[Ondaretik] Euskara esanindartzeko bidean

2026-06-17 Ondaretik

Euskara esanindartzeko bidean’ izena du 2026ko Jakin Jardunaldiak, eta egun eta erdiz adierazkortasuna euskaratik lantzeko eztabaidez, gakoez eta hautuez jarduteko balioko dute. Norbere euskara hobetzeko eta gaitasun indibidualak areagotzeko baino, ereduak eta gaitasunak sortzeko eta sozializatzeko premiez eta horretarako egiturez gogoeta egiteko plaza eskainiko dute jardunaldiek. Ez dira kezka berriak jardunaldian landuko direnak, eta lehendik ere topa litezke horien printzak Jakinen ondare digitalean. Abiapuntu eta oinarri egokiak izan daitezke Usurbilgo gogoetei bide emateko.

 

Normalizatu gabearen eztabaidak

Kezkak berriak ez diren eran, jardunaldian jorratuko diren eztabaidek ere tema zaharrak dituzte oinarrian. Esanindarraren gaiak ezinbestean pizten du artifizialtasunari buruzko eztabaida oraindik, izan arroztuta dauzkagulako belarriak euskaraz dauden erregistro eta molde askotarikoetara, izan euskara bera delako arrotza hainbat gai edo testuingurutan. Halakoetan euskara estandarra izaten da jomuga maiz: plastikozkoa, gatzila, bizigabea irizten zaio.

Hain justu, Jakin 225. zenbakiak, euskara batuaren 50. urteurrenari eskainitakoak, sakoneko errepasoa egin zion hizkuntzaren estandarizazio prozesuari. Irene Arraratsen ‘Batuaz honaindikoak’ artikuluan auziari zuzenean heltzen zaio. Bere esanetan, euskararen estandarizazioa bukatuxea dago, arautzeari dagokionez; besterik da sustraiturik ote dagoen hori, erabiltzaileak eroso sentitzeraino mamituta hiztunen artean. Hau da, euskara estandarrari egotzi behar zaion artifizialtasuna, edo gure ezin subjektiboari hartaz nahi eta beharreran baliatzeko.

Urte batzuk lehenago, Jakin 204ko Egunen Gurpilean atalean, Dabid Anautek kontatzen zuen pasadizoak biraketa bera zekarren ikaskizun: entzun omen zuen Henrike Knörr “zernahi gisaz” esaten, eta nolabaiteko aire pedantea hartu; baina gero, esamolde bera emakume baserritar bati aditu eta hark pedantekeria arrastorik ez, hiztun “jator” eta “natural” eta euskalkiduna izaki. Eta horrela konturatzen gara artifizialtasuna edo naturaltasuna, jatortasuna nahi bada, oso gauza psikologikoak eta pertzepzioari lotuak direla. Subjektiboak, baina ez banakoaren araberakoak, arbitrarioak. Jatorra zeri irizten zaion –bai positiboki, haren alde egiteko; baina erreferentzia negatibo gisa ere, kontra egiteko– horra koxka. Anautek dioen bezala, jatorrismo estu batek euskaldunen multzo handi bat kanpora utzi baitezake (euskalki gabea, euskara eskolan ikasi duena); baina Arraratsek gogoratu bezala, jatortasunaren izenean ere euskararekiko aurreiritzi ugari barreiatzen baitira haren tradizio aberatsa ahultzen dutenak:

Euskarari egiten zaizkion es kakizunetan bat gailentzen da nabarmen, bere bakanean eta xelebrean: naturaltasunaren izenean (!) bazter ditzala bere tradizio berez koskorrean landu dituen estrategia komunikatiboak oro, eta lehenets ditzala aspalditik sustraituriko aurreiritzi linguistiko batzuk. Hona hemen klasikoetan klasikoenetako batzuk, aldi eta alde guztietako ebidentzia ahozko eta idatzizkoen kontrakoak, baina mila bider errepikatuak: aditza atzean doa euskaraz; zeren, non, zein, ezen eta halakoak ez dira euskara, ez zaizkit gustatzen, inork ez du halakorik esaten, eta hori erabiltzea zatarra da; halako hitza ez da euskara, nola izango da ba, erdaraz ere hala esaten da-eta; esaldi laburrak baino ezin dira egin euskaraz; komek traba egiten dute; euskaraz ez dago biraorik…

Normalizazio bideak

Euskararen minorizazioa norma denean, natural(izatu)ak minorizazio hori erreproduzitzen du. Horrek ez du esan nahi euskararen tradizioa arbuiatu behar denik, ezpada ahaztu ezineko jomuga dela gaur egun natural ez dena noizpait normalizatu beharra. Ezinbesteko tresna bat da horretarako Arraratsek behin eta berriro aipatzen duen “erresonantzia-kutxa”, hizkuntza eredu askotariko eta adierazkorrak –euskal hitzak, hizkerak, esamolde zahar eta berriak– han-hemen barreiatu eta hiztunei, esan eta esan, errepika, eta errepika eta errepika, naturalizatuko dizkiena.

Jardunaldian egitasmo horretan urte luzez aritu diren hainbatek hartuko dute parte (Kike Amonarriz, Julia Marin), baita egun proposamenak sortzen ari diren kulturgile ugari ere (Miren Amuriza, Iratxe Retolaza, Danele Sarriugarte, Garazi Arrula, Gorka Bereziartua). Proposamen zoliz betea egonagatik, ordea, egiturazko ahultasuna nabari zaio euskarazko erresonantzia-kutxa horri. Lander Arretxeak ikus-entzunezkoak sortzerakoan jasaten zituen buruhausteak jaso zituen ‘(E)zinezko misio bat’ artikuluan, euskara ereduekin asmatzeko presio eta zalantzak aipatuz, baina apustu sendo eta epe luzeko baten falta ere azpimarratuz. Kutxa hori indartzea eta kultur-molde berrietarako egokitzea da adierazkortasuna euskaratik irabazteko ezinbesteko zeregina; hasi ikus-entzunezko formatu zahar eta berri gehiago, kultur zirkuitu sarri eta bizia, eta hizkuntza teknologia berrien erabilera burutsua. Eta hori, kulturgile onez gain, hizkuntza eta kultur politika sendoekin egiten dela gogoratzen digu Irene Arraratsek:

Zenbat euskal telebista behar dira euskarazko esamolde berri baina hala ere burujabe bat zabaldu dadin hiztun-komunitatean? Nork egingo du erresonantzia-kaxak gure ordez egiten ez duena? Hizkuntza-politikek erresonantzia-kaxa indartzeko egiten ez dutena hiztun soilak egin behar du, militantziaz, atxikimendu sentimentalez?

Batzuetan, horixe bakarrik geratzen da, ordea. Militantziak eta mugimendu sozialek maiz sostengatu dutelako euskararen aldeko lana. Horren adibide da Amaia Alvarez Uriak eta June Fernandezek sortutako Mariokerrak. Nola esan-izan bollera euskaraz (Txalaparta, 2023). Komunitate bolleroan euskarak hartu zuen garrantzia militantetik egindako irekidura, tradiziotik, asmaziotik eta komunitatetik edanda euskaldunei LGTBIQ+ ugari izendatzeko bide berriak ekarri zituzten egileek. Alvarezek Jakin 253an emaitza horren barrunbeak kontatu zituen, ‘«Euskal bolloen» intersekzioetan barrena’ testuarekin.

 

Zer eduki nahiko genukeen eta zer den onargarria

Bi galdera horiek eginez bukatzen du Anautek bere Egunen Gurpilean saileko testua. Eta sinpleak, begibistakoak eta oinarrizkoak izanagatik esku-eskura datozelako nabarmentzen ditugu. Lagundu egiten dute, adierazkortasunaren gaia jorratzerakoan ere, urruneko helburuak, tarteko helmugak eta ekidin nahi diren bideak zehazten.

Hiztunen gaitasunetara mugatuz, corpusaren eta estatusaren kontuak une batez utzita, denok bat egingo ote dugu esatean,

euskaldun osoak eta erosoak nahi ditugula, euskaraz normal eta natural ariko direnak, hizkuntzari buruzko gogoeta etengabean ari gabe euskara erabiltzen utziko ligukeen egoera batean. Hiztun guztiak jator, adierazkor, hizketan sufritu gabe, erregistro guztien jabe. Nor bere hizkuntza jarioarekin arrastaka ari gabe eta are gozatuz ariko diren hiztunak, eta hurkoarenarekin ere sufrituko ez dutenak.

Helburu hori onartuta, horra iristeko bidean agertzen diren dilemei heltzeko galdera litzateke bigarrena: euskañol eta frantseuskararen polemiketan (noiz, non eta zeren ondorio gisa, onargarri), tradizio emankorraren aldarrikapenean, hizkuntza-jardun eta hiztun koreografia berrietan, erreferente sozialen jendaurreko jardunetan, banakoen bizkar jartzen diren zereginetan eta hizkuntza eta kultur politiketan.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan