Jakin 194/195. zenbakia. 2013
23 €
Gai nagusia sailean, euskal telebistagintzaren azken 30 urteotako ibilbideari, egungo egoerari eta etorkizuneko erronkei buruz egin dute gogoeta Josu Amezaga, Ramon Zallo, Patxi Azpillaga, Arkaitz Martinez de Albeniz, Edorta Arana, Jon Sarasua eta Bea Narbaiza eta Maite Berriozabalek. Bestalde, Txillardegi hartu dute gogoan Gidor Bilbao, Miren Azkarate, Xabier Isasi, Alaitz Aizpuru eta Paulo Iztuetak.
Digitalean
Irakurri pdfArtikuluak
Josu Amezagak Euskal Telebistaren 30 urteko ibilbidearen balantzea egiten du, urte horietan gizarteko komunikazioaren eremuan ez ezik egoera soziolinguistikoan ere gertatutako aldaketek euskal telebistagintzan izan duten eraginaren testuinguruan.
Ramon Zallok Hego Euskal Herriko komunikazioaren eta kulturaren erronka nagusiak deskribatzen ditu, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko komunikazio sisteman egiteko dagoen oinarrizko arauketaren gako garrantzitsuenak aurkeztu ere.
Patxi Azpillagak Euskadiko ikus-entzunezko industriaren azken hiru hamarkadetako ibilbidearen balantzea eta azterketa kritikoa egiten du. Azpillagaren aburuz, sektorearen egungo egoerak —merkatuak uzkurtuta, finantza iturriak murriztuta eta teknologia digitalen eraginez produkzioak egiteko eta hedatzeko moduak ere goitik behera aldatzen hasita— orain arte aplikatu diren eredu eta politiken berrikuspen eta hobekuntzari ekitea eskatzen du.
Aztikerrek EITBren albistegiei buruz egindako azterketa baten emaitzen berri ematen dute Arkaitz Martinez de Albenizek eta Edorta Aranak. EITBren eguneroko albistegietan aipatzen dituzten gaietan, subjektuetan eta orokorrean erreferentziatzat hartzen dituzten eremu geopolitikoetan jartzen dute Martinez de Albenizek eta Aranak arreta, batik bat.
Jon Sarasuak euskararen garapenari begira euskarazko komunikazio esparrua edo euskarazko hedabide esparrua deitutakoa antolatzearen garrantzia azpimarratzen du. Ildo horretan, euskarazko telebistari buruzko politika publikoak eta estrategia sozialak berritzeko premiatik abiatuta, gogoeta eta eztabaidarako gaiak aurkezten ditu Sarasuak.
Bea Narbaiza eta Maite Berriozabalek azken hiru hamarkada hauetan EAEko tokiko telebistek egindako ibilbidearen balantzea osatzen dute, sektoreak izan dituen arauketak, egungo egoera eta tokiko telebistek euskarari egiten dioten lekua aztertuz.
Beste zenbaki batzuk
Egin zaitez Jakinkide
Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.
Egin Jakinkide