miren artetxe

Ugalderen ekarpena

Martin Ugalderen ibilbide eta obra emankor, aberats eta polifazetikoa ulertzeko unean, badira zenbait ardatz nagusi: abertzaletasuna, euskaltzaletasuna, literatura eta kazetaritza. Horiek gidatu dute Ugalderen nondik norakoa.

Errotik abertzalea izan zen bizitza osoan: txikitan aitaren ondoan, Caracasera iritsi berritan EAJko militante eta 1985az geroztik EAkoa. Alderdi bateko zein besteko izan, Joan Mari Torrealdaik azpimarratu bezala, «ez da alderdi batean kabitzekoa ez baita alderdi gizona, aberri gizona baizik. Bere abertzaletasunak herrigintza du oinarri eta helburu».

Herriarekiko konpromiso politikoak eraginda, Venezuelan Eusko Gaztedi elkartea sortu zuen, Euskal Etxeko lehendakari izan zen, Euzkadi aldizkari zuzendu zuen. Eta Euskal Herrira itzuli eta gero, EAJko EBBkoa izan zen, EAJren Alderdi organoa zuzendu zuen eta klandestinitateko Eusko Jaurlaritzan EAJren ordezkaria izan zen. Idazle eta kazetari gisa ere hainbat liburu eta ehunka artikulu idatzi zituen abertzaletasunaren inguruan.

Halako batean konpromiso politiko aktiboa alde batera utzi bazuen ere, euskara ez zuen sekula utzi. Politikaren aurretik ikusi zuen beti euskara. Abertzaletasun euskaltzalea zen berea. Venezuelan hasi zen euskaraz idazten Euzko Gaztedi aldizkarian, eta bere meritua da Venezuelan euskarazko lehen liburua idatzi izana: Iltzalleak. Euskara lantzeko tresna egokirik gabe ere, bospasei liburu idatzi zituen erbestean, eta handik hasi zen Zeruko Argia-n idazten.

Euskararen defentsan, bestalde, makina bat lan egin zuen Venezuelan: sona handikoak izan ziren diasporako aldizkarietan idatzi zituen zenbait artikulu, eta, zer esanik ez, Unamuno y el vascuence saiakera. 1966an idatzi zuen gure liburuek euskara batura jo behar zutela, eta urte berean onartu zituen atera berriak ziren euskara baturanzko Baionako erabakiak. Euskal Herrira itzultzean, bide beretik jarraitu zuen: Euskaltzaindiaren bidea onartu zuen, eta lan handia egin zuen bere idazkietan euskara batuaren inguruan argia egiten saiatzen.

Bada, ildo horretan, alderdi bat Ugalderen ibilbidean guztiz azpimarragarria: erdaratik euskarara igaro zen. Izan ere, gaztelaniaz egin zen idazle eta kazetari, hizkuntza horretan izan zuen arrakasta, eta ez nolanahikoa; eta, hala ere, gainerako konpromisoei uko egin eta euskaraz idaztera pasatu zen, ia-ia osoki, 1990eko hamarkadan. Gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zuen Ugaldek, baina, Koldo Izagirrek dioen bezala, idazle elebakarra da:

Lekuan lekuko, Ugalde idazle elabakarra da. Bere taldearekiko literatura hari bakarrez lotu ohi du, kutunen eta sakonen zaizkion kodeak erabiliz: venezuelatarrentzat hain berea duten gaztelania kasikan krioiloz, euskaldunentzat euskaraz. Inoiz teorikoki planteatu izan dugunaren froga ematen digu Ugaldek: garrantzizkoena ez dela zein hizkuntza erabiltzen duen artista batek, baizik eta nori zuzentzen zaion, zer talderi ari zaion, halako hizkuntzan. Alegia, zein komunitatetan kokatzen den sortzailea, eta zer nolako bortxa egiten dion bere gizarteari aukeratu duen hizkuntzak.

Esan genezake, zentzu honetan, hots, erdara hitzaren zentzurik zehatzenean, Martin Ugaldek ez duela erdaraz idazten. Bi hizkuntza erabili ditu komunikazio artistikorako, baina ez nahasian edo gaiaren arabera hartuak. Aukera zehatza egin izan du beti gure idazleak bere etorria ubideratzerakoan, Marakaiboko golkoari gaztelania ez europar bat emanez. Bizkaikoari euskara ahaleginez gorde eta landu bat ixuriz.

 

Ipuinak eta eleberriak idatzi zituen bereziki, eta baita antzerki pare bat ere. Ugalderen obraren aztertzaileek balio ugari azpimarratzen dituzte: pertsonaien gizatasuna; ikusi eta bizi duenaz idaztea, folklorekeriatik urrun; jende apal eta ahulekiko samurtasuna eta konpromisoa; eguneroko bizipenak eta bazterreko jendearen bizimoduak begirunez tratatzea; eta, alderdi formaletan, prozedura linguistiko eta estilistikoak, bere kontatzeko teknika, hizkeraren ñabardura... Gaztelaniaz idatzi zuenaren kategoria bera eman zion euskarazko lanari: bost ipuin liburu, hiru eleberri eta bi antzezlan eman zituen euskaraz.

Maila eta eskarmentu handiko kazetaria zen Ugalde. Ehunka asko artikulu eman zituen han eta hemen. Eta dozena erditik gora dira berak zuzendutako aldizkari zein egunkariak, bai Venezuelan eta bai Euskal Herrian. Kazetari gisa, denetik argitaratu zuen 69 egunkari zein aldizkaritan: erreportajea, kronika, iritzi-artikulua, elkarrizketa, biografia. Aipamen berezia merezi du, jakina, eragile zein idazle gisa Euskaldunon Egunkaria-ren egitasmoarekiko izandako konpromiso erabakigarriak.

Literatura eta kazetaritzaz gain, bestelako generoak ere gaiak ere landu zituen, bereziki historia, hezkuntza, kultura, politika, pentsamendua, hedabideak, gizarte auziak, biografia... Ezagunen artean dira Síntesis de la historia del País Vasco, Historia de Euskadi (bost liburuki) eta Hablando con los vascos saila. Lan horietan bere kezka nagusiak agertzen dira behin eta berriro: Euskal Herria, euskaldunen iragana eta etorkizuna, erbestea, euskara eta euskal kultura.

Hitz batean, Ugalderen ibilbide eta obra osoa bere konpromisoaren sakontasunak ezaugarritzen du, hitzetan zein egintzetan, euskarari zein herrigintzari buruz. Esan dezagun, bada, Torrealdairekin batera: «Bere gizatasunak, pertsona eta ideiekiko leialtasunak, zalduntasunak, duintasunak, zuzentasunak eta maitasunak eredugarri egiten dute Martin».

igoEdukieraren hasierara joan