[222 esaldi] Teresa Maldonado

2026-03-31 222 esaldi

«Arrazoimenaren erabilera publikoa da, benetan, egin ahal dugun gutxiena pentsamendu kritikoaren alde».

Maldonado, Teresa (2022). ‘Pentsamendu kritikoa irakasgai?‘. Artikulu digitala. 2022-10-05.

Teresa Maldonado Barahona (Bilbo, 1966). Filosofian lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean, eta DEA (Ikasketa Aurreratuen Diploma, gaztelaniazko siglen arabera) lortu zuen laikotasunari buruzko lan batekin (UNED, 2008). Filosofia eta Etika irakaslea bigarren hezkuntzan. Artikuluak argitaratu ohi ditu prentsa orokorrean, hedabide feministetan, aldizkari espezializatuetan eta liburu kolektiboetan. Hablemos claro. Retórica y uso del lenguaje en el feminismo liburuaren egilea da (Catarata, 2021). Teoria Feministari eta Filosofia Politikoari buruzko irakaskuntza eman du hainbat master eta graduondotan. Feminismoarekin edota laikotasunarekin lotutako gaiei buruzko mahai-inguruetan eta eztabaidetan parte hartzen du maiz. Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sarearekin kolaboratzen du teoria feministari buruzko ikastaroak ematen. FeministAlde eta Hezkuntza Laikoa elkarteetako partaidea da.

Liburuxkako aipua Teresa Maldonadok 2022ko urrian Jakinen webgunean argitaratu zuen ‘Pentsamendu kritikoa irakasgai?‘ artikulu digitaletik dago aterata. Pentsamendu kritikoa ikasgai gisa planteatzeak sortzen dizkion gogoetak biltzen ditu testuan. Adierazten duenez, ikasgaien zerrendan pentsamendu kritikoa sartzea «kategoria-errore» bat da; izan ere, «pentsamendu kritikoa ikasgai baten kutxatxoan harrapatu nahi izateak ezarritako pentsamendu bihurtzea baino ezin du eragin». Maldonadoren arabera, pentsamendu kritikoa «ahalegin handi eta jarraitu baten emaitza da, inoiz ez erabat lortutakoa». Eta argi du ezin dela gai bihurtu, «behar lukeena izateari uztearen trukean baino: animatu, eragin, bilatu, estimulatu daitekeen jarrera edo joera bat».

Zeresana eman zuen testuak, eta Maldonadori erantzunez, Imanol Alvarez Uriak ‘Pentsamendu kritikoa irakasgai. Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa irakas-gai‘ artikulu digitala argitaratu zuen Jakinen. Eztabaida horretan sortutako korapiloak askatzeko asmoz, ‘Pentsamendu Kritikoaz solasean, korapiloak askatu nahian‘ artikuluarekin erantzun zion Maldonadok Alvarezi.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan