[222 esaldi] Garbiñe Ubeda

2026-06-02 222 esaldi

«Indarkeria linguistikoaz ari bagara, eskubideen paradoxa du ezaugarri nagusia: guztiena bermatzeko, batzuena ukatu behar».

Ubeda, Garbiñe (2016). ‘Memoria zulatuak, memoria hesituak, memoria ukatuak‘. Jakin 217, 15-30

Garbiñe Ubeda Goikoetxea (Ibarra, 1967). Grafista, idazle eta kazetaria da. Saiakerak, eleberriak, komikiak eta kronika liburuak argitaratu ditu; besteak beste, Negu Gorriak. Ideia zabaldu Tour (1995, Susa), Mila ezker (2009, Susa), Hobe isilik (2013, Elkar), Asteburu zuri bat (2018, Farmazia beltza), edota Maurizia, biziminaren hotsa (2025, Ikastolen Elkartea eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartea). Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza liburua argitaratu zuen 2025ean, Jakinek, Elkarrek eta Berriak elkarlanean egiten dugun Aleka bilduman. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria izan zen 2018tik 2022ra. Gaur egun, Berria egunkariko Kultura sailean dihardu.

2016. urteko kultur balantzea biltzen du Jakin aldizkariaren 217. zenbakiak. Urteak emandakoari hainbat adarretatik heldu zioten 20 kulturgilek, idatziz eta irudiz. Zenbaki horretan aurkitzen da Garbiñe Ubedaren ‘Memoria zulatuak, memoria hesituak, memoria ukatuak‘ artikulua, eta bertatik dago aterata liburuxkako aipua. Memoriaren gaineko gogoeta egiten du Ubedak artikuluan, Memoria Historikoak azken urteotan hartu duen protagonismotik abiatuta.

Ubedaren iritziz, 2016. urtearen balantzean «airosoen» astindu den hitza izan da Memoria. Idazle eta grafistaren hitzetan, memoria ukatu baten historia ez ofiziala da gurea: herriarena, hizkuntzarena, nortasunarena. Hala, azaltzen du 80 urtez honantz datorren Memoria «duintzeko» urratsak eman ditugula, eta batez ere, ulertzen hasi garela Memoria ez dela «familia istorio partikular eta negargarrien sorta»; historiari irrist egiten dioten lerroak baizik. Hala, «amnesia behartuaren aurkako ariketa publikoa ez ezik, iraganaren kontzientzia justua» ere badela aldarrikatzen du. «Memoria ez baita mendekua, herraren aurkako antidotoa baizik. Errespeturako eta Bakerako bidea baizik».

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan