Hezkuntzak bakarrik ezin duenean: Kultur transmisioaren erronkak, ‘HEFAn dabilen pentsamendua’ zikloan

Kultura eta hezkuntza harilkatu zituzten Olatz Osak, Maialen Akizuk eta Onintza Odriozolak, ‘HEFAn dabilen pentsamendua’ zikloaren azken mahai inguruan.

2026-07-29 Albisteak

Gizartean puri-purian dauden auzi eta kezkak mahaigaineratzea eta horiei buruzko eztabaidak sortzea izan da Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearekin elkarlanean egin dugun HEFAn Dabilen Pentsamendua zikloaren helburu nagusia. Filosofiatik, antropologiatik eta hezkuntzatik hausnartu dute hainbat adituk hiru saiotan zehar, eta hezkuntzaren eta kulturaren arteko mugak eta hartu-emanak aztertuz itxi zuten zikloa, apirilean.

Kultur transmisioaren auzia pil-pilean dagoen honetan, Eskolaren kulturgintza, kulturgintzaren eskola izenburupean elkartu ziren Maialen Akizu, Onintza Odriozola eta Olatz Osa, Beñat Sarasolak gidatuta. Hiru hizlariak Hezkuntza Legearen argi-itzalak, bilakaera historikoa eta katebegi ezberdinen arteko elkarlanaren beharraz aritu ziren, eta, bakoitzak bere begiradatik, kultur transmisioak gaur egun dituen erronka nagusiak aztertu zituzten.

Hezkuntza Legea eta transmisioaren ahultzea

Gaur egungo hezkuntza eredua ulertzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legearen zirriborroaz egindako azterketan oinarritu zen Maialen Akizu. Dena den, transmisioaren krisia berria ez dela gogorarazi zuen, historikoki beti egon baita kulturaren edo hizkuntzaren galerarekiko kezka: «Problema hori bazegoen, izango da eta jarraituko du».

2023an aztertu zuen Akizuk Hezkuntza Legea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege aurreproiektuaren zirriborroa: begirada soziologiko eta kultural bat lanean ateratako ondorio nagusiak aurkeztu zituen mahai inguruan. Azaldu zuenez, lege horrek hiru balio nagusi jartzen ditu erdigunean: izatea, jakintza eta elkarbizitza. Eredu horren arriskua, ordea, kultura eta hizkuntza bera zehar-lerro lauso bihurtzea da. Izan ere, «hizkuntza eta kultura apenas aipatzen dira termino bezala legean»: hizkuntzaren ordez eleaniztasuna erabiltzen da, eta kulturaren partez, kulturartekotasuna. Era berean, legearen testuan gizartea kontzeptua 24 aldiz agertzen den bitartean, herria 8 aldiz bakarrik azaltzen dela nabarmendu zuen, egitura edo proiektu kolektiboak albo batera utziz. Akizuren ustez, euskal kulturaren aipamena badago legean, baina kezkari «ez zaio erantzun praktikorik ematen eta ez da zehazten auzi hori nola garatu behar den».

Politizaziotik despolitizaziora

Gaur egungo egoerara nola heldu garen ulertzeko, atzera begirada historikoa proposatu zuen Onintza Odriozolak, ikusteko, besteak beste, «nola iritsi garen hizkuntza eta kultura desikusi edo ezabatzeraino, edo curriculum batean ikusezin egiteraino». Finean, aztergai jarri zuen gure herrian hain politizatuak egon diren bi esparru horiek nola geratu diren baztertuak.

Odriozolak gogorarazi zuen gure nazio, hizkuntza eta kulturaren transmisioan etenak «ziklikoak» izan direla, beti ere testuinguru politikoari zuzenean lotuak. Horrekin batera, nabarmendu zuen erakunde iraunkorrik ez duen nazio batek eta minorizatua den hizkuntza edo kultura batek «zailtasun handiak» dituela bizirauteko eta transmisio eraginkor bat egiteko. Testuinguru horretan, pizkundeak ekarri zituen gogora: «Kultur pizkundea eta politika pizkundea batera etorri dira gurean eta beste nazio askotan. Askotan, kultur pizkundea lehenago etortzen da, edo kulturaren kontzientzia bat, eta gero horrek dakar zure hizkuntzari edo zure komunitateari proiektu politiko bat emateko helburua».

Aipamen horrekin bi garai lotu zituen: alde batetik, XIX. mende amaierako Sabino Aranaren diskurtsoak eta jarraian etorritako euskalgintzaren hazia, non kultura eta hizkuntza nazio-nortasunari eta kontzientziari zorrotz lotuta zeuden; eta, bestetik, frankismo ostean izandako «boom politiko-kulturala» eta ikastolen hedatze «ikaragarria». Ordutik aurrera, ordea, 1980 eta 1990eko hamarkadetako erakundetze eta profesionalizazio prozesuek, paradoxikoki, gizarte sareen eta herri mugimenduen ahultzea ekarri zutela adierazi zuen, «euskal kulturaren eta euskararen despolitizazio nahiz kontzientzia galtzea bultzatuz».

Ikasmaterialaren mugak eta erronkak

Behin gaia kokatuta, ikasmaterialgintzaren esparrutik heldu zion gaiari Olatz Osak: «Ikasmaterialgintzan, joko zelaia Frantziako Estatuak edo Espainiako Estatuak markatzen dute, eta, horren barruan, gainera, gure herria hiru zonalde administratibo desberdinetan egituratuta dago. Gaur da eguna oraindik herri honek ez duena egitura egonkorrik bere osoan, Euskal Herri osoari begira». Ikasmaterialak aztertzean, beraz, askotan, Euskal Herri «fragmentatu» batekin egiten dugu topo.

Estatuen eta banaketa administratiboaren mugez gain, ikasmaterialgintzaren menpekotasun egoera bat azaleratu zuen Osak: Euskal Herrian ekoizten den euskarazko ikasmaterialaren gehiengoa (% 60tik gora) erabakitzeko gunea Euskal Herritik kanpo duten argitaletxeen esku dago. Testuinguru horretan, hala ere, bertako argitaletxeek egindako ahalegin eta urratsak aldarrikatu zituen: «Sekulako lana egiten dute hemengo argitaletxeek euskal kultura edo euskal dimentsio hori ikasliburuetan jasoa izan dadin». Aurrera begira, egoera hobetzeko bide luzea dagoen arren, adierazi zuen «ahaleginik behintzat ez dela falta».

Nolanahi ere, Osaren ondorio nagusia irmoa izan zen: «Hezkuntzak bakarrik ezin du». Kultur transmisioaren katebegiak, hala nola, eskola, hezkuntza ez-arautua, komunikabideak, familia eta kulturgintza, maiz modu autonomoan eta isolatuan aritzen direla ohartarazi zuen, haien arteko lotura eta estrategia bateraturik gabe. Etorkizunari begira, komunitatean eragiteko beharra aldarrikatu zuen, eta Oiartzun Burujabe ekimena hartu zuen eredu gisa: «Egitasmoan, herri-mailan hezkuntza, kultura, zaintza eta ingurumena lotuz gobernantza eredu berri bat eraikitzen ari dira, transmisioari herritik eta era komunitarioan erantzuteko gakoak eskainiz».

Aurrera begira, saretzea

Mahai-inguruak argi utzi zuen, beraz, heldu beharreko auzi ugari daudela oraindik, eta gizarteko eragile ezberdinen arteko sarea jostea izango dela aurrera begirako erronka nagusietako bat. Aipatu bezala, ordea, kezka eta erronka hauek ez dira berriak, euskal kultur transmisioaren inguruko eztabaidak bide luzea du hezkuntzaren esparruan, eta Jakinen bertan aurkitu daitezke gogoeta horretan sakontzeko hainbat erreferentzia. Esaterako, 2023ko kultur balantzean (Jakin-en 259. zenbakian), Iratxe Retolazak ‘Kultura-hitzarmenak hezkuntza-testuinguruetan‘ artikulua argitaratu zuen, gaiari ardatzetik helduz. Bertan, besteak beste, ohartarazi zuen «kezkagarria» dela Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berriak euskal kultura definitzean agertzen duen «anbiguotasuna». Horrez gain, hezkuntza eta kultura-eragileei dei egin zien ekiteko moduak birpentsatzeko: «Trantsizio-unean gaude Euskal Herriko hezkuntza testuinguru guztietan, eta trantsizio- eta aldaketa-une horiek abagune ere badira hezkuntza-eragileon jardunetik ekiteko moduak birpentsatzeko».

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan