2026-06-12 Albisteak
Datorren uztailaren 1ean egingo da urtebete Joxe Azurmendi hil zela, eta, haren heriotzaren urteurrenarekin batera, omenaldia egingo diogu uztailaren 4an Zegaman, haren jaioterrian. Ekitaldiak bi zati nagusi izango ditu: Azurmendiren ekarpenari buruzko jardunaldia eta omenaldi ekitaldia.
10:00etan hasiko da Joxe Azurmendiren ekarpena aletzeko jardunaldia, Gaztelekuan (Ugarte Zelai kalea, 12). Hasteko, Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendariak hartuko du hitza, Katedraren bilakaeraz, oinarriez eta egitasmoez aritzeko.
Ondoren, Alaitz Aizpuru Joaristi, Iratxe Retolaza Gutierrez eta Mikel Urdangarin Irastorza Joxe Azurmendiren ekarpenaz arituko dira, Haritz Azurmendi Arruek gidatuta. Hiru hizlariak arituak dira pentsalari zegamarraren ekarpenaren inguruan gogoetatzen.
Alde batetik, Aizpuru (Azpeitia, 1983) Filosofian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Joxe Azurmendiren eta Txillardegiren ekarpena eta gerraosteko euskal abertzaletasuna ikertu ditu berariaz. Gai horien bueltako hainbat artikulu eta lan egin ditu; besteak beste, 2019ko Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuan hartu zuen parte, ‘Azurmendi, historia-memoria gaur eta hemen’ hitzaldiarekin, eta Azurmendiri omenaldi kolektiboa egiten dion Jakin-en 269-270. zenbakian hartu zuen parte ‘Hizkuntza giltza denean‘ artikuluarekin.
Bestetik, Retolaza (Donostia, 1977) Euskal Filologian lizentziaduna da, literatur kritikaria eta literatur ikertzailea. Emagin elkarteko kidea da, eta 2012tik aurrera Donostiako Emakumeen Etxean bi irakurle-talde gidatzen ditu: bata, euskal literaturaren ingurukoa; bestea, pentsamendu feministaren ingurukoa. Hain zuzen ere, Azurmendik bere obran jorratutako ideia eta ardatzak lantzen ditu Retolazak, eta pentsalari zegamarraren irakurle izan da urte luzez. Jakin 269-270: Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbakian hartu zuen parte ‘Pentsamendu bitarraz beste‘ artikuluarekin.
Azkenik, Urdangarin (Beasain, 1994). Filosofian graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta doktorea EHUko Joxe Azurmendi Katedraren baitan egindako tesiarekin. Bere ikerketa lerro nagusia subjektu ereduak dira, buruaskitasuna, zaurgarritasuna eta interdependentzia landuz, besteak beste. Zehazki, Joxe Azurmendiren gizabere kooperatiboa eta feminismoetatik mahaigaineratutako subjektu eredu zaurgarri eta interdependentea konparatzen ari da, indibiduo buruaskiari kritika egin eta komunean den subjektua marrazteko. Besteak beste Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan liburua argitaratu zuen 2024an, eta Jakin 269-270: Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbakian hartu zuen parte, ‘Joxe Azurmendi hil da, baina haren obra ez‘ artikuluarekin.
Azurmendiren ekarpenari buruzko hitzaldien ondoren, omenaldi ekitaldiaren txanda izango da. Bertan parte hartuko dute herriko abesbatzak eta dantzariek, eta bertso musikatuak ere izango dira. Eguerdiko 12:30ean egingo da, Zegamako udaletxe alboko plazan.
Joxe Azurmendiren obra osoa modu irekian dago eskuragarri euskal pentsamenduaren digitalizazioari eskainitako atalean, nahi duen orok harekin pentsatzen jarrai dezan.