Historia
1956an jaio zen Jakin, frankismo betean Arantzazuk eskaintzen zuen aterpean. Harrezkero mundu oso bat ikusi du aldatzen: ziklostila eta interneta; Francoren autarkia, amerikarren globalizazioa eta globalizazio ostea; zentsura eta informazio gehiegizkoaren desinformazioa; maisu pentsalarien garaia, unibertsitateko adituena eta kaleko arituena; euskararen debekua eta euskararen ofizialkidetasuna; ideologien loraldia eta desideologiaren basamortua.
Aldizkaria izan zen hasiera batean, baina laster eratu zen kultur talde oso bat haren inguruan, kulturgintzan eta euskararen normalkuntzan ere jardun duena. Horixe izan du Jakinek hasierako helburu, unean-unean mantendu eta eguneratu duena: euskara eta kultura uztartzea; euskara kulturako joera, mugimendu eta alor guztietara zabaltzea; euskara kultur hizkuntza gisa trebatzea; euskarari estatus kultural praktikoa aitortzea. Helburu horrekin, garaian garaiko moldeak, auziak eta pentsamendu korronteak ekarri ditu euskarara, eta horiek Euskal Herrian hartzen duten formaz gogoeta egin eta eragin du.
1956ko udazkenean, Arantzazun egin zen gerraosteko Euskaltzaindiaren lehen biltzar publikoaren egunetan, zabaldu zuten lehenengoz Jakin aldizkaria. Arantzazuko teologia ikasleen aldizkari gisa sortu arren, Euskal Herriko beste hainbat erlijio-ikastetxetako lankideak izan zituzten lehen zenbakitik. Aldizkariaren zuzendaritza ikasle frantziskotar euskaltzaleen elkargune izan zen, eta aldizkaria bera mugaren bi aldeetako euskal idazleen topaleku.
Filosofia, teologia eta kultur arloetako artikuluak ziren muina, baina horiek euskaraz sortzerakoan gertatzen ziren eztabaidek (terminologikoek, kulturalek, filologikoek) ere hartu zuten lekua. Jakinek kultura modernoa, kaletarra, euskarara ekartzearen eta Euskara Batuaren aldeko jarrera goiztiarra izan zuen eztabaida horietan. Jarrera horren isla izan zen Jakinen “hiritartzea”, 1968an Arantzazutik Tolosara aldatu baitzen, ikasle giroa utzi eta kulturgintzan berariaz jardutera. Orduan izan zuen Jakinek lehenengoz zuzendari finkoa: Joan Mari Torrealdai.
Lehen aldi horretan, euskaltzaleen arteko eztabaidak baino, zentsurak ekarri zizkion arazo larrienak Jakini, ordea. Birritan eten zioten argitalpena: 1961-1963 artean lehenik eta 1969tik aurrera gero. Etenaldietan ere Jakin Taldeak lanean jarraitu zuen, ordea. 1972-1975 bitartean Jakin Sorta bildumako liburuak argitaratu ziren aldizkariaren partez.
Argitaratzeko baimena 1977an iritsi zen berriro. Aldizkaria goitik behera berrituta, baina ekipo zaharreko jende ezagunak jarri zuen martxan aldizkaria: Joseba Intxaustik, Joxe Azurmendik, Joan Mari Torrealdaik eta Paulo Agirrebaltzategik. Bigarren aldi osoan zehar laukote hori izan zen Jakinen muina, Torrealdai buru eta beste hainbat kide bidelagun zirela.
Pentsamendu eta kultur aldizkari gisa egonkortu zen aldi honetan Jakin. Aldaketa nabarmena gertatu zen aldi honetan aldizkarian jorratutako gaiei dagokienez. Teologiako eta filosofiako lanak murriztu egin ziren nabarmen; kulturari, kulturgintzari, politikari, komunikabideei eta hezkuntzari buruzkoak, berriz, areagotu. Euskal kulturgintza indartu zedin gogoetak dira asko, sortzen ari ziren egituren inguruko eztabaidei buruzkoak.
Horrekin batera, euskalgintzako beste hainbat lekutan ere jardun zuten Jakineko kidek hamarkada horietan: UZEIn eta Euskaltzaindian Intxausti, EKBn eta hiztegigintzan Agirrebaltzategi, Euskaldunon Egunkarian Torrealdai, euskarazko pentsamendua lantzen Azurmendi. Hain justu, 1997an Jakinek Jakin irakurgaiak bilduma jarri zuen martxan, Azurmendi arduradun.
Lehenengoan ez bezala, bigarren aldian etenik gabe argitaratu zen Jakin aldizkaria. Une latzak bizi izan zituen, hala ere. 2003ko otsailean, Euskaldunon Egunkariaren itxieran, zuzendaria atxilotu, torturatu eta espetxeratu zuten; operazio berean Jakin argitaratzen zuen enpresaren dokumentazio osoa eraman zuten. Auziak 2012ra arte jarraitu zuen irekita.
Lau hamarkadaren ostean iritsi zen erreleboa Jakinen. Garai, eztabaida eta belaunaldi berriei leku egiteko borondatez pasa zion zuzendaritza Torrealdaik Lorea Agirreri 2014an. Kulturako eta pentsamenduko jende esanguratsuarekin Kontseilu editoriala osatu zen eta ordura arteko zuzendaritzak Jakin Talde Historiko gisa jarraitu zuen lankidetzan. Halaber, fundazio bihurtu zen Jakin, Torrealdai lehendakari zuela haren heriotzera arte.