Cookie aukerak
Pertsonalizatu Adostasun Hobespenak

Cookieak erabiltzen ditugu modu eraginkorrean nabigatzen laguntzeko eta zenbait funtzio betetzen laguntzeko. Cookie guztiei buruzko informazio zehatza aurkituko duzu jarraian baimen-kategoria bakoitzean.

"Beharrezkoak" gisa sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, ezinbestekoak baitira gunearen oinarrizko funtzionalitateak gaitzeko.... 

Beti aktibo

Beharrezko cookieak beharrezkoak dira gune honen oinarrizko ezaugarriak ahalbidetzeko, hala nola, saio-hasiera segurua emateko edo zure baimen-lehentasunak doitzeko. Cookie hauek ez dute identifikazio pertsonaleko daturik gordetzen.

Cookie funtzionalek funtzionalitate batzuk egiten laguntzen dute, hala nola, webguneko edukia sare sozialetako plataformetan partekatzea, iritziak biltzea eta hirugarrenen beste eginbide batzuk.

Cookie analitikoak bisitariek webgunearekin nola elkarreragiten duten ulertzeko erabiltzen dira. Cookie hauek bisitari-kopurua, errebote-tasa, trafiko-iturburua eta abar bezalako neurriei buruzko informazioa ematen laguntzen dute.

Iragarki-cookieak bisitariei aurretik bisitatu dituzun orrietan oinarritutako iragarki pertsonalizatuak eskaintzeko eta iragarki-kanpainen eraginkortasuna aztertzeko erabiltzen dira.

[Ondaretik] Torturaz II

2025-02-25 Ondaretik

«Torturaren arazoa behin eta berriro aipatu dugu Jakin-en, sekula ez aski halere». Atentzioa (eta beldurra) ematen du esaldi hori edozein hamarkadatakoa izan daitekeela. Edozein garaitakoa, bai, eta edozein ataletakoa ere bai, dena esateko. Izan zitekeen Historia bizia-ko elkarrizketatu batzu-batzuei egindako sarrera, aldizkariaren orduko zuzendaria atxilotu osteko zenbakiko salaketa edo zenbaki-sarrerako zuzendariaren hitzetako kokapena. Euskal Herrian izan ez den bezala, Jakinen ere torturarena ez dela gai arrotza izan, alegia. Aldizkarian aipagai izan da; taldean bertan, pentsagai –zuzenean pairamen izan ez denean–.

Ondarean aurki daitezkeen torturari buruzko artikuluak errepasatuz, auziaz aritzerakoan garbitu beharreko zenbait pentsamendu-sail agertzen zaizkigu. Eta sinplekeriak eta gauza oinarri-oinarrizkoak esateko arriskuarekin, ondo dator tarteka azpiko lurrak zertan diren begiratzea, pentsamenduak jori ernatuko badira. Lehenengo atalean auzi politikoez aritu baginen, honakoan horiekin lotutako moraltasun auziez eta eginbeharrez jardungo dugu.

 

Torturaren auzi (in)moralak

Paulo Agirrebaltzategik Anaitasuna aldizkariaren 304. zenbakian «Oinazea tortura denean» argitaratu zuen, 1975ean. NBEk Genevan egindako kongresu baten berri ematera zetorren, baina horretaz gain bere gogoetak ere txertatzen ditu. Irakurtzen diogu tortura «gizabide» edo humanitate arazoa dela, legezko edo politikoaz gain. Torturaren fenomenoa eta moraltasuna lotzen ditu horrela, eta apaiz gazte kristau kritikoa zenez gero, salatzen du Elizak torturaren aurrean ezin duela ez diplomaziaren edo beldurraren izenean isildu, ezta salaketa urruneko edo teorikoetan geratu ere.

Arlo bat baino gehiago agertzen dira, ordea, tortura eta moraltasuna gurutzatuta, eta gehienak jorratzen ditu Joxe Azurmendik bere Barkamena, Kondena, Tortura liburuan. Alde batetik dago tortura jaso duen horrekiko gizarteak daukan erantzunbeharra. Hor sartuko lirateke aitortzaren, justiziaren eta erreparazio printzipioen araberako betebeharrak. Azken urteetan Euskal Herrian aurrerapausorik izan bada, arlo horretantxe izan direla esan daiteke; ez da kasualitatea, gatazka-osteko egoerarako trantsizio guztiek gomendatzen duten bidea izaki.

Auzi morala torturatuarenganako erantzunbeharrean aldebakartuta, ordea, paradoxa batean eror gaitezke, Azurmendik liburuan dioen bezala (130. or.), non torturatuak aitortzen diren, baina torturak eta hura gauzatu dutenak existitzen ez diren. Horregatik komeni da torturaren auzi moralaren beste aldea ere ez ahaztea, torturatzailearen eta tortura ahalbidetzen duen sistemaren moraltasunarena. Azurmendik, galdera:

“Nola da posible aginteak demokrazian, faxismoan bezalaxe, torturatzaileak herri osoaren bistan saritzea ezein eskandalurik gabe, torturatzaileak berak kontzientziarik onenarekin egitea bere ofizio kriminala, are ongile sozialaren kontzientzia kasik erlijioso batez jardutea kasu batzuetan […] epaile eta mediku forentseek torturatua abailduta ikusi eta ezer ez pasatzea, salaketak egon eta hedabide guztiak ezaxola gelditzea?” (143. or)

Erantzuna:

“Azken batean, gizarte batek daukan kultura dauka historian, eta hemen, politikoen diskurtsoan, intelektual askoren akiakula eta hedabideen kanpainetan, kaleko iruzkinetan, ikusten da demokrazian ere burdinazko hariz ehunduta kultura batek nagusi jarraitzen duela publikoan, turkoarentzat, heretikoarentzat, “ETA-ratas” besterik ez den jendearentzat, tortura bera ere onirizten edo eskusatzen dizuna eskrupulu gehiegi gabe, batzuetan mokorkeria batekin adierazten dizutena, gehiagotan bizkarra jaso eta isiltasunarekin.” (143. or)

Lehenengo atalean aipatzen genuen torturaren kultura agertzen zaigu, berriro, aipu horrekin. Zehazki, kultura horretan operatzen duen subjektu torturagarriaren eraikuntza dakar mahai-gainera, Olatz Dañobeitiak Jakin 263-264ko bere artikuluan ere landu zuena, torturagarritasun-narratibak aipatzerakoan. Kultura horrek ahalbidetzen du tortura salaketa bati garrantzia edo sinesgarritasuna kentzea, prime timeko dokumentalean salaketa bat olinpikoki ezentzutea edo igandeko zutabeetan ondorioen batere beldurrik gabe tortura justifikatzea.

Zer egin horren guztiaren aurrean? Abiapuntuan, intelektualen zereginetako bat izan liteke biolentzia desberdinak eta euren (in)moraltasuna xehe-xehe aztertzeko gaitasuna berreskuratzea, maiz etortzen baita torturaren gaia atera orduko terroristen (hemen ETA, han Hamas edo Hezbola) inmoraltasunaren aipua. Jakin 28ko «Torturak berriz ere» idatzian, 1983rako jada, salatzen zuen Azurmendik: “Ondo tristea [da] sasihumanista batzuk torturak, sekuestroak, hilketak, iraultza zergak, dena berdintzen eta nahasten enpeinatuta ikustea.” Testunguru politikoan batera dagoena, azterketa moralean ez baitago zertan nahas-berdindu.

Ez dugu zertan pentsatu razionalitate (in)moral bera dagoela biolentzia iraultzailearen, erresistentzia islamiarraren eta Estatu torturatzailearen hondoan; biolentzia ororen aurka printzipioz egon bagaitezke ere. Ez naiz neurez ari, Karlos Santamaria demokristau pertsonalistak argudiatzen zuen oso antzeko moduan (ikusi Karlos Santamaria gaiez gai liburuko Agirrebaltzategiren zatia, 106tik aurrera, Euskal Herriaz). Are gehiago, ez legoke soberan gogoratzea, 1975eko Anaitasuna hartan zetorren bezala, NBEren definizioan tortura estatuak soilik erabiltzen duen biolentzia dela. Eta ez dela gauza bera talde klandestino baten jarduna eta Estatuarena, are gutxiago hura demokrazia gisa agertzen denean.

Berriro ere gogoeta politiko-moral horien zumeak indartu beharko dira, ez minak hierarkizatzeko, ezta biolentziak justifikatzeko ere; baina, agian, bai antzemateko nola birsortzen diren Estatuen bozgorailuetatik torturagarritasun-narratibak gaur egun ere. Agian, hortxe izango baitugu, autoritarismo gorakada garai hauetan, pentsamenduzko borroka-leku gorrienetakoa.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan