Biografia

Polixene Trabudua Agirrezabal 1912ko irailaren 23an jaio zen Sondikan, oraindik baserri girokoa zen herrian. Zazpi urterekin herriko eskolan hasi zen ikasten, eta Bilboko Gurutzeko Alabak ikastetxean jarraitu zuen gero. Eskola Normalean irakasletza ikasketak egin zituen ondoren, bizitza osoko lanbide izango zuen irakaskuntzara lotzeko. Ikasketak amaitu bezain laster, jaioterriko maistra gisa hasi zen lanean, eta han jarraitu zuen gerra hasi bitartean.

Ikasle garaian ezagutu zuen Jose Mandaluniz, bere senar izango zena, eta haren bitartez heldu zen Bilbo inguruan indartsu zebilen mugimendu abertzalera. Gogo biziz sartu zen jeltzaleen giroan: Mendigoizaleak, Emakume Abertzale Batza, antzerkiak, Aberri Eguna... Garai berean hasi zen Sondikako eskolan euskaraz irakasten, Lauaxetak bultzatuta. Irakasle lanaz gain, iluntzeetan euskara irakasten aritzen zen herriko Batzokian, eta handik zuen Lauaxetaren ezagutza.

Hain zuzen, Lauaxetaren bitartez hasi zen ekitaldi abertzaleetan; denbora gutxian hizlari ezagun egin zen, Haydée Agirre, Julene Urzelai eta Maria Teresa Zabalarekin batera. Atxilotu ere egin zuten 1933an, mitin batean independentzia aldarrikatu eta Espainia iraintzea egotzita. Baina, kikildu beharrean, sona eta indar handiagoa eman zion Trabuduari atxiloaldiak: emakume abertzale ospetsu bilakatu zen espetxetik ateratzerako. Mitinlari izateaz gain, urte horietan idazle aritu zen. Batez ere gaztelaniazko artikulu biziak argitaratzen zituen EAJko sektore erradikalena biltzen zuen Jagi-Jagi aldizkarian.

36ko gerrak erbesteratu beharra ekarri zion Trabuduari. Senarra gudari zebilen bitartean, haurrekin Ziburun egon zen gerrak iraun bitartean. Handik, familia elkartuta, Frantzia eta Bretainiara joan ziren. Tarte baterako Bilbora itzuli ziren arren, Venezuelara jo behar izan zuten 1952an, Bilbo frankistan bizi ezinik. Han ekin zion berriro artikuluak idazteari eta irakasle lanari, Maracaiboko kartzelako presoei irakasten, besteak beste.

1990ean Donibane Lohizunera itzuli zen Trabudua, alargunduta. Orduan argitaratu zituen Venezuelan idatzitako artikulu bilduma eta Crónicas de amama memoria liburua. Bizkaira itzulita, Zeberion eman zituen azken urteak.

2004ko apirilaren 3an hil zen Zeberion.

igoEdukieraren hasierara joan