Liburugintza
2024ko liburugintza
Azterketa
Euskal liburugintza 2024
Xabier Eizagirre Gesalaga
Filosofian lizentziaduna eta JAKINeko erredakzio burua
2024ko liburu ekoizpena indar handiz erori da, bereziki azken bi urteetako kopuruekin alderatzen badugu: 2.181 liburu argitaratu dira, 2023an baino 592 gutxiago (%21,3). Jaitsiera garrantzitsua da, areago aintzat hartzen badugu 2024koa baino kopuru absolutu apalagoa topatzeko 2013ra arte egin behar dugula atzera. 2024ko amiltze horrek badu, dena den, oso erraz identifika daitekeen azalpen jakin bat, ikusiko dugu azterketan zehar: testuliburuak argitaratzera dedikatzen diren kanpoko hiru argitaletxek ekoitzitako liburu digitalen beherakada nabarmenean du jatorria. Iaz ere, gogoan izango duzue beharbada, antzeko gertakari batek baldintzatu zuen urteko ekoizpenaren kopurua, orduko hartan kontrako norabidean, gorantz, alegia. Orduan ere, testuliburu digitalen ekoizpena sartu zen jokoan. Itzuliko gara xehetasunetara.
Ekin diezaiogun, bada, 2024ko euskal liburugintzaren azterketari, Joan Mari Torrealdaik 1976an abian jarritako azterketa lerroari segida emanez.
