2026-04-17 Albisteak
Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearekin elkarlanean, HEFAn Dabilen Pentsamendua zikloko hirugarren eta azken mahai ingurua egingo dugu apirilaren 30ean, 12:30ean, HEFA II-ko 2.5 gelan (Donostia).
Kultura eta hezkuntza harilkatuko dituzte Olatz Osak, Maialen Akizuk eta Onintza Odriozolak, Beñat Sarasolak gidatuta. Hiru hizlariak arituak dira hezkuntzaren eta kulturaren inguruan pentsatzen. Alde batetik, Osa Pedagogian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat urtez egin zuen lan EKBn, eta urtebetez Donostiako Ilazki euskaltegiaren zuzendaria izan zen. Hamar urtetik gora dira Elkar argitaletxean lanean hasi zenetik. Elkar argitaletxeko zuzendaria da gaur egun.
Bestetik, Akizu bertsolaria eta idazlea da. Soziologia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren graduondokoa egin zuen Mondragon Unibertsitatean, eta Subiranotasuna Europako Herrietan masterra eta Feminismoa eta Genero Ikasketak masterra egin zituen EHUn. Kulturgintzan kulturgile moduan aritzeaz gain, kulturgintzaren inguruko hausnarketa eta teoriak ere ikertzen ditu. Jakin-en kolaboratzaile izan zen 2021-2023 urteen artean, Egunen gurpilean saileko Kultura atalean.
Azkenik, Odriozolak Historia eta Kultur Ondarea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Soziologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Gizarte Zientzien Didaktika Saileko irakaslea da eta Parte Hartuz ikerketa taldeko ikertzailea. Bere ikerketa lerro nagusiak hauek dira: nazio mugimenduak, nazionalismoetan hizkuntzak duen funtzioa eta emakumeen parte hartzea.
Zikloaren asmoa da gizartean puri-purian dauden auzi eta kezkak mahaigaineratzea eta horiei buruzko eztabaidak sortzea, filosofiatik, antropologiatik eta hezkuntzatik hausnartuz. Hala, lehenengo jardunaldia filosofiari buruzkoa izan zen. Alba Garmendia Castañosek, Iñigo Martinez Peñak eta Agustin Arrieta Urtizbereak utopiak eta distopiak izan zituzten hizpide abenduaren 18an, Beñat Sarasolak gidatuta. Martxoaren 26an, bigarren mahai inguruan, tradizioaren mamiaz eta azalaz aritu ziren Aitzpea Leizaola, Kepa Matxain eta Itziar Navarro, Haritz Azurmendi Jakineko kideak gidatuta.