Emakume idazleak eta kultur ikasketak, Udako Ikastaroetan

Jakineko kideek hizlari eta antolatzaile gisa hartuko dute parte ikastaroetan.

2026-05-21 Albisteak

23 jardunaldi eta ikastaro egingo dira aurten Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Udako Ikastaroetan, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko asmoz. Asko dira ekainaren 11tik uztailaren 10era bitarte landuko diren gaiak, baita ikastaroetan parte hartuko duten hizlariak ere.

Esate baterako, UEUrekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean, Jakin Jardunaldia egingo dugu ekainaren 18an eta 19an, Usurbilen. Baina Udako Ikastaroetan izango dugun parte hartzea ez da horretara soilik mugatuko, eta antolatzaile ez ezik, hizlari ere izango dira Jakineko kideak. Ekainaren 25ean, adibidez, Stuart Hall gure garaia irakurtzen. Euskal Herriko Kultur Ikasketa Garaikideetarako Zentro baten bila ikastaroan hartuko dute parte Lorea Agirre Jakineko zuzendariak eta Haritz Azurmendi Jakineko kideak. Hallen pentsamendua ezagutzeko, Hall Euskal Herrira eta gure garaira ekartzeko, eta Hallen lana egungo beste pentsalari batzuekin elkarrizketan jartzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Ekainaren 29an eta 30ean, aldiz, XX. mendeko euskal emakume idazleak izango dituzte hizpide Eibarren, XX. mendeko euskal plazandreak: etendako loraldia ikastaroan. Amaia Alvarez Uria eta Cira Crespo Cabillo Jakineko kontseilu editorialeko kidea dira antolatzaileak. XX. mendearen hasierako Euskal Pizkundeko emakumeen inguruan dago ardaztuta ikastaroa, «garai hartako emakume ekintzaileen bizitzak eta lanak berreskuratzeko eta balioesteko» helburuarekin. Emakume Abertzale Batza izango dute, beraz, aztergai. Horren harita, gogoratu EABko bederatzi kideren  –Julene Azpeitia, Errose Bustintza, Karmele Errazti, Miren Etxabe, Julia Fernandez Zabaleta, Tene Muxika, Polixene Trabudua, Sorne Untzueta eta Elbire Zipitria– idazlan argitaratu guztiak katalogatuta eta digitalizatuta ditugula Digitalizazioa atalean; 1.292 testu guztira.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan