[Ondaretik] Kantatzen duen herria

2026-04-01 Ondaretik

Irudia: Arturo Delgado | Kutxateka

 

Hortxe gabiltza berriro ere, oroitzapen pertsonalak, memoria historikoa eta historiagintza gurutzatzen, ukitzen eta nahasten diren linbo magmatiko horretan: 50 urte atzera egitera goaz berriro ere, duela aste batzuetako saioan Gasteizko sarraskiaren aipuarekin egin genuen bezala. Oraingoan, 1976ko martxoaren 27ra itzuliko gara, egun seinalatua benetan euskalgintzaren eta kulturgintzaren azken hamarkadetako gure historiatxoan: 24 orduak euskaraz ekimena antolatu zuten Donostiako, Loiolako, Iruñeko eta Bilboko Herri Irratiek. Hogeitalau orduko irratsaioa, euskara hutsean.

Egitasmoaren atzean, ordurako ibilbide estimagarria zuen lantalde batekin egiten dugu topo: Joxe Mari Iriondo, Joxe Mari Otermin, Joxe Ramon Beloki, Karmelo Otaegi, Txaro Arteaga, Iñaki Zubizarreta, Nikolas Aldai… Gerora ere bide aipagarria egin dute ia guztiek euskal hedabideen esparruan.

Egunean zeharreko irratsaioen ardatz nagusia kultura izan zen: hamahiru mahai inguru antolatu zituzten (euskalduntze-alfabetatzea, poesia, folklorea, komunikabideak, ekonomia, ikerkuntza, artea, liburugintza, antzerkigintza, literaturgintza, bertsolaritza, kantagintza, diskogintza), euskal irakaskuntzari buruzko bi ordu eta erdiko mahai inguru berezi bat, bailaraz bailarako kulturgintzari buruzko kronikak (kronikagile entzutetsuak tartean: Gorka Knörr, Jean Haritxelhar, Patxi Zabaleta, Roger Idiart, Piarres Lafitte…), euskal kulturako hogeita bost laguni egindako elkarrizketak, Euskaltzaindiaren batzar bat zuzenean… Eta, eguna biribiltzeko, iluntzean, musika jaialdi erraldoia Donostiako belodromoan.

Antolatzaileek adierazi zutenez, 13.000 lagun bildu zituen musika jaialdiak, garai hartan zegoen kultur (eta bestelako) gosearen seinale bat gehiago. Bertan aritu ziren, besteak beste, Jean Mixel Bedaxagar, Robert Duhalde, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Mikel Laboa, Gorka Knörr, Hibai Rekondo, Gontzal Mendibil, Artze anaiak, Oskarbi, Iturengo Ttunturroak, Laja-Iturbide eta Sakabi-Egañazpi trikitilariak… Zalantzarik gabe, urte haietako kultur hitzordu jendetsu eta garrantzitsuenetakoa izan zen.

Izan ere, euskal musikariak (kantariak, zehatzago) urteak zeramatzaten (60ko hamarkadaren erditik, bereziki, Ez Dok Amairuren bulkadaren poderioz) Euskal Herriko agertokiak astintzen, euskal giro politiko nahasi eta beroaren soinu banda originala eskainiz.

 

Euskal kanta berria

Jakin aldizkarian ez dago ekitaldiari buruzko garai hartako aipamenik. Ez gara harrituko: badakigu, sarritan gogorarazi dugulako, aldizkaria 1969tik debekatuta egon zela 1977ra arte. Baina guztiz sintomatikoa da, 1977an berriro abian jartzean, azaro-abenduko laugarren zenbaki monografikoaren gaia: Euskal kanta berria.

Zenbakiaren aurkezpenean bertan ageri da euskal kantagintzaren orduko egoeraren diagnostiko zehatza, kultur esparruan duen erabateko zentraltasuna aintzatetsiz: «Euskal kanta heldutasunera iritsi bide da. Azken 12-15 urte hauetan hazkuntza bizia izan du, eta zein emankorra! […] Eta kantarekin batera euskal kultur mugimendua. Kanta da, izan ere, mugimendu horren barruan Euskal Herriak izan duen komunikabiderik arinena, zuzenean». Izan ere, euskal kanta berria herri baten hauspo bilakatu da: «Elkarri lagunduz jo dute aurrera politikak, kulturak, kantak, eta enparauak. […] 1960 inguru hartan gainerako kultur eta politika bideak jaio ziren kontzientzia berarekin sortu zen kanta ere». Herri baten erresistentziaren ahotsa, alegia. Baina ez luke hor geratu behar, bide berri eta aberatsagoak jorratu beharko lituzke: «Orain arte, hitzak izan du garrantzia kanta berrian. […] Musikaren kaltetan sarri. Hemendik aurrera, kantaren hedadura guztiak hobeki zaindu beharko dira. […] Erresistentzi abesti hutsez ezin gaitezke konforma, abagune berritan: biziera osoaren adierazgarri behar du kantak, gai ugariagoak kantara ekarriz. Publikoaren aurrerako formula berriak aurkitu behar ditu kantariak: badago eredurik munduan eta gure tradizio herritarrean». Molde ahitu baten neke sintomak ageri direla dirudi. Eta garaiak garai eta inguruabarrak inguruabar, gerora ere eta gaur egun musikagintzan eta kantagintzan (artean eta sorkuntzan, oro har) presente egon diren eta dauden auzi eta debateen usaina.

Sei artikuluk osatzen dute zenbaki monografikoa, eta egileak ez dira bazterrekoak: Gorka Knörrek 60ko hamarkadan hasten den mugimenduaren historia kontatzen du; Xabier Letek euskal kanta berriaren eta egoera politiko-kulturalaren sinbiosia du hizpide; Luis Iriondok mugimenduaren ekarpenak eta mugak azpimarratzen ditu; Joxan Artzek, elkarrizketa batean, kantagintzaren hautu estetikoez eta horren eta bestelako arte diziplinen arteko harremanez dihardu; Joxe Ramon Belokik, kantagintzaren ingurumari tekniko eta komunikatiboa aztertzen du: diskoetxeak, jaialdiak eta irratiak; Iñaki Zubizarretak, azkenik, autokritika eskatzen dio kantagintzari, amateurismotik profesionalismorako premiazko urratsa eman ahal izan dezan.

Esaldi pare bat ekarriko ditugu lagin gisa artikuluotatik, gaiei eta garaiei tankera errazago har diezaiegun. Xabier Leteren hitzak dira (‘Kantagintza berria, erresistentzi abestia’ artikulutik): «Kantarien lana, errekuperazio lan bat zen, beste ezer baino lehen. Kantatzeko era herrikoi baten errekuperatzearekin batera –kanta zaharrak ere jasoz–, hizkuntzaren eta herri kontzientziaren errekuperazioa. […] Kanta, nola edo hala, borrokarekin lotzen zen. Herri batek irauten jarraitzeko zeraman borroka larriarekin, hain zuzen». Eta Joxan Artzerenak (‘Kanta Berria aztertzen’ elkarrizketatik): «Eta tradizioak gauza onik badu, halafede, erabiltzen jakinez gero; ez, ordea, berak menperatzen bagaitu eta bere altzo goxotik ateratzera ez bagara ausartzen».

Joxe Mari Iriondok, 2014an, hamarkada horietako girora itzuli gintuen berriro (‘Euskal musika giroa 1960ko hamarkadan’, Jakin 200). Eta euskal musikagintzaren garai eta molde berriagoei begirako idatziak ere agertu izan dira aldizkarian azken urteotan: besteak beste, Eric Ditxarrik euskal rapari buruz idatzi du (‘Euskal raparen hausnarketa antropologiko historikoaren hazia’, Jakin 232, 2019); Gorka Urbizuk, hizkuntza, kultura eta musika bizi, ulertu eta zabaltzeko berezko modu bati buruz (‘Okeyish’, Jakin 235, 2019); eta, berrikiago, Beñat Goitia Benizze-k, euskal musikagintzaren egungo egoera, hegemonia, lobby eta mainstream-ari buruz (‘Euskal Musikagintza SL’, Jakin 265, 2024), eta Jone Exposito, Oli Artola eta Udane Barinagarrementeriak, musikagintzaren azterketa feministatik abiatuta (‘Zaintzen ez den kutisean krema ematea. Musikagintzaren erradiografia feminista’ eta ‘Musika-eszena (trans)feministak Zuk Zeuk Egizu filosofiatik’ artikuluak, hurrenez hurren, Jakin 267, 2025). Baina, oraingoz, beste upel bateko ardoak dira horiek. Izango dute oihartzunik etorkizunean, ziur naiz, gure ondaretik tiraka osatzen ari garen saio hauetako besteren batean.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan