HamaikaTB

Elhuyarren ‘Leiho morea’ egitasmoan hartu du parte Jakinek

Feminismoarekin lotutako euskarazko edukiak biltzen dituen ataria aurkeztu du Elhuyarrek, eta Jakinek ere jarri du bere alea proiektuan.

2026-01-13 Albisteak

Leiho morea webgunea aurkeztu du gaur Elhuyarrek, feminismoarekin lotutako euskarazko edukiak biltzen dituen ataria. Feminismoari eta munduari feminismotik begiratzeko aukera ematen duen kontsulta-baliabidea da Leiho morea, eta hiztegi terminologikoa eta idatzizko zein ikus-entzunezko edukiak eskaintzen ditu. Edukiak ditu oinarrian atariak, eta horien bilduma osatzen lagundu du Jakinek. Izan ere, urteak daramatza Jakinek feminismoa eta pentsalari feministen lana euskaratik lantzen, baita itzulpenen bitartez hori euskarara ekartzen ere. Leiho morea egitasmoak kontzeptualizazio eta terminologia lan hori baliatzea erraztuko die ikertzaileei, eta bide horretan ekarpena egin nahi izan du Jakinek bere hainbat lan partekatuz.

Proiektuaren bidez, feminismoarekin lotutako kontzeptuak ulertzeko eta diskurtsoak sortu, garatu, itzuli eta ikertzeko tresnak jarri dituzte eskuragarri. Hala, hiztegiarekin terminoen baliokideak aurkitu daitezke beste hizkuntza batzuetan, eta idatzizko eta ikus-entzunezko edukiekin termino zehatz bat euskaraz sortutako zer edukitan eta nola erabili den kontsultatu. Azken atal hori, gainera, ikerketa-lanak egiteko ere erabil daiteke.

EHUren Berdintasunerako Zuzendaritza eta Deustuko Unibertsitatea dira egitasmoaren babesle nagusiak, eta EIZIE elkartearen eta EHUren Euskara Institutuaren laguntza ere izan dute. Horiez gain, badira beste modu batzuetara lagundu duten sortzaile eta eragileak, edukiak proiektuaren esku jarri dituztenak: obra idatzien egile, itzultzaile eta ikus-entzunezko edukien sortzaileak eta argitaletxe, hedabide eta bestelako elkarteak. Hain zuzen, horien artean aurkitzen da Jakin, honako lan hauekin:

 

Aldizkaria

Maitasuna politikoa da (Jakin 233-234)

Hizkuntza, generoa, klasea eta jatorria elkargunean (Jakin 221-222)

 

Jakin irakurgaiak bilduma

Simone de Beauvoir, norbanakoa eta burujabetza. Mikel Urdangarin Irastorza (2021)

 

Aleka bilduma

Nik sinesten dizut. Bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua. Samara Velte (2019)

Alardeak. Ukatutako plazara. Maite Asensio Lozano, Arantxa Iraola Alkorta (2018)

 

Eskafandra bilduma

Feminismo zuriaren aurka. Rafia Zakaria (2023; itz.: Amaia Apalauza)

Maskulinitateak. R. W. Connell (2020; itz.: Ane Garcia Lopez)

Bigarren sexua. Simone de Beauvoir (2019; itz.: Irene Arrarats Lizeaga)

Kontratu sexuala. Carole Pateman (2018; itz.: Maialen Berasategi)

Genero nahasmendua. Judith Butler (2018; itz.: Ana Isabel Morales)

Caliban eta sorgina: emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa. Silvia Federici (2017; itz.: Edurne Lazkano Ibarbia, Aitor Arruti Rezabal)

King Kong teoria. Virginia Despentes (2017; itz.: Itziar Diez de Ultzurrun)

Emakumeak, arraza eta klaseak. Angela Davis (2016; itz.: Danele Sarriugarte Mochales)

 

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan