2026-07-10 Albisteak
Elkarrizketan pentsatzen zuen Joxe Azurmendik. Beste autore batzuekin elkarrizketa etengabean aritzen zen, eta halaxe nahi zuen besteok ere haren obra irakur genezan, elkarrizketa kritiko, zorrotz eta zintzo bat eginez. Pentsalari zegamarra hil eta urtebetera, horixe da, hain zuzen, Joanmari Larrarte Jakin Fundazioko lehendakariaren arabera, Azurmendiri egin diezaiokegun omenaldirik handiena: «Hura itsu-itsuan jarraitu beharrean, harekin elkarrizketan segitzea eraikitzen».
2025eko uztailaren 1ean hil zen Joxe Azurmendi, hurbilekoenekin agur gorde bat eginda. Haren heriotzaren urteurrenaren harira, aitortza eta omenaldi ekitaldia egin genion uztailaren 4an Zegaman, haren jaioterrian. Zegamako Udalarekin eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrarekin elkarlanean antolatu genuen omenaldia, eta bi zati nagusi izan zituen: Azurmendiren ekarpenari buruzko jardunaldia eta omenaldi ekitaldia.
Joxe Azurmendiren ekarpena aletzeko jardunaldian, Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendaria Katedraren bilakaeraz, oinarriez eta egitasmoez aritu zen Joxe Azurmendi: Zergatik eta zertarako hitzaldian. Katedraren izen osoa hartu zuen abiapuntu Zabaletak: Pentsamendu garaikiderako Joxe Azurmendi Katedra. Baina izen osoari hitz bat gehitu zion hasieran: «euskal». Horretarako, pentsamendua, euskal pentsamendua eta euskal pentsamendu garaikidea zer diren aletu zuen, eta hori guztia Joxe Azurmendirekin borobildu. Izan ere, Joxe Azurmendik hori guztia gorpuztuko lukeela azaldu zuen, euskal pentsalari garaikidea baitzen, «oso ona, gainera». Are: «Joxe Azurmendik esaten dituenak ez dira garrantzitsuak berak esaten dituelako. Baizik eta berak esaten ditu garrantzitsuak direlako. Berak funtsari begiratzen dio». Aurrera begira, pentsatzen eta elkarrizketan jarraitzeko deia egin zuen Zabaletak; izan ere: «Pentsatzen duen herria ez da inoiz hilko».
Ekarpenaz elkarrizketan
Alaitz Aizpuru Joaristi, Iratxe Retolaza Gutierrez eta Mikel Urdangarin Irastorza Joxe Azurmendik Euskal Herriari egindako ekarpenaz aritu ziren elkarrizketan, Haritz Azurmendi Arruek gidatuta. Zegamaz, Aizkorriz, herri-kulturaz eta mitoez aritu zen Aizpuru, Azurmendiren obra oinarri hartuta. Izan ere, Azurmendirentzat «Zegama eta Aizkorri beti itzultzen diren oreka puntua dira». Lur hartzeaz ere mintzatu zen Aizpuru, pentsamendu orok baitu lur bat, geografia bat: «Gure eginkizuna gure geografia esanahiz betetzea da, mitoz. Eta, alderantziz: gure mitoak, gure ipuinak, gure diskurtsoa; gure geografiaz». Izan ere, geografia bat galtzean, ipuinak, leiendak, mitoak, eta, ondorioz, inguru hori izendatzeko gaitasuna galtzen da, eta alderantziz. Azurmendiren hitzak ere ekarri zituen gogora: «Egiaz, edozer gauzaren izatea munduan ipuin txiki bat da, beste ipuin batzuekin lotua beti. Unibertsoa ipuin sare bat da, esanahi sare bat. Eta gure eginkizuna hori da: mundu puskatu bat nola berregin eta nola errekuperatu pentsatzea, berriro esklabo bihurtu gabe».
Retolazak, bestalde, «asmoen aitortza bat» egin zuen: «Gaurko nire ariketa bada [Joxe Azurmendirekin] zorretan nagoela esatea eta zorrak kitatzeko ditudala, eta ditugula, esateko ariketa bat». Retolatzak bere ibilbidea hartu zuen oinarri Azurmendiren pentsamenduarekin eta haren ekarpenekin elkarrizketan jartzeko. Izan ere, «belaunaldi hark egindako guztiaren alaba» zela azaldu zuen, nahiz eta «beste batzuek eta beste testuinguru batzuek» ere hezi duten. Azurmendik landutako gaiek gaur egun puri-purian dauden auziak lantzeko balio duela nabarmendu zuen: «Uste dut Azurmendiren pentsamenduak balio digula kulturgintzan, genero ikerketan eta ikerketa feministetan hizkuntza zapalkuntzaren eta nazio zapalkuntzaren ardatzak modu egituratuago batean lantzeko. Balio digu, baita ere, afektuen teoriak birpentsatzeko, afektuen teorien inguruan lan asko egiten ari baita kulturgintzan, baina sekula ez da hizkuntza zapalkuntzaren eta herri zapalkuntzaren begiradatik lantzen».
Azkenik, mamiari, estiloari eta elkarrizketan jarraitzeko bideei erreparatu zien Urdangarinek: «Uste dut Joxe Azurmendik sekulako aukera eta sekulako potentziala eskaintzen digula elkarrizketan gaur-gaurkoz pil-pilean dauden auzi estruktural horiek pentsatu eta era emantzipatzaile batean erantzuteko». Mamiari dagokionez, esate baterako, nazioa izan da haren zutabe nagusietako bat, baina nazioaren auzia pentsatu ahal izateko, beste hamarnaka gai ere landu izan ditu: «Gizatasun oso bat pentsatu du». Estiloari dagokionez, aldiz, «originaltasuna» nabarmendu zuen Urdangarinek: «Elkarrizketarako obra ireki bat utzi digu. Dena auzitan jartzeko jarrera horretatik abiatuta, etengabeko bilaketak definitzen du Azurmendi. Bilaketa horretan, ez ditu behin betiko erantzunak bilatzen. Berak arazoa pentsatuko du, etengabe deseroso jarri nahiko gaitu eta horren bueltan pentsarazi egin nahiko digu. Sekulako genealogia egingo digu auzi hori pentsatu ahal izateko». Obra «amaigabe bat» utzi digu Azurmendik: kolosala eta amaitu gabea. «Joxe Azurmendik ez digu uzten doktrina bat halabeharrez ikasi eta jarraitu behar duguna, baizik eta elkarrizketa kritiko horretan sakontzeko eskaintza ireki eta oparo bat uzten digu».
Omenaldi ekitaldia
Jardunaldiaren ondoren, udaletxe ondoko plazan egin genion omenaldi ekitaldia, jaio zen baserriaren aurrean. Kantuz, dantzaz, hitzez eta bertsoz betetako omenaldia izan zen, xume bezain polita. Iker Zubeldia Zegamako alkateak eman zion hasiera ekitaldiari, atzean zuen Arretxe baserriari erreferentzia eginez.
Agurra egin zuen Tobera Dantza Taldeak, Zegamako Txistulari Taldeak eta Orkatz abesbatzak lagunduta, lehenengo lerroan zeuden senideei begira, eta Ibai Iztuetak eta Belen Asurmendik, «etxearen edo Arretxekoen izenean», eskerrak eman zituzten «bihotzez» omenaldiagatik.
Joanmari Larrartek ere hartu zuen hitza, Jakin Fundazioaren izenean. Azurmendik Jakin «etxe» izan zuela gogorarazi zuen, eta Jakinek nahi duela «hark egindako lana ez dadila ahanzturan galdu, haren irakaspenak izan dezala jarraipena hurrengo belaunaldietan». Ez hura «itsu-itsuan» jarraitzeko, «baizik eta hark utzitako pentsamendua ikasbide izan dezagun geurea garatu ahal izateko». Hori da, hain zuzen, norbait gogoratu eta omentzeko «modurik onena»: haiek hasitako bideari segida ematea.
EHUko Joxe Azurmendi Katedraren izenean, Ekai Txapartegik hartu zuen hitza, eta Joxe Azurmendiren ikasle izan zeneko garaia ekarri zuen gogora. Hala, Azurmendi «euskal pentsamenduaren figura zentrala» izateaz gain, «euskal pentsalarien ulertzailea» ere badela adierazi zuen.
Oihana Iguaranek bertsotan egin zion erreferentzia Azurmendik utzitako lorratzari, Ibai Mazkian musikariak lagunduta: «Kondairen kontra ta libre / izateko irizpide / bati segika egin diguzu / beste herri bat posible». Atzera begira ez ezik, aurrera begira ere jarri zen: «Zure lorratzei esker aurretik / bide luzea daukagu».
Atik Zra, Azurmendi, Arantzazu eta Zegama elkartu zituen Paulo Agirrebaltzategik: «Hire abizenaren lehenengo bi letrek lotzen diate alfabeto osoa, eta lotzen diate Arantzazu eta Zegama, tartean, gure Aizkorri handi eta eder hau». Hiruren arteko loturaz aritu zen, eta Arantzazu eta Zegama zenbat maite zituen gogorarazi zuen. «Alde egin zuen Zegamatik, alde egin zuen Arantzazutik, baina Zegama eta Arantzazu beti bere bizitzako zubiaren alde banatako buru euskarriak zituela».
Dagoeneko ikusgai dituzue omenaldiko bideoak, hemen: Joxe Azurmendiri omenaldia


