2025-10-03 Albisteak
100 urte bete ditu aurten Xabiertxo liburuak, eta lehen argitalpenaren mendeurrena ospatzeko, Xabiertxok 100 urte. Mundua euskaratik landuz lelodun jardunaldia egin genuen atzo Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkartearekin eta Tolosako Udalarekin elkarlanean.
Ikasliburuak egindako ekarpenari eta Ixaka Lopez-Mendizabal egileari aitortza egiteko eguna izan zen atzo. Izan ere, umeak euskaraz hezteko argitaratu zen lehen testuliburua izan zen Xabiertxo. Hala, Haritz Azurmendi Arrue Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren egile eta Jakinkideak, Cira Crespo Cabillo historialariak eta Koldo Ordozgoiti Juanenea kazetari eta ikertzaileak hainbat ardatzetatik heldu zioten Xabiertxo argitaratu zen garaiko testuinguru historikoari. Bitartean, hitzaldian landutako gaiak oinarri hartuta, aldibereko hiru marrazki egiten aritu zen Kepa Etxeberria Lopez-Mendizabal.
Besteak beste, Tolosaldean XX. mendean zegoen ekosistema euskaltzaleari erreparatu zioten hitzaldian. Hezkuntza mugimendua nazio mailan egituratzen hasten den momentuan kokatzen da Xabiertxo. Hasiera horretan, ez zegoen euskarazko material didaktikorik euskarazko irakaskuntzan, eta behar horri erantzun zion Lopez-Mendizabalen testuliburuak. Beharrei erantzuteaz gain, eragin ere egin zituen behar batzuk liburuak: euskarazko eskola gehiago behar zirela azaleratu zuen, hain zuzen. Horiek horrela, Xabiertxo Ixaka Lopez-Mendizabalek Euskal Pizkundearen hezkuntzako ildoari egindako ekarpenetako bat dela esan daiteke, proiektu kultural oso baten emaitza baita, bere helburu, sare antolatu, hautu ideologiko eta estrategia kultural propioekin.
Garai hartako euskal emakumeak ere izan zituzten hizpide, eta Crespo Cabilloren arabera, “ezin da testuinguru horretaz hitz egin Emakume Abertzale Batza aipatu gabe”. Besteak beste, 1979an Goiz Argi aldizkarian Elbira Zipitriari egin zioten elkarrizketa ekarri zuten gogora. Izan ere, Xabiertxori buruz hitz egin zuen bertan, baita frankismo garaian egin zen argitalpenean Emakume Abertzale Batzak izan zuen garrantziaz.
Ikasliburuaren ibilbide historikoari ere erreparatu zioten, eta Ordozgoiti Juaneneak “euskal kulturaren fenix hegaztiarekin” alderatu zuen Xabiertxo. Izan ere, 11 edizio izan ditu liburuak, eta jakin izan du garaian garaiako erronkei aurre egiten. Hala, 1923an hasi ziren testuliburua sortzen, eta 1925ean argitaratu zuten lehenengoz, “mundua eta Euskal Herria bere garaian benetan modernoa zen pentsamolde batetik”. Bigarren edizioa 1932an egin zuten, eta bederatzi urte geroago hirugarrena, 1941an. Argentinan egin zuten hori, zuri-beltzean eta atalka, Euzko Deya aldizkarian. Izan ere, Ixaka Lopez Mendizabal Argentinara joan zen 1938an, Eusko Jaurlaritzako Delegazioko kide gisa, eta, beraz, Xabiertxok Argentinarako bidea Lopez Mendizabalekin batera egin zuela esan dezakegu. Bi urte beranduago iritsi zen laugarren edizioa, hau ere Argentinan, baina liburu formatuan. Bosgarren edizioa klandestinoa izan zen, eta Maritxu Barriolak egin zuen, Donostian, 1951n. 1959an iritsi zen hurrengoa: Karmel aldizkarian argitaratu zen atalka, zentsura saihesteko estrategia gisa. Zazpigarren edizioa 1965ean egin zuten: bizkaieraz izan zen hau, eta Bilbon egin zuten, Santi Onaindia Basetaren egokitzapenarekin. 1966an itzuli zen Lopez Mendizabal Euskal Herrira, eta Xabiertxoren hurrengo hiru edizioak bere argitaletxean egin ziren: 1967an, 1970ean eta 1979an. Xabiertxoren azken argitalpena 2003an egin zen.

Atzera ez ezik, orainaldiari eta etorkizunari ere erreparatu zioten atzo Galder Gonzalez Larrañaga Ikusgela proiektuko kideak, Iratxe Retolaza Gutierrez ikertzaile eta Euskal Curriculumean adituak eta Josune Zabala Alberdi Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuko zuzendariak, Ane Zuazubiskar Iñarrak gidatuta. Hala, mundua euskaratik lantzeko erronkez eta beharrez aritu ziren, eta nabarmendu zuten, besteak beste, material didaktikoak “mundua sortzeko tresna” direla, eta idatzizkoaz eta ahozkoaz gain, badaudela landu behar diren beste komunikazio mota batzuk. Horrez gain, “kultura unibertsaletik kanpo” dagoen ikuspegi integral bat sortzeko eta gaur egungo materialetan erreferente edota erreferentzia partekatuak ezartzeko beharraz aritu ziren.
Fikzio ariketa bat ere egin zuten hizlariek, eta irudikatu zer izango litzatekeen gaur egun Xabiertxo egitea. Hala, Retolaza Gutierrezen arabera, gaur egungo Xabiertxo oinarrian hiru ardatz dituen material bat izango litzateke: pedagogia dekoloniala, pedagogia feministak eta alfabetatze kultural kritikoa landuko lituzkeena. Ez hori bakarrik, Gonzalez Larrañagaren ustez, umeak bizi diren lekuari buruz hitz egin beharko luke material horrek, eta ezingo litzateke egin idealizatutako euskaldun batetik: urbanoa den zerbait erakutsi beharko luke. Horrekin batera, hezkuntza komunitate bat sortzeak duen erronkan jarri zuen fokua Zabala Alberdik.
Goizean zehar landutako gai guztiak bildu zituzten bertsotan Uxue Alberdi Estibaritzek eta Oihana Iguaranek, jardunaldiari amaiera emanez.





