2022-10-05 Artikuluak
Lagun batek pozaren pozez kontatu zidan aurrekoan alaba ikasturte honetan Pentsamendu Kritiko eta Autonomoa izeneko ikasgaian matrikulatu dela, DBHko 3. mailan. Filosofia irakaslea naizela Bigarren Hezkuntzan eta filosofia izugarri gustuko dudala dakienez, konplizitatez begiratu zidan, zorionak emango nizkiola suposatuz, nik uste. Baina ez nion zorionik eman, izorratzaile puska. «Pentsamendu kritiko eta autonomoko ikasgaia?», galdetu nion, ordea, sinesgaitz eta harritu samar.
Irratsaio batean Javier del Pino kazetariak psikologo bati egindako elkarrizketa ipini berri dute, unibertsitatean Pentsamendu Kritikoa ikasgaia ematen baitu. Elkarrizketatuak zein elkarrizketatzaileak azpimarratu dute, arrazoi onak emanda, gaur egun pentsamendu kritikoa garatzea zein komenigarria den. Eta nik, berriz ere, galdera berarekin, orain nire baitarako: pentsamendu kritiko izeneko ikasgai bat? Ezin dut elkarrizketa osorik entzun, baina galdera bueltaka geratzen zait buruan. Eta beste batzuk ere datoz berehala: zergatik ez zait egokia iruditzen izen hori duen irakasgai bat egotea? Ala nire objekzio amorfoa eta zehaztugabea ote da desegokia dena? Ez al gaude denok pentsamendu kritikoaren oso alde? Bada, ea hori den arazoa. Goazen zatika.