Abian da Joan Mari Torrealdai bekaren hirugarren edizioa

14.000 € eskuratuko ditu irabazleak. Urriaren 26a da proiektuak bidaltzeko azken eguna.

2026-07-15 Albisteak

Gaur aurkeztu dugu  Joan Mari Torrealdai bekaren hirugarren edizioa, Usurbilen, Torrealdairen bizitoki zen herrian. Kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko sortu zen beka 2022an, eta, aurtengo edizioarekin euskara adierazkorra lantzeko bide berriak bilatu nahi dira. Deialdira banaka edo taldean aurkez litezke proposamenak, eta irabazlean 14.000 € eskuratuko ditu 18 hilabeteko epean ikerketa garatzeko. Proposamena jmtbeka@jakin.eus helbidera bidali beharko da urriaren 26a baino lehen.

Usurbilgo Udalarekin elkarlanean antolatzen dugu Joan Mari Torrealdai beka, eta Torrealdaik jorratu zituen esparru nagusietan oinarritzen da ikerketako gaia. Haritz Azurmendi Jakineko kideak kokatu du aurtengo gaia, Torrealdai eta euskara batuaren arteko harremana azalduz: «Joan Mari Torrealdai euskara batuaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta euskararentzako eredu estandarra sortu eta sozializatzeko borrokaren parte ulertzen zuen edozein erregistrotan hizkuntza zaindu eta adierazkorra erdiesteko helburua». Euskara «bizi eta esanindartsua» aldarrikatu eta elikatu zuen Torrealdaik, hitzaldien, zutabeen, saiakeren eta ikerketen bidez. Horiek horrela, bekaren hirugarren edizioarekin «euskararen eta, bereziki, euskaldunen esanindartzeko bideak, baliabideak eta estrategiak sustatu nahi dira».

Gaia lantzeko norabideak ere azaldu ditu Azurmendik. Adierazkortasuna euskaraz trebatzeko bide gaurkotuak eskaintzea da aukera bat (baliabidetegiak, estrategiak, lan-tresnak) edo, bestela, gaur egungo behar komunikatibo askotarikoetarako ereduak entseatzea. «Bereziki sustatu nahi da aurkeztutako proiektuek adierazkortasunari buruzko egiturazko gogoetak izatea abiapuntu, eta proposatutako emaitzek gizartean eta hiztunengan modu eraginkorrean hedatzeko forma izatea».

Gaia ez ezik, epaimahaikide batzuk ere aldatu dira deialdi berriarekin: Ainara Lasa Perezek, Ibai Iztueta Azurmendik, Miren Amuriza Plazak eta Gorka Bereziartua Mitxelenak osatuko dute epaimahaia. Hilabete izango dute proposamenak aztertzeko, eta abenduan jakinaraziko da irabazlea.

Irakurri deialdia osorik

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan