2026-04-16 Ondaretik
Urte honen amaierarekin iritsiko da ‘Euskal pentsamenduaren ur-jauzia’ kongresuaren bigarren edizioa, Joxe Azurmendiren pentsamendua eta praktika oinarri hartuta euskal pentsamenduari buruzko gogoeta sustatu nahi duena. Azurmendiren lanak, aztergai ez ezik, berak eta bere belaunaldiak pentsagai, borrokarako arrazoi eta helburu izan zituzten auziak berritzeko ispilu gisa ulertzen dira bertan, eta gaur egungo kezkak euren ekarpenekin harremanetan pentsatzeko gonbidapena egiten da.
Askotan errepikatu izan dugu Jakinen digitalizazio atalaren helburua horixe dela: euskal pentsalarien ondarea eskura jartzea, haren gaineko ezagutza areagotzeko eta egungo auziei heltzerakoan hutsetik ez garela abiatzen ohartzeko. Horregatik, eta Kongresura proposamenak bidaltzeko epea irekita dagoenez, Jakinen ondarean aurki daitezkeen hari-muturrak errepasatuko ditugu Ondaretik sailaren artikulu honetan eta hurrengoan, Kongresurako proposatu diren gaien inguruan bila hasi nahi duenarentzat.
Ohartzekoa baita digitalizazio atalak, gordailu huts izatetik harago, pentsalarien obran murgiltzeko bide erosoa eskaini nahi duela, eta hainbat tresna topa daitezkeela horretarako. Joxe Azurmendirena adibide hartuta, obra digitalizatua ia osorik eskaintzeaz gain, bilatzaile eraginkorra, gaikako aurkibidea eta testuinguratzeko hainbat elementu (bere obraz eta bizitzaz Azurmendirekin izandako solasaldia, adibidez) eskaintzen dira. Gehitu horri eskura daudela 2019ko Kongresuaren bideo guztiak ere, eta klik gutxitan abiapuntu sendoa izango du edonork bere ekarpena prestatzeko. Ur-jauzia bildumak, bereziki lehen kongresuko ekarpenak jasotzen dituen Pentsamendu bat gure munduari (2021) liburuak, norabide asko iradokitzen ditu ikerketarako, aurkibidea begiratze hutsarekin nabari den bezala. Eta bide posibleak irudikatzen lagunduko du, halaber, ‘Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi’ deitu genion Jakin 269-270 omenaldi zenbakiak.
Kultura, nazioa, estatuta
Azurmendiren lanik ezagunenetakoak bete-betean egokitzen diren ildoa da honakoa. Hainbat aldetatik heldu dio nazioaren gaiari, haren esanahi politikoari nahiz kulturalari dagokionean, bai maila teorikoan, bai praktikoan, eta konstante bat izan da bere bizitza osoan. Ikerketa-bide interesgarriak irekitzen dira nazioa landu duen modu bakoitza gaur egundik berrirakurtzerakoan, 2019ko kongresuko hainbat hitzaldik erakutsi zuten bezala.
Nazioaren eta klasearen arteko uztardura aztertu zuen hasieran, Hizkuntza, etnia, marxismoan (1971), eta gerora ere maiz izan zuen hainbat artikulutan (ik. gaikako aurkibidean ‘Nazioa eta klasea. nazionalismoa eta sozialismoa’ atala). Gogoeta horien kritika gaurkotu bat interesgarria litzateke, mende erdiak ematen duen distantziarekin. Nazioaren gogoeta teorikoari, berriz, ia hamarkadaro egin dio ekarpena, beti ere abstrakzioetatik aldendu eta hura historizatuz. Teorizazio hori aztertuta argitaratu nuen Jakin 233-234n ‘Joxe Azurmendiren abertzaletasun kulturala’ artikulua, gai beraren inguruko doktorego tesia oinarri duena.
Hain justu, praktika naziogileari begira egin izan du Azurmendik nazioari eta kulturari buruzko gogoeta oro, bere bizitzako hautuei zentzua emate aldera. Horren baitan ulertu behar dira, beraz, Azurmendik euskal pentsamenduaz eta historia kulturalaz egin izan dituen azterketa genealogikoak, Espainolak eta euskaldunak (1992), Pentsamenduaren historia Euskal Herrian (2020), Europa bezain zaharra (2023) edo pentsalari jakinei buruzko azterketak; guztiek dute pentsamendu eta kultura autozentratu bat sortzeko helburua, uneko Euskal Herria abiapuntu hartu eta iraganarekin nahiz nazioartearekin elkarrizketan.
Pentsamendu mailan ez ezik, Azurmendik zuzenean hartu zuen parte euskal herrigintzako hainbat eta hainbat ekimenetan. Prentsako eta aldizkarietako bere artikuluak garaian garaiko kezkei, egitasmoei, kulturgintzaren eta politikaren edo herri ekimenen eta administrazio publikoen arteko harremanei buruzko iritziz beteta daude. Etorkizuneko erronka kulturalei erantzuterako orduan, horiek errepasatzea gure iragan hurbileko esperientzietatik ikasteko modu eraginkorra izan liteke.
Gizaberea
Antropologia filosofikoko galdera klasikotik abiatuta, gizaberearen gaia bi aldetatik landu izan du Azurmendik, biak ere gaurkotasun handikoak. Gizaberearen dimentsio biologikoa eta bizitzaren zentzuari buruzkoa presente egon ziren 2019ko kongresuan, eta elkarrizketa-bide interesgarriak ireki zituzten hizlariek.
Azurmendiren obran, gizakia zer nolako animalia zen jakin nahirik idatzi ziren Gizona abere hutsa da (1975) eta Gizaberearen bakeak eta gerrak (1991). Bietan haren organismo izaera, animaliatasuna azpimarratzen da, eta haren “arimazko” edo arrazoizko alderdia ere animaliatasun horretatik eratortzen dela esango du. Orduz geroztik biologiaren filosofiak izan duen bilakaera ikusita, interesgarria litzateke Azurmendik darabiltzan erreferentzia zientifikoen gaurkotasuna kritikoki berrikustea. Zentzu horretan, Mikel Urdangarinek argitaratutako Gizaberetxoak gara (2025) erreferentzia saihestezina da, egile beraren tesiarekin batera. Era berean, interesgarria izan daiteke 2019ko kongresuko hainbat hitzaldi errepasatzea (Ion Umerez, Arantza Etxeberria eta J.I. Perez-Iglesias edo Fito Rodriguez).
Organismo huts den gizabere horrek munduari esanahia eta zentzua emateko dauzkan behar eta mekanismoak (mitoak, erlijioa, espiritualtasuna) ere presente izan ditu Azurmendik bere lanetan. Maiz idatzi du mitoen razionaltasunaz, erlijioaz eta haren kritika arinegiaz edo razionalismo estuegi baten ezintasunaz gizakia bere osotasunean azaltzeko. Azken egunak Gandiagarekin (2009) liburuan daude gogoeta horietako gehienak. Eta gogoeta horien gaineko hainbat irakurketa topatuko dira lehenengo kongresuaren hitzaldietan (ik. Jon Mentxakatorre, Maitane Nerekan eta Itsaslore Yarza edo Markos Zapiain).
Gogoeta etikoak
Azurmendiren obrako gogoeta etikoak estuki lotuta daude Euskal Herriko testuinguruari, gatazka politiko armatuari eta horren aurrean euskal eta espainiar gizartearen hainbat sektoretan hartu ziren jarrerei. Gogoeta horiek artikulu eta hitzaldi bildumetan argitaratu zituen, batez ere. Demokratak eta biolentoak (1997), Oraingo gazte eroak (1998), Euskal Herria Krisian (1999) eta Barkamena, Kondena, Tortura (2012) liburuetan jaso ziren horietako asko, eta Kongresuaren lehen edizioan ere askotan aipatu zituzten (ik. ‘Gogoeta etikoak’ ataleko ekarpenak). Gogoeta horiek hainbat mailatako ekarpenak egin zituzten bere garaian, eta alde batetik ez bada bestetik, gaur egunerako ere gako interesgarriak eskaintzen dituzte, berrirakurtzen eta egokitzen asmatuz gero. Norabide interesgarrian egindako ekarpenak lirateke horiek, inondik inora ere.
Indarkeriaren razionalitate posibleaz, horren aurkako kondenamaniaz eta auzi politikoei moralismoarekin erantzutearen ahuleziaz. Gure herriaren historia hurbilari buruz pentsatzeko markoari buruzko eztabaidagaiak izan daitezke, zentzu horretan, Azurmendiren lanok. Horrekin batera, ordea, gaur egungo gatazka politiko-militarrek zenbaitetan hartzen dituzten narratiba moralak birpentsatzeko balio dezakete: Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako erasoen ostean, Israelen erantzunaz aritzerakoan hainbat ahots palestinarrei ezarri zitzaien kondenamania da horren adibide argia.
Aro postmodernoan, balio absolutuak krisian daudenean, gizarte bizitza oinarritzeko erronkari planteamolde etiko erlatibistarekin erantzun zion Azurmendik. Etika horrek abiapuntuan jarreren razionaltasun desberdinak ametitzen ditu eta arau moralak, printzipio absolutuetatik abstraktuki eratorri beharrean, praktikaren bitartez, kulturalki, eraikitzen direla aldarrikatuko du. Are gehiago, Azurmendik demokrazia praktika pluralista horiekin lotuko du, erakundeen forma jakin batzuekin baino gehiago. Gaur egundik, galde dezakegu ikuspegi horrek ze gaurkotasun duen eta nola kokatzen den demokraziari buruzko gogoetetan eta teorizazioetan.
Pentsamendu soziala eta kooperatibismoa
Pentsamendu sozialari eta ezkerrari buruzko gogoeta ere konstante bat izan da hala Azurmendiren obran, nola Euskal Herriko eztabaidetan, hamarkada bakoitzean bere ezaugarriak hartu dituena. Garai bakoitzeko eztabaidak errepasatzeko ez ezik, orduko gogoeten gaurkotasunaz pentsatzeko aukera ona da testu horietara itzultzea.
Hasieran, 60-70eko hamarkadetako testuetan, Azurmendi gaztea marxismoa lantzen ari da, Europako ezker berriaren ildoan. Ildo honetan, bereziki interesgarria litzateke hamarkada horietan Jakinen, Anaitasunan eta Zeruko Argian argitaratutako artikulu laburrak berrikustea (ik. gaikako aurkibidean 1.2.2. ‘Ezkerra: sozialismoa, komunismoa, marxismoa’ atala). Hizkuntza, etnia, marxismoa (1971) eta Kolakowski (1972) liburuek ere ematen dute Azurmendiren garai hartako irakurketen berri. 2019ko kongresuan Inazio Aiestaranek ekarri zuen gaia, eta ildo bereko gogoetek gaurkotasun betea lukete bigarren edizioan ere.
Gizarteari buruzko pentsamenduan bada Azurmendik interes handiz landu zuen beste korronte bat ere: pertsonalismoa. Karlos Santamaria oinarri, hari buruzko liburuan, Karlos Santamariaren pentsamendua (2013), zati oso eskaintzen zaio pertsonalismoaren eta ezkerreko pentsamenduaren arteko harremanari. Zentzu berean, Rikardo Arregiri buruzko Azurmendiren lanetan ere bi korronteen arteko harremanak presente daude. Orain arte atentzio handirik jaso ez duen lan ildoa litzateke honakoa.
Pentsamendu sozialean kooperatibismoa izan da Azurmendik sakon landu duen azken ildoa. Ezagunak dira bere tesia, El hombre cooperativo. Pensamiento de Arizmendiarrieta (1984), eta Gizabere kooperatiboa (2016) liburua, eta beste hainbat azterketa (ik. gaikako aurkibidean ‘1.3.5. Jose Maria Arizmendiarrieta. Kooperatibismoa’). Gerora ere aztertu izan dira Azurmendik kooperatibismoaz esandakoak eta ekarpen interesgarria litzateke Azurmendik enpresa ereduaz harago kooperatibismoari ikusten dizkion eraldaketa sozialerako ildoak gaurkotzea.
