HamaikaTB

Marina Garcés, Joxe Azurmendi eta ‘Xabiertxo’, Durangoko Azokan

Artekaleko 61.ean aurkituko gaituzue.

2025-11-21 Albisteak

Sei hamarkada egingo aurten Durangoko Azokak, eta «inoiz baino nobedade eta ekitaldi gehiago» egongo direla iragarri dute antolatzaileek. Jakinek ere hainbat nobedade eramango ditu Durangora abenduaren 5etik 8ra, eta horien artean daude, esate baterako, Marina Garcés filosofoaren Denbora bizigarri baterako. Ilustrazio erradikal berria eta promesaren denbora liburua, Xabier Eizagirre Gesalagak eta Iñaki Zabaleta Gorrotxategik argitaratutako 56ko belaunaldiaren lorratza euskal pentsamenduan, eta Jakin aldizkariko azken zenbakia: Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi.

 

Ikuskizun bat eta bi mahai inguru

Erakusmahaitik kanpo ere ikusiko dugu elkar, ikuskizun batean eta bi mahai ingurutan hartuko baitugu parte. Abenduaren 7an, igandean, 12:00etatik 13:00etara egongo gara Atartea gunean, 1545 argitaletxearen eskutik, Xabiertxoren mendeurrena: atzera begira, aurrera egiteko mahai inguruan. 100 urte bete ditu aurten Xabiertxo liburuak, eta lehen argitalpenaren mendeurrenaren harira, hainbat gai planteatuko ditugu Durangon, iragana eta orainaldia elkarrizketan jarri eta etorkizuna irudikatzen laguntzeko asmoz. Mahai inguruan parte hartuko dute Olatz Mitxelenak eta Koldo Ordozgoitik, eta Jakineko kide diren Haritz Azurmendik eta Iratxe Retolazak.

Abenduaren 8an, astelehenean, 11:30etatik aurrera, Gerediaga elkartearekin batera, aitortza ekitaldia egingo diogu Joxe Azurmendiri, Jakin aldizkariko azken zenbakia abiapuntu hartuta. Horrekin batera, Manifestu atzeratuaren talde-errezitaldia egingo dugu. Miren Narbaizak musikaz eta Ainara Lasak irudiz jantziko dute eta Iñigo Astiz, Leire Bilbao, Oihane Zuberoa Garmendia, Josu Landa, Maialen Lujanbio, Iñigo Satrustegi eta Leire Vargas poetek hartuko dute parte. Talaia gunean izango da ekitaldia, Areto Nagusian.

Egun berean, Jakinek, Badalabek, Kontseiluak eta TEKSek antolatuta, 16:30ean, Marina Garcés filosofoaren Denbora bizigarri baterako. Ilustrazio erradikal berria eta promesaren denbora liburuaren aurkezpena egingo dute Olatz Mitxelena Larreta itzultzaileak eta Garcések berak, Lorea Agirre Jakineko zuzendariarekin eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiarekin batera. Liburuaren euskarazko itzulpena aurkezteaz gain, hainbat esparrutako gazte militanteekin jardungo dira elkarrizketan.

 

Liburu aukerak

Artekaleko 61 zenbakian aurkituko gaituzue eta dituzue hasieran aipatutako nobedadeak, eta, horiez gain, orain arte argitaratutako beste hainbat zenbaki eta liburu eskuratzeko aukera ere izango duzue. Esate baterako, Jakin Irakurgaiak bildumako liburuak izango dituzue erakusmahaian, giza zientzietako, filosofiako eta pentsamenduaren historiako autore eta auziak irakurri ahal izateko, eta Eskafandra bilduman feminismoaren azken hiru mendeetako hainbat lan giltzarri euskaraz aurkituko dituzue. Aleka bilduman, aldiz, kazetaritza luzeko lanak irakurtzeko parada izango duzue, eta Ur-jauzia bilduman euskal pentsamendu garaikidearekin lotutako lanetan murgilduko zarete. XX. eta XXI. mendeko euskal pentsalari eta kulturgileen lanak ezagutu nahi izanez gero, Dabilen pentsamendua bilduma da aukerarik onena.

Bertan aurkituko duzue Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka berezia ere. Zazpi hamarkadaz Jakinen idatzi duten ehunka egileren artean, 222 lagunek idatzitako esaldi bana aurki daiteke bertan, hasi 1959an eta 2024ra arte. Gainera, astero, liburuxkako esaldi bat aukeratu eta horren testuingurua azaltzen dugu 222 esaldi atalean.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan