2026-04-22 Ondaretik
‘Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II’ kongresurako proposamen deialdia irekita dagoela aitzakia hartuta, gai posibleak eta horien inguruko Joxe Azurmendiren erreferentziazko lanak iruzkintzen hasi ginen aurreko atalean. Haren obran gehien nabarmentzen diren lerroekin aritu ginen han; bigarren atal honetan, lerro ezagunekin jarraituko dugu, baina Azurmendirengan ohikoenak izan ez diren gaiak ere aipatuko ditugu. Horrexek biltzen du kongresuaren espiritua, hain justu, Azurmendiren ‘betiko’ kezketan murgiltzeko aukera emateak, eta horrekin batera gai eta ikuspegi berrietatik haren pentsamenduari balio berriak topatzeak.
Hizkuntza eta pentsamendua
Hizkuntzaren gaineko gogoeta filosofikoa eta euskararen aldeko lan politiko-kulturala, biak uztartu zituen Azurmendik bere bizitza osoan zehar. Esan daiteke bigarrenak eraman zuela lehenengora ere, euskara biziera osorako hizkuntza gaitu bilakatzeko hautuari zentzu bila eta hura eragozten zuten ideologien kontra ekarri baitzituen, maiz, hizkuntzari buruzko erreferentzia filosofikoak.
Ezaguna da Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua (2006) liburutzarra idazteko grina euskaltzaletasunari egozten zitzaizkion ideia esentzialista eta deterministak testuinguratzekoa zela, tradizio europarrean ohikoak diren hizkuntzari buruzko oinarrizko ideiak ere arriskutsutzat jotzen zituztelako zenbait intelektual antiabertzalek. Gogoeta filosofikoaren mailan nabarmentzekoa da ‘Hizkuntza, askatasunaren espazioa’ artikulua ere. Hizkuntz berrikuntzaz, euskararen gaurkotzeaz, hizkuntz ideologiez, hizkuntzaren dimentsio nazionalaz eta barne aniztasunaz… Gaur egundik aritzerakoan, alboan utzi ezinezko gogoetak dira horiek, inondik ere, Alaitz Aizpuruk Jakin 269-270 zenbakian argitaratu zuen artikuluan erakusten duen bezala.
Euskararen aldeko borrokan, berriz, funtsezko polemika da Zergatik eta zertarako euskaldun? galderarekin abiatu zuena. Euskararen aldeko motibazioaren eta konpromisoaren gaiari ikuspegi eraldatzailearekin heldu zion 1967an; mereziko luke polemika hartako jarreren azterketa xehea, uste baino gaurkotasun handiagoa erakutsiko bailuke seguru asko. Oro har, berrirakurtzekoak dira euskara batuaren eta euskara modernizatzearen inguruan idatzitako artikuluak, seguru asko ohartzeko gaur egungo premien oso antzekoekin zebiltzala 70-80ko hamarkadetan ere, eta gaur egun bilatu beharreko erantzunek badutela zer ikasia orduko eskarmentuetatik.
Literatura eta arteak
Euskararen aldeko borroka kulturalaren baitan uler daitezke Azurmendik euskal literaturari eskainitako lanak ere, hala sistemari buruzkoak, nola egile jakinen ingurukoak (ik. gaikako aurkibidean 4.2-4.3 puntuak). Unamunori, Orixeri, Salbatore Mitxelenari edo Miranderi buruzko lanek literatur kritika, genealogiagintza propioa eta nazioarteko pentsamenduarekin elkarrizketa, guztia egiten dute batera. Hiru arloak jorratzea da premiazkoa gaur egun ere: gure klasikoen literatur kritika gaurkotuak, euskarazko literaturaren historiaz Azurmendik daukan ikuspegiaren berrirakurketa eta gure literaturaren azterketa konparatiboa beste herrialdeetako testuinguruarekin alderatuz. Guztietarako lehengai ugari aurkituko ditu nahi duenak Azurmendiren obran.
Euskal Herriaz kanpoko literaturez nahiz literatur teoriaz ere gogoeta ugari egin zituen Azurmendik, ezagutu, balioetsi eta kritikoki berrirakurri beharrekoak. Ezagunak dira, adibidez, Kultura proletarioaz (1973) edo Artea eta gizartea (1975). Artearen eta kulturaren funtzio sozialaz, idazlearen konpromisoaz, politikaren eta artearen gurutzaduraz… gogoetak dakartza horietan, literatur teoria sobietar eta ezkerrekoekin elkarrizketan (ik. 4.5 puntua). Ildo berean, ohartzekoak dira beste herrialdeetako literaturetatik abiatuta egindako gogoetak ere (ik. 4.4). Horien artean nabarmentzen da ‘Goethe: literatura nazional unibertsala’ artikulua.
Bukatzeko, literatur arloan, ezin utzi aipatu gabe Azurmendiren literatur sorkuntza ere. Hor daude haren gazte garaiko poemak (ik. 4.1), berak estimu handian eduki gabe ere harrera ona izaten jarraitzen dutenak. Era berean, saiogile oparoa izan da Azurmendi, edukian ez ezik estiloan ere jantzi duena euskarazko literatura. Interesgarria litzateke haren obra literatur aspektu formalagoetatik lantzen duten azterketak ere izatea.
Zientzia, medikuntza eta adimen artifiziala
Normalean Azurmendiren pentsamenduarekin lotzen ez diren gaien artean legoke zientziaren eta teknikaren filosofia. Hala ere, gogoeta interesgarriak aurki daitezke haren lanetan horien inguruan. Zentzu horretan, oinarrizko lana da Teknikaren meditazioa (1998) liburua. Zientzia eta teknika modernoaren bueltan XX. mendean zehar piztu ziren auzi sozial, politiko eta antropologikoen gaineko irakurketa bat da, modernitatea bera krisian zegoelako kontzientziatik egina. Hain justu, antropologia filosofikoan sonatua izan zen Sloterdijkek piztu zuen antropotekniaren inguruko eztabaida; Euskal Herrian oihartzuna izan zezan ahalegindu zen Azurmendi, eta Jakin 122 zenbakian luze landu zuten. Ez da modu txarra antropologia filosofiko postmodernotik auzi horien inguruan egon ziren eztabaiden gaurkotasunaz gogoeta egiteko, Euskal Herritik pentsatutako proposamekin elkarrizketan. Era berean, orduko teknikaren inguruko ikuspegiek lagun dezakete adimen artifizialaren edo gaur egungo beste jauzi teknologikoen ertzak pentsatzeko. Horretarako bide ematen dute testuok guztiok.
Teknikaren eta antropotekniaren inguruko gogoeta horiek balio lezakete medikuntzaren arlorako ere. Hori uztar liteke, gainera, gizabereari buruz Azurmendik esaten dituenekin, gaur egungo zientzia mediko eta biologikoetatik datozen ezagutzekin elkarrizketan jarriz. Zalantzarik ez, ekarpen interesgarriak lirateke Azurmendiren ideiok arlo horretan zer gaurkotasun leukaketen jakiteko.
Ingurugiroa eta feminismoa
Teknikaren inguruko gogoetetan, modernitateari buruzkoetan, gizaberearen ingurukoetan… Azurmendik pentsamendu modernoak naturaren gainean daukan ikuspegia kritikoki lantzen du. Berez, gizakiaren naturarekiko beste harreman baten aldarria 60ko hamarkadako erreferentzia ezkertiar europarretatik datorkio Azurmendiri eta bere belaunaldiari. Torrealdairen Iraultzaz (1973) liburuan, ezker berriaren planteamenduak aztertzen direnean, ekologismoak pisu nabarmena du, adibidez (‘Ekologiatik iraultzara’ izena du kapitulu batek). Karlos Santamariaren pentsamenduaren azterketan ere tarte luzea hartzen du naturarekiko harremanak. Esan daiteke, zuzenean luze landu gabe ere, Azurmendiren pentsamendu oinarriek eta haren inguru intelektualak lantzeko moduak ekologismoari lotutako gaiak pentsatzeko atea irekitzen dutela. Hala iradokitzen du Mikel Urdangarinek Gizaberetxoak gara (2024) liburuan, Alaitz Aizpururen ideiei tiraka. Aldi berean, ideien historiaren ikuspegitik, balio dezake 60ko hamarkadako ezker berriak edo garai bertsuko pertsonalismoak Euskal Herrian gaia nola lantzen zuten ezagutu eta berrikusteko.
60ko planteamendu ezkertiarrek, modernitatearen oinarrien berrikuspen kritikoak, bide ematen zuten ikuspegi ekologistaz gain feminista ere garatzeko. Feminismoaren baitako korronteen eta Azurmendiren pentsamenduaren arteko elkarrizketa-bideak sakon aztertzen ditu, hain justu, Urdangarinen liburuak (horren oinarrian dagoen doktorego-tesia eskuragarri dago). Han bertan dioen bezala, feminismoaren eta Azurmendiren pentsamenduaren uztardura saiakerak Alaitz Aizpuru, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen ekarpenetan topa daitezke; hirurek hartu zuten parte 2019ko kongresuan. Horrez gain, Jakin 269-270 zenbakian hainbat lagunek ekin zioten bide hori arakatzeari. Zalantzarik ez, jarraipena eman beharreko bidea da hori, etenak bezala segidak topatzeko, batetik, eta egon daitezkeen aurreiritziak uxatzen hasteko, bestetik.
Zehaztutako ildoetatik harago: pentsamendu engaiatuaren belaunaldia
Kongresuaren deialdian Azurmendiren pentsamenduarekin eta 56ko belaunaldiarekin elkarrizketan jar daitezkeen hamaika ildo zehazten dira, ekarpenak bideratze aldera. Ondaretik sailaren bi atal hauetan zenbait hari-mutur bibliografiko eskaini ditugu, euskarazko pentsamendu garaikidea sortzen aritu direnen lanak berrirakurtzeko gonbidapen ireki gisara.
Alabaina, kongresuaren helburua ez da ondare baten azterketa soilean geratzea. Ildo horiek proposatzen dira, hain justu, arloz arlo euskaraz eta ikuspegi kokatu batekin pentsatzeko, gaur egun dauden erronkei, egiturazko beharrei eta jauzi premiei lur bat emateko. Lur hori jorratzen jarraitzeko eremua jarri nahi du kongresuak, pentsamenduan eta kulturgintzan ari direnek euren proposamenak eta eskakizunak adierazteko. Euskarazko pentsamenduak etorkizun bizi bat izan dezan egiturazko beharrak irudikatzea dagokion subjektu kolektibo engaiatua bildu nahi da han.
Ideietan bezala, pentsamenduaren praktikan eta praktika horretarako behar diren egiturak irudikatzerakoan ere badute zer erakutsia Azurmendik eta bere belaunaldiak. Euskal Unibertsitatea, euskarazko kultura moderno eta noranahikoa sortzeko behar ziren terminologia zentroak, epe luzeko itzulpen proiektuak, euskarazko hedabide-sistema eraginkorra, euskalduntze mugimendu indartsua…, horien guztien eta gehiagoren inguruan pentsatu eta eragin zuten; are gehiago, horien inguruan eragiteko pentsatu zuten gehien-gehienik. Horregatik, pentsalari gisa idatzitakoez gain, berebiziko interesa luke artikulu eragileagoak aztertzeak, bizitzan zeharreko praktikak eta abian jarritako ekimenak aztertzeak. Gaur egunerako eta etorkizunerako gako ugari aterako genituzke hortik ere, ibilbidea duten kultur eta pentsamendu arloetako planteamoldeak nola gaurkotu eta kultur arlo berrietarako (sare sozialak, hizkuntza teknologiak…) zer egitura estrategiko sortu kritikoki pentsatzeko. Eta, bide batez, kultur eta pentsamendu gaiak ere, noizbehinka, modu egiturazkoan begiratzen trebatzeko.