei ematea; bestela, hiztun berriek ere laster ikusiko dute ez garela indartsu, eta nekez aseko ditu hizkera motel samar batek».

Haritz Azurmendi Arrue jardunaldiaren koordinatzaile eta Jakineko kideak azaldu duenez, Jakin Jardunaldiak galdera eta kezka sozial batzuetatik abiatzen dira: «Kasu honetan, euskara bere adierazkortasuna galtzen ari ote den, edo behintzat gero eta gehiago kostatzen ari ote zaigun esanindarra euskaratik biltzea, esparru eta errealitate sozialak euskaratik izendatzea».

Horiek horrela, bi egunetan zehar egiturazko begirada bat eskainiko diogu euskararen adierazkortasunari, kexan edo gainbehera sentsazioan geratu ordez, aurrerabideak eta ereduak arakatzeko asmoz.

Izen-ematea dagoeneko zabalik dago UEUren webgunean, eta matrikula-epea 2026ko ekainaren 16an itxiko da.

Ikusi egitaraua.

 

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan