Errose Bustintzaren ekarpena oso lotuta dago bere idazle lanari, batez ere bere testuen bitartez iritsi baitzaigu haren eragina. Herrietako kroniken generoa ia hamar urtez landu zuen Euzkadi aldizkari abertzalean, eta bera izan zen urte horietan guztietan kolaboratzailerik sarrienetakoa. Mañaria herriari buruzko gertakariak eta iritzi testu laburrak idatzi ohi zituen kazetari moduan.
Kronikez gain, literatur lanak ere eskaini zituen bere bizitzan zehar. Zenbait olerki argitaratu zituen, horietako gehienak ere Euzkadi aldizkarian, baina baita garaiko beste zenbait agerkaritan ere. Bere poemetatik hiru Santi Onaindiaren Milla euskal-olerki eder bilduman agertu ziren gero. Sehaska kantak, poema erlijiosoak eta herri girokoak izan ziren, batik bat, Bustintzaren lanak olerkigintzan.
Ipuingile gisa da, ordea, euskal literaturan ezagun. Euzkadi-n bertan, gerra garaiko Euzko-Enda-n eta beste zenbait aldizkaritan argitaratu zituen batez ere, eta gero, kontakizun horietako gehienak Ipuiñak izeneko bilduma liburuan berrargitaratu ziren. Bustintzaren ipuingintza ere, nagusiki, herri gaietan oinarrituta dago, jaioterri inguruan adinekoei entzundako kontakizunak jaso eta horietatik abiatuta idatzi ohi baitzituen bere alegiazko ipuinak. Folklore biltzaile ere izan zen, hortaz, nahiz eta Joxemiel Barandiaranek edo Maddi Ariztiak garai berean egin zituzten ikerketa etnografikoak baino lan literarioagoak argitaratu normalki.
Azken batean, Bustintza Euskal Pizkundeko idazle belaunaldiaren kide da. Indartzen ari zen euskarazko aldizkarigintzan kronikak, ipuinak eta olerkiak idatzi zituen abertzaletasun jeltzalearen baitan. Pentsamendu horren ildotik, Emakume Abertzale Batzak hartu zuen eginkizunetako bat betetzen du, batez ere, haren lanak: herri kulturaren eta folklorearen transmisioa.