Biografia

Martin Ugalde Orradre 1921eko azaroaren 11n jaio zen Andoainen. Eskola publikoan egin zituen lehen ikasketak, eta gero La Salle ikastetxean. Batxilergoko bi urte egin zituen Andoainen, eta gainerakoak ondoren ahal izan zuen moduan, bai Bilboko Belandia Akademian eta geroago Donibane Garazi eta Donibane Lohizuneko kolonietan.

Artean oso gazte zela, 1936ko gerrak familiaren sakabanaketa ekarri zion: aitak, EAJko zinegotzia zenez, mendira ihes egin behar izan zuen; 1937an Joseba anaia Sobiet Batasunera ebakuatu zuten, eta Martin Frantziara erbesteratu zuten amarekin. Alemanek Frantzia hartu zutenean, Gurseko kontzentrazio eremura eraman zuten, eta hilabetez atxiki zuten han. 1940ko urrian, Andoainera itzuli zen amaren ondora, baina gerraosteko Andoainek ez zuen aurrekoaren antz handirik, galtzaileentzat batez ere. 1942an soldaduskara joan zen Marokora, eta 1945ean handik itzultzean, Laborde lantegian hasi zen lanean. 1946an El Diario Vasco-n herriko kronikak idazten hasi zen. Urte gogorren ondoren, 1947ko irailean Caracasera joan zen amarekin, eta han batu zen berriro familia osoa, gurasoak eta bi anaiak.

Venezuelan askatasuna ezagutu zuen. Idazteko zaletasunari irtenbidea aurkitu zion, kazetaritzan zein literaturan, beti bertako gaztelania erabiliz.

Iritsi eta berehala, EAJn afiliatu zen. 1948an, Euzko Gaztedi izeneko agerkaria sortu zuen Caracasko Euskal Etxeko gazteriaren laguntzaz, eta bertan idatzi zuen euskaraz lehen aldiz, Erritar ezizenez. EAJko buru izan zen Venezuelan, baita Euskal Etxeko buru ere.

Kazetaritzan modu profesionalean aritzeko aukera Elite izeneko aldizkarian iritsi zitzaion, eta, urtebeteren buruan, erredakzio buru izatera iritsi zen. 1951n Venezuelako nazionalitatea hartu zuen. 1952an, Elite-n baimena eskatu eta ingelesa ikastera joan zen AEBetara urte eta erdirako. Ingeles ikastaro bat egin ondoren, New Yorkeko Unibertsitatean literatur ikasketak egin zituen. Venezuelara itzulita, Creole Petroleum Corporation enpresa handian hasi zen lanean, argitalpenen arduradun: besteak beste, Nosotros eta El Farol kultur aldizkari ospetsuarena.

Handik gutxira, Creolek emandako beka bati esker, Estatu Batuetara joan zen kazetaritza ikasketak egitera, Chicagoko Norwestern Unibertsitatean. Iritzi publikoan espezializatu zen. 1954an Caracasera itzultzean ezagutu zuen Ana Mari Martinez Urreiztieta, eta 1955ean ezkondu ziren. Creolerekin Venezuelan barrena egin zituen bidaiak baliatuz, herrialde hartako errealitate ezberdinei buruzko erreportajeak idatzi zituen El Nacional egunkarian.

1960ko hamarkadaren hasieran beste etenaldi bat egin zuen: Standard Oil Companyren beka batekin Evanstonera (AEB) joan zen bi urterako kazetaritza ikastera, oraingoan familia eta guzti. Bi titulu atera zituen: 1961ean Bachelor of Science of Journalism eta 1962an Master of Science of Journalism, iritzi publikoan eta masa komunikazioan espezializatuta.

Ospe handia lortu zuen Venezuelan; erreferentzia garrantzitsu eta ezagun izatera heldu zen, hala kazetari nola idazle gisa. Baina Euskal Herrira itzultzea zuen buruan, batez ere seme-alabak euskaldunak izan zitezen nahi zuelako. 1969an itzuli zen, baina baldintza zorrotz batekin: ezin zen inondik inora ere politikan sartu.

Itzuli zenean, ordea, ez zen geldirik egon, ezkutuko lana egin behar izan bazuen ere. EAJren Alderdi aldizkaria zuzentzen hasi zen 1971n, eta alderdian gero eta itzal handiagoa hartzen hasi zen. Urte berean, Joseba Rezola lehendakariordea hil zenean, erbesteko Eusko Jaurlaritzako kontseilari izendatu zuten. 1973an, Poliziak Hego Euskal Herritik kanpora egotzi zuen, eta hiru urte eman zituen Donibane Lohizunen bizitzen familiarekin batera.

Franco hil eta gero, 1976an, Hondarribiara itzuli zen, eta hurrengo urtean Deia egunkariko zuzendariorde eta euskarazko edukien taldearen arduradun izendatu zuten; bere erabakiz utzi zuen kargua, urtebete ingururen ostean. 1979an Eusko Kontseilu Nagusiak agerkari ofizialaren arduradun jarri zuen. 1982an, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Kultura Saileko zuzendari izendatu zuen euskara gaietarako. 1985ean, EAJren banaketa prozesuaren ostean, EA alderdian afiliatu zen.

1980ko hamarkadako azken urteetan, euskarazko egunkaria sortzeko asmoa aurkeztu zioten Joxemi Zumalabek, Joan Mari Torrealdaik, Iñaki Uriak eta beste eragile batzuek. Harrera ezin hobea egin zion hasieratik egitasmoari, eta buru eta bihotz inplikatu zen: 1990eko abenduan Euskaldunon Egunkaria sortu zenetik Administrazio Kontseiluko lehendakari izan zen bederatzi urtez, eta 1999an ohorezko lehendakari izendatu zuten, osasun arazoek ardura hori alde batera uztera behartu zuten arte. 2003an, Juan del Olmo epailearen aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenean, Egunkaria auzian auzipetu zuten eta kontuak blokeatu zizkioten.

Hainbat sari, izendapen eta omenaldi jaso zituen azken urteetan: 1993an, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen; 1997an, Andoaingo Udalak Seme Kutun izendatu zuen eta Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan Ohorezko Aipamena jaso zuen; 1999an, Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen; 2002an, Eusko Jaurlaritzak Lan Onari Saria eman zion; 2003an, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herritar Unibertsal izendatu zuen.

2002an, Martin Ugalde Kultur Parkea inauguratu zen Andoainen. 2015ean, Martin Ugalde ikerketa-beka sortu zuten Martin Ugalde Kultur Parkeak, Andoaingo Udalak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak.

2004ko urriaren 4an hil zen Hondarribian, 82 urterekin.

igoEdukieraren hasierara joan