‘Auzolanaren Lurretan’ liburua aurkeztu du EHZk, festibalaren 30 urteko ibilbidea jasoz

Joan Mari Torrealdai bekaren laguntzarekin egindako proiektua da; bihar egingo dute bigarren aurkezpena, Ziburuko Azokan.

2026-06-05 Albisteak

30 urte beteko ditu aurten EHZ festibalak (1996-2026). Hainbat dira urteurrenaren harira egiten ari diren ekimenak eta horien adibideetako bat da atzo Donapaleun egin zuten liburu aurkezpena. Auzolanaren lurretan. EHZ: 30 urtez zuzenean! liburuaren lehen aurkezpen publikoa egin zuen EHZk, hiru hamarkadatako ibilbidea eta memoria jasotzen dituen lana, hain zuzen. Liburuak hasi du jada bere bidea, eta bihar egingo dute bigarren aurkezpena, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan, 11:30ean.

Proiektua II. Joan Mari Torrealdai bekak lagundutako ikerketa lanean oinarritzen da. Jakinek eta Usurbilgo Udalak elkarlanean abiatutako ekimena da beka, euskal kulturgintzaren eta herri mugimenduen azterketa eta transmisioa sustatzeko asmoz. EHZko boluntarioek eta kideek osatutako ikerketa honek festibalaren argazkia egiteaz gain, euskal musika eszenari buruzko gogoeta sakona bultzatzea du helburu. EHZko kideek beka irabaztean azaldu zutenez, ikerketa «festibalaz eta euskal musika eszenaz gogoeta egin ahal izateko tresna» izango zen, eta emaitzak EHZren bueltako balioen eta jardunen transmisioa indartzeko erabiliko ziren.

Bide horretan, festibalaren hiru hamarkadak jorratzeko, liburua ez ezik, podcast bat eta dokumental bat ere biltzen ditu egitasmoak. Podcastari dagokionez, serie osoa argitaratu da dagoeneko eta hainbat plataformatan dago entzungai. Dokumentala, aldiz, udazkenean kaleratuko da; aurtengo udako edizioa filmatu ostean egingo dituzte muntaketa lanak, ondoren emaitza Euskal Herri osoan zabaltzeko.

 

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan