[Ondaretik] PISA: okerra ederra ez denean

2026-10-05 Ondaretik

Dorrea okertzen ari da, baina ez diogu ikuskizunari edertasun zantzurik hartzen: bazterrak inarrosi ditu 2025eko PISA txostenaren argitalpenak. Irakurketa, matematika eta zientzia mailak ebaluatzen ditu PISAk, eta hiru alorretan egin du behera Hego Euskal Herrian 2022tik. Areago: ñabardurak ñabardura, 2012tik honako beheranzko joera larriagotu da emaitzetan.

Datuek, jakina, ezinegona, sortu dute; arduradun politikoek egin zuten inork baino lehenago agertokira, eta, espero zitekeen bezala, bakoitzak bere interes partikularren arabera interpretatu zuen txostena: immigrazioa eta arrakala sozioekonomikoak azpimarratu ditu urliak, beherakada mundu guztian izan dela sandiak, teknologia berriak aipatu ditu berendiak, pandemia, hezkuntza sistemaren porrota eta lege berrien premia, hezkuntzaren ideologizazioa, administrazioen arteko lankidetza eza…

Eta ez da falta izan, nola ez, aukera hau euskarak eta murgiltze sistemak sortzen omen dituen distortsioak mahaigaineratzeko baliatu duenik. Bitxia benetan, 2000ko hamarkadan, D ereduaren hedapen handiena gertatu zen garaian hain zuzen, PISAren emaitzak gorantz egin zutenean, ez baitzitzaien batzuei euskararen onurei buruzko laudoriorik entzun. Orain bai, orain argi omen dago euskara dela arazo, eta ama hizkuntzen aldeko apustua egin behar dela euskal eskoletan. Barkatu? Ama hizkuntza diozue? Horrela deitzen zaio espainierari orain?

Pentsa liteke aipatzen diren faktore guztiek izan dezaketela eraginik PISAko azterketen emaitzetan. Izan ere, adituak gauza batean datoz bat: arazoaren konplexutasunean. Hala izanik, kezka sortzen diguten auziaren ertz batzuk aipatzera mugatuko gara hemen.

Lokalismoetatik harago, bada datu aipagarri bat: salbuespenak salbuespen, mundu osoan egin dute behera emaitzek. Horrek, dudarik gabe, auziari izaera globala ematen dio. Eta matematikak eta zientzietako datuak gutxietsi gabe, badirudi badagoela kontsentsu bat adituen artean: irakurketaren ulerkuntzaren beherakadak du munta nagusia, beste alor guztietako emaitzak baldintzatu baititzake: irakurritakoa ulertzeko arazoak dituenak ez du bide erraza izango matematikan eta zientzian ere. Horrela onartzen zuen 2008an Javier Duoandikoetxeak ere, ‘Zertarako matematika’ artikuluan (Jakin 166), zientziaren dibulgazioari eskainitako zenbaki monografikoan: «Eta eskolak bertatik pasatzen denari utzi behar dion ondare minimoan matematikaren oinarriak datoz letrekin batera […]. Irakurtzen jakitea ez da letrak elkarrekin josten ikasi eta hitzak ondo ematea bakarrik. Hori baino gehiago ere bada: irakurritakoa ulertu egin behar da. Azken aldian, PISA txostenaren haritik, kezka hori zabaldu da: ikasle askok ez dute ulertzen irakurritakoa».

Irakurketa eta ulerkuntzarako zailtasunek, globalak diren heinean, harreman zuzena dute teknologia berrien, digitalizazioaren eta pantailen erabileraren inguruko auziarekin. Ez da kezka berria, 90eko hamarkadaren hasieran teknologia berriak hezkuntzan duten garrantziaz Jakin-ek osatutako zenbaki monografikoak (Jakin 64, 1991) erakusten zuen bezala; hauxe zen orduko kezka: nola sartu informatika, ordenagailuak, irudiak eta bideoak eskoletan?

Egun, ordea, digitalizazioak zentzu eta baldintzapen berriak ezartzen ditu gure gizartean. Batetik, pantailen gehiegizko erabilpena dago, sakelako telefonoak, batez ere; bereziki, sare sozialen hedapenarekin lotuta. Esperientziak eta bizipenak partekatzeko sortuak omen ziren haiek, azken urteotan, datu pertsonalak lortu eta komertzializatzeko, informazio faltsua lehenesteko eta polarizazioa eta gorrotoa sustatzeko tresna algoritmikoak bilakatu dira. Eta hori guztia, adikzioa sortzen eta hauspotzen duten estrategietan oinarrituta. Eta ume eta haur guztien eskura. Eta, bestetik, azken orduko munstroa: adimen artifiziala. Sakonera ezagutzen ez diogun putzua, oraingoz, baina, nabarmen geratzen ari denez, hezkuntza sistema eta prozesu osoa kolokan jar dezakeena. Azken buruan, ikaskuntzarekin guztiz lotuta dauden funtsezko ezaugarriak jartzen dituzte auzitan teknologia disruptibo horiek: arreta, jakin-mina, ikasteko interesa, ahalegina, lana.

Irakurri, eta irakurritakoa ulertu. Ados. Baina, zer eta nola irakurtzen da? Eta zer eta nola irakurri beharko litzateke? Badugu nahikoa lan galdera horien erantzun egokiak topatzen, benetan arazoaren erroetara iritsi nahi badugu.

 

PISAtik harago: nola ulertzen ditugu hezkuntza eta formakuntza?

PISAren txanponak baditu gutxienez bi aurpegi: aurkian, datu kuantifikatuz betetako azterketa bat da, eta horrek sailkapenak, mailaketak eta konparaketak ahalbidetzen ditu. Baina, hortik aurrera, esaten digu zerbait zehatza igoera eta jaitsieren kausez? Ez al digu hezkuntzaren xede eta balio behinenei buruz izan beharko genukeen begirada lausotzen eta desbideratzen? Horra ifrentzua: beste behin ere, bitartekoak xede bilakatzen direnekoa. Zein da, baina, hezkuntza sistemaren helburua nagusia, gure haur eta gazteak heztea, edo azterketetan eta, kasu honetan, PISAko probetan nota ona ateratzea? Gauza bera dira biak? Ez derrigor, ezta? Hezkuntzaren benetako xedeei buruzko galderak, horrenbestez, auzi politiko eta filosofiko sakonagoetara garamatzate, nahitaez. Eta horien erantzunak ez ditugu txosten horren datuen itsasoan arrantzatuko, ezta hurrik eman ere.

Joera ez da gaurkoa, noski, baina ezta ere uste dezakegun bezain aspaldikoa. Gizaki eta gizarte eredu jakin batekin ezkonduta dator, eta erroak gutxienez modernitatearen hastapenetan dituen arren, areagotu egin da azken hamarkadotan, indibidualismoaren, efizientziaren eta emaitzen gorespenaren balioetan blaitu zaigun gizarte honetan. Zer du xede hezkuntza sistemak? Emaitzak, jakina. Baina zer da eman behar duena? Gizartearen garapen ekonomikoa ziurtatzeko beharrezkoak diren tituludunak. Eta hezkuntza integralaz, nor gogoratzen da? Nor, formazioaz? Nor, curriculum ibilbideetan azken urteotan gero eta bazterrerago geratzen ari diren ikasketa humanistikoez? Zer hezkuntza ereduk hurbil gaitzake hainbati desiragarria omen zaion pentsamendu kritikoa aberastera? Haizea Barcenillak (‘Euskal Kultura 2017’, Jakin 223, 2017) funtsean arazo berari heltzen ziola uste dugu, artearen hezkuntzaren garrantzia aldarrikatu eta gaur egun irudiaren inguruko hezkuntzarik ez egotea salatzen zuenean: «Ideien eta balioen transmisioa, egun, inoiz baino gehiago egiten da irudiaren bitartez, eta hala ere ez gara ari garatzen irudi horiek aztertu, arakatu eta ikuspegi kritikoz ulertzeko inolako ahalmenik. Kontrakoa, gero eta gehiago gara irudi horien gatibu, eta horren erakusle da hainbat iragarkitako konposizio bortitz eta gogorren aurreko gizartearen axolagabekeria». Eta jarraitzen du: «Baina hezkuntza sistemak nahiago du PISA txosteneko matematiketan hoberenak izatea, enpresetako irabaziak zenbatu ahal izateko, enpresa horiek ekoizten dituzten irudiak irakurri eta sortzen ikastea baino. Nahiago du bizitzaren aurrean arrazoimen soilaz hornituta kokatzea gizabanakoa, inteligentzia mota desberdinak (emozionala, fisikoa, ikusizkoa) garatzen laguntzea baino. Gizarte analfabetoaz hitz egiten bagenuen lehen, gizarte anikonikoaz hitz egin beharko genuke orain; eta idazten ez jakiteagatik manipulatzeko errazak ziren koitadu horien antzera, gu ere artaldea gara pantailen aurrean».

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan