HamaikaTB

[Ondaretik] Nazionalismo kulturalaren kontzeptua gurera ekarrita II

2025-12-11 Ondaretik

Azaro amaieran izan zen Nazionalismoa Ikertuz V. kongresuaren baitan aurkeztutako ideien bigarren zatia dakar sarrera honek. Lehen atalean nazionalismo kulturalaren teorizazioaz aritu nintzen, kongresuan parte hartzera eraman ninduen sentsazio batetik abiatuta: akademian, nazionalismo ikerketen arloan, gutxiegi hitz egiten dela nazionalismo kulturalaz, eta horrek ekar lezakeela, alde batetik, fenomeno batzuk behar baino sinpleago ulertzera, eta, bestetik, genealogia batzuk antzeman ere ez egitera. Bigarren atalean horrixe heldu diot, teorizazio horrek euskal nazionalismoaz eta abertzaletasunaren ulerkerez ekar ditzakeen argi berriei.

 

Genealogia konplexuagoak

Hasteko, ekarpena egin dezake euskal nazionalismoaz egin ohi diren genealogietan. Ikuspegi aski zabaldua da, esaterako, Jakin 219.eko ‘Eredu aldaketa euskal nazionalismoan? Demokrazia kontzeptuaren garrantzia’ artikuluan Julen Zabalok eta Onintza Odriozolak ekartzen dutena. Euskal nazionalismoak lehen fase bat leukake, XIX. mendean Sabino Aranak arrazaren arabera definitutako nazioarena; horren ondoren etorriko litzateke, arraza kategoriak Bigarren Mundu Gerraren ostean izan zuen krisiarekin eta euskal testuinguruan izan ziren berrikuntza diskurtsiboekin, diskurtsoan euskarak eta euskal kulturak eta praktikan Euskal Herri Langilearen subjektuak definitutako nazioarena, 60ko hamarkadatik aurrera. Ikuspegi etapista horri jarraiki, XXI. mendean sartu ahala, hirugarren aro bat irekitzen ariko litzateke, demokraziaren ideian oinarritutako nazio kontzeptu berria ekarriz.

Iruditzen zait nazionalismo kulturalaren betaurrekoekin ikuspegi etapista lineal horri bidexka gehiago eta lotura genealogiko konplexuagoak ikusten zaizkiola. Esate baterako, ikuspegi etapista horrekin lanak ditugu gerraurreko Pizkunde mugimenduko hainbat jeltzale puntakoren (Lizardi edo Lauaxeta, adibidez) diskurtsoak eta praktikak behar bezala kategorizatzeko. Bi-biek gatazkak izan zituzten garaiko nazionalismo politikoarekin, hain justu hala arraza, nola euskara, biak ikusten baitzituzten nazioaren sinbolo gisa; horren kontra, kulturgile jeltzaleek hizkuntzaren aldarria modu praktiko eta kulturalean gauzatzen zuten (alfabetizazioarekin, euskara kultur molde modernoetara eramanez…), naziotasuna indartzeko modu gisa. Are gehiago, Lizardik esplizituki bereizten ditu nazioaren aldeko lan kulturala (euskara kultura modernorako jasotzea) eta proiektu politiko jeltzalea, bere hainbat artikulutan. Zinez, Pizkundeko kulturgile jeltzaleek berritzaile moral eta kultural papera hartu zutela esan daiteke, tradizionalismo erreakzionarioaren eta euren alderdiko nazionalismo politikoaren artean.

Zentzu berean lagun dezake Emakume Abertzale Batzako hainbat eta hainbat euskal idazleren lana bere osotasunean aintzatesten. Izan ere, nazionalismoaren jomuga nagusi gisa jarduera eta erakunde politiko-instituzionalak soilik hartuta, gainerako esparru sozialetako mugimenduak horri subordinatzen zaizkio. Horrek eraman gaitzake pentsatzera EABren jarduera osoa zegoela EAJren asmo eta beharrizan politikoen menpe; bertako emakume idazleek nahiz kultur arloko eragile emakumezkoek izan zuten agentzia eta agenda propioa gutxietsiz. Aldiz, Emakumeen jardunak berak erakusten du, genero arau zurrunak zituen espazio publiko batean ere, bide propioak urratu zituztela kulturgile emakumezkook, balio-sistema jeltzalearen baitan, baina ekarpen autonomoak eginez literaturan edo hezkuntzan, besteak beste.

Are gehiago, uste dut antzeko sinplifikazioa egin ohi dela 60ko hamarkadan hasi zen bigarren fasearekin ere. Izan ere, Euskal Herri Langile subjektuaren eta garaiko euskalgintzaren arteko harreman dialektikoa hobeto ulertzen da, nazioaren sinbolo diskurtsibo eta subjektu sozialaren arteko aldea seinalatuz baino, euskara sinbolo gisa ulertzen duen praktika politikoaren eta euskara kulturgintza berri eta eraldatzaile baten praktikarako eremu gisa ulertzen dutenen artean. Bestela esanda, nazionalismo kulturalak tresnak ematen ditu nazioaren ulerkera diakronikoki soilik ez, sinkronikoki ere nola aldatzen zen ikusteko, eta ez soilik sinbolo definitzaileetan jartzen zen indarraren arabera, gainera; baita ere, aldi berean elkarrizketan eta gatazkan dauden helburu, “ideia-mundu” eta praktika modu desberdinen artean. Batzuetan, mugimendu edo “familia” abertzaleen baitan ere bai.

 

Euskararen aldarriaren dimentsio sozial eta politikoa gogoraraztea

Genealogia konplexuagoei atea irekitzearekin batera, euskararen aldarriak nazionalismoaren baitan hartu dituen lekuei buruz ere beste era batera eztabaidatzeko aukera ematen du nazionalismo kulturalaren teorizazioak. Jakin 146-147 zenbakian Julen Zabalok eta Txoli Mateosek argitaratu zuten ‘Euskara euskal nazioaren funtsa, periferia erdaldunean ere?’ artikuluan euskara euskal nazioaren oinarrian kokatzen duen ideiaren mugak aipatzen dira. Euren esanetan, diskurtso horren lehenengo arazoa Euskal Herriko errealitate soziologikoa da, gehiengoak euskara ez jakitea, alegia. Horrek, bigarren oztopoa, diskurtso teorikoaren – “euskara da nazioaren funtsa” – eta abertzaleen praktikaren arteko arrakala sortzen du, nahi izan duten askok ere ez baitute lortu euskara ikasterik. Are gehiago, euskaltzaletasunetik “kontraesan” hori abertzaleei aurpegiratzen zaiela eta, horretatik askatzeko nazionalismoaren bidea nazioaren beste definizio bat, lurraldean edo borondatean oinarritua, garatzea izango litzateke.

Iruditzen zait diskurtso teorikoaren eta praktikaren arteko kontraesan nagusia abertzale konkretuek euskara ikasi duten edo ez auzian kokatzean, nazionalismo kulturalaren teorizazioak mahai gainean jarri nahi zituen zenbait hutsune errepikatzen direla. Batetik, hizkuntzaren ulerkera sinplea, hura hiztegira eta gramatikara erreduzitzen duena. Bestetik, hizkuntzaren eta kulturaren aldarria plano indibidualera erreduzitzea, hizkuntza indibiduoen ezaugarri solte bat balitz bezala, eta ez praktika sozial-kulturalen oinarrizko zumeetako bat. Aldiz, nazionalismo kulturalak, kulturaren bitartez nazio komunitatea indartzea, instituzio kultural gakoak sortzearekin eta horiek indartsu mantentzearekin lotzen zuen. Horrela, nazioaren eta euskararen arteko harremanaren auzia naziokideek daukaten edo ez daukaten ezaugarri batetik (euskara hitz egiten duten edo ez), gizarte-egituraren mailara ekartzen da: gizartearen erreprodukzioan hizkuntzaren ardatzak duen lekura, euskarak dituen eta behar dituen instituzio sozialak irudikatu eta horiek borrokatzearekin

Esango nuke, gainera, Euskal Herrian ere, euskalgintzaren sektore esanguratsu batek plano horretan jokatu duela gehienbat, bai alderdi abertzaleei eskakizunak egiterakoan, bai nazioari buruzko diskurtsoak proposatzerakoan, eta baita proiektu kulturalak bultzatzerakoan ere. 56ko belaunaldiaren emaria ikusi besterik ez dago erakusgarritarako: Joxe Azurmendiren nazio ideiaren edo Joan Mari Torrealdairen proiektu kultural estrategikoen (euskarazko telebistaren edo prentsaren sustapena, liburutegi nazionalaren egitasmoa…) atzean egiturazkoak diren ekarpenak daude, tradizioaren berrikuntza gauzatuko duten praktika kulturala bermatu nahi dutenak. Hor, nazio hizkuntza eta kultura ez dira indibiduoen ezaugarri bat gehiago, eta nazioarentzat funtsezko izateak ez du esan nahi naziokide guztiek beren-beregi izan behar dutenik ezaugarri hori. Aldiz, gizartearen erreprodukzio mekanismoan ardatz kultural-nazionalaren borroka nolakoa den aintzat hartu eta sustatu nahi den euskarazko naziotasunaren aldera lerratzea da helburu abertzalea.

Seguru asko, jarreren eta mugimenduen irakurketa xeheagoek gaur egungo eztabaiden argazki hobea emango digute, baita abertzaletasunaren baitan dauden joeren bilakaera posibleak, horien aukerak nahiz arriskuak, eta horien zilegitasunak gardenago aztertzeko aukera ere. Nazionalismo kulturalaren teorizazioak horretan lagun dezakeelakoan aldarrikatu dugu Hutchinsonen ikuspegiak duen pertinentzia, etxean bertan dauzkagun proposamenak kanpoko argiz begiratuta hobeto balioetsiko direlakoan.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan