Podcasta, liburua eta dokumentala, EHZren 30 urteko ibilbidea kontatzeko

EHZko kideek irabazi zuten Joan Mari Torrealdai bekaren bigarren edizioa, eta dagoeneko hasi dira bekarekin lortutako emaitzak jendaurrean aurkezten.

2026-07-16 Albisteak

EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean proiektuak irabazi zuen Joan Mari Torrealdai bekaren bigarren edizioa, 2024an, epaimahaiak aho batez hartutako erabakian. EHZko kideek 18 hilabete izan dituzte proiektua garatzeko, eta dagoeneko hasi dira bekarekin lortutako emaitzak jendaurrean aurkezten: otsailean emititu zuten Uhinen ildoan podcastaren lehen atala, eta ekain hasieran egin zuten Auzolanaren lurretan. EHZ: 30 urtez zuzenean! liburuaren lehen aurkezpena.

EHZren 30. urteurrenak bekaren aurkezpen urtearekin bat egiten zuela ahalbidetuz aurkeztu zuten proiektua Joan Mari Torrealdai bekara. Hala, festibalaren ibilbidea izan dute aztergai, funtzionatu duten eta ez duten alderdiak aztertu eta ondorioak ateratzeko. Azterketa hori aurrera begira egin dute, egungo eta etorkizuneko korapiloak askatzeko asmoz. Deialdia ebaztean emaitzaren forma erabaki gabe bazuten ere, euskarri bat baino gehiago garatzeko asmoa adierazi zuten. Azkenean, proiektua hiru euskarritan garatu dute: dagoeneko aurkeztu dituzten podcasta eta liburua, eta urte amaieran kaleratuko duten dokumentala.

Aitor Servier EHZko kidearen arabera, hiru proiektuak izan dira «auzolanean osaturiko sormen-lanak», eta bakoitzak du bere publiko, lengoaia eta helburu propioa. Uhinen ildoan podcastarekin, EHZren «B aldean» murgildu dira entzuleak –entzungai dago EHZren webgunean–. Liburuan, aldiz, EHZren ibilbidea kontatu dute, garai bakoitzeko protagonista nagusien ahotsetatik: «Modu horretan, EHZren bilakaera ez-ezik, Ipar Euskal Herrian hiru hamarkadotan gertaturiko aldaketa sozial, kultural eta politikoei ere heldu diegu: EHZ-ren esperientzia xumea uzten dugu irakurleen eskuetan, herrigintzan eta kulturgintzan dabiltzanentzako inspirazio iturri izan daitekeelakoan», adierazi du Servierrek. Dokumentalean, iraganera beharrean orainera begiratu dute, 2026ko festibalaren prestaketa grabatuz: «Erretratu bat egin nahi izan dugu, gaur egun EHZn gabiltzan gazteok ze kezka ditugun militantzia ereduaren inguruan, lurraldean sustraitzeko moduaz, eta abar».

 

 

Horrekin batera, Joan Mari Torrealdai beka jasotzea «ohorea» izan dela nabarmendu du Matilda Legardinier EHZko kideak, Torrealdai «erreferente» baitzen haientzat: «Euskal kulturgintzaren langile nekaezin horren ondarea gure egiten dugu». Esker oneko hitzak ere izan ditu Jakinentzat eta Usurbilgo Udalarentzat, «une oro prest egon direlako behar genuen mota guzietako laguntza emateko».

EHZko kideak, gainera, kultur ekitaldien antolaketari buruzko Kulturgintzan ekin tailerra egiten ari dira Usurbilgo gazteekin. Martxoan egin zuten tailer horren saio teorikoa, kultur ekitaldi bat nola prestatu ikasteko eta antolatzeko asmoz. Jon Mikel Azpiazu Usurbilgo Kultura zinegotziaren arabera, Usurbilgo herriarentzat «luxu bat da EHZ bezalako festibal bat antolatzen lanean aritzen direnen eskutik zuzenean ikasteko aukera izatea».

 

Bekaren hirugarren deialdia, abian

Dagoeneko martxan da Joan Mari Torrealdai bekaren hirugarren edizioa, eta aurtengo Jakin Jardunaldian landutako gai bera izango du oinarri: Euskara adierazkorra lantzeko bide berriak. Deialdira banaka edo taldean aurkez litezke proposamenak, eta irabazlean 14.000 euro eskuratuko ditu 18 hilabeteko epean ikerketa garatzeko. Proposamena jmtbeka@jakin.eus helbidera bidali beharko da urriaren 26a baino lehen.

Irakurri deialdia osorik

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan