Historia eta ekarpena

Emakume Abertzale Batza (EAB) emakume jeltzaleen elkarte izateko sortu zen 1922an Bilbon. «Jaun-goikoa eta Lagi-Zarra» (JEL) eta euskara zituzten helburu; gizonezkoek gidaturiko lanaren mendeko ikusten zuten beren egitekoa, eta hala sortu ziren; baina mendeko izatetik osagarri izateko aldarrikapena egin ere egin zuten, baita aberrigintzan parekotasunean jardutearena ere. Euren garaiko alabak izanik ere, arrakalak ireki zituzten ideologia jeltzalean emakumeek euren lekua izan zezaten etxetik kanpo.

Emakume abertzaleen antolakundea sortzeko lehen aldarriak XX. mende hasieran egin ziren, 1907an Rakel de Alda Kataliñ gazteak emakumeen erakunde nazionalista bat aldarrikatu zuenean. Kataliñen asmoetatik aparte, kutsu politikorik gabeko Ropero Vasco elkartea izan zen, ordea, garaiko emakume jeltzaleek elkartzeko izan zuten bidea. Libe-k (Victoriana Larrinagaren ustezko ezizena) bultzatuta, ongintzara emana jardun zuek elkarteak, horixe baitzen garai hartan emakumeei zegokien eragiteko lekua jeltzaleen ohiko ikuspegian.

Hala ere, urte horietan areagotu egin zen emakumezkoen presentzia eremu publikoan: gero eta emakume gehiago hasi zen garaiko prentsan idazten, euskara zabaltzeko lanean edo ideologia jeltzale berrian emakumeak izan behar zuen lekuari buruzko liburuak idazten. Horrela, EAB sortu zenerako, Tene Muxikaren edo Karmele Erraztiren sinadurak ohikoak ziren euskarazko letretan. Era berean, Lehen Mundu Gerraren inguruan indartu zen emakumeek botoa emateko eta jarduera politikoan parte hartzeko eskubidea zeukatelako aldarria.

Testuinguru horretan heldu zen Ambrose V. Martin O’Daly irlandarrak 1922ko apirilean eman zuen hitzaldia, Bilbon. EAB sortzeko falta zen txinparta ekarri zuen hitzaldi hark, Irlandan emakume nazionalistek zeukaten Cumann na mBan erakundearen berri eman baitzuen. Handik gutxira, 1922ko maiatzaren 7an eratu zen emakume jeltzaleen erakundea, Juventud Vasca-ren egoitzan egindako batzarrean.

Lehen aldi hartan, 1923ra arte iraun zuen EABk, harik eta Primo de Riveraren diktadurak erakunde nazionalista oro jazarri zuen arte. Batez ere Bilbon jardun zuen, eta, orokorrean, familia abertzaleetako kideak izan ziren partaide. Politikan gizonen itzalean jardun zuten hasiera hartan, propaganda ekintzak eginez gizonezkoenak ez ziren eremuetan, ongintzan, adibidez. Baina, horretaz gain, hezkuntzaren arloan ere jardun zuten orduko emakumeek, asko eta asko irakasle ikasketak egindakoak baitziren. Bizkaiko Aldundiak sortutako auzo-ikastoletan ikuspegi pedagogiko aurrerakoiak eta euskarazko irakaskuntza txertatzeko lan egin zuten.

EABren bigarren aldia 30eko hamarkadan etorri zen, Primo de Riveraren diktaduraren amaierarekin eta II. Errepublikarekin. Errepublikak haize berria ekarri zuen emakumeentzat, besteak beste oinarrizko eskubide politiko bat aitortu baitzitzaien: bozkatzeko eta bozkatuak izateko eskubidea. Horrek jeltzaleen baitan ere beste leku bat eman zien EABko kideei. Esaterako, mitin politikoetan parte hartzen hasi ziren gizonezkoekin batera, EAJk emakumeentzat zeukan mezua hedatzeko bereziki. Horrekin batera, lehen baino sarriago hasi ziren EABko kideak egunkarietan artikulu politikoak idazten.

Behin jarduera politiko abertzalea legeztatuta, emakumeek ere garai horretan ekin zioten antolakuntza politikoari. 1922-1923 bitartean EAB Bilbo inguruan antolatu bazen, 30eko hamarkadan Hego Euskal Herri osoan zehar osatu ziren taldeak. Eta EABren herrikako eta herrialdekako taldeez gain, sektoreka antolatzen ere lagundu zuten, Euzko Ikastola Batzarekin (irakasle jeltzaleen erakundea), adibidez.

Hain justu, euskarazko irakaskuntza oinarritzeko eta irakaskuntza-eredu aurrerakoiekin lotzeko egin zuten lan hezkuntzan, besteak beste Maria Montessori pedagogo berritzailearen irakaspenak txertatuz. Horretaz gain, EABk bere gain hartu zuen hurrengo belaunaldiei euskara eta euskal kultura transmititzea. Horregatik jo zuten hainbat eta hainbat kidek ipuin zaharrak bildu eta moldatzera nahiz idazki berriak osatzera.

Izan ere, EABren helburua emakume jeltzaleak biltzea zen, abertzaletasunari zegokien ekarpena egin zezaten. Emakumeak eremu pribatutik atera eta gizarte modernoak eskaintzen zituen esparruetan jardutea nahi izan zuen: kazetaritzan, politikan, irratigintzan, hezkuntzan, literaturan... Emakumeentzat espazio berriak ireki zituzten, euren jardun modernoaren eta eurena zuten ideologia jeltzale tradiziozalearen arteko tentsioan: emakumeari tradizioz lotzen zitzaizkion kulturaren eta hizkuntzaren transmisio eta aberkideen heziketa mantenduz, baina etxetik kalera, eremu publikora ateraz.

Elkartearen indarrak zabalduta, Espainiako gerra piztu zen eta frankistek gogor zapaldu zituzten. Gerra ondoren, kide asko erbesteratu egin ziren eta euskal errefuxiatuei eman beharreko laguntza prestatu zuten. Abertzaletasun jeltzalearen adar guztiek bezala jasan zuten kolpea, baina baita erbestean berrantolatu ere.

Oroz gain, ordea, EABren distira gerraurreko garaian abertzaletasun tradizionalean ireki zituen arrakalek indartzen dute. Bide berri bat abiatu zuten, ordura arteko emakumeek sekula egin gabea. Espazio berri bat irabazi, gizonen eremura igaro. Hortik, emaitza kuantitatiboa gorabehera (eta ez zen txikia izan), emaitzaren kualitatibotasuna da garrantzia hartzen duena: hau da, garaiko egoera soziopolitiko eta kulturalean ekarri zuen berrikuntza. Hortik dator emakume horien ekarpenaren esangura.

igoEdukieraren hasierara joan