[Ondaretik] Jakinen Itxaropena, Itxaropenan Jakin

2025-05-08 Ondaretik

Irudia: Patxi Unzurrunzaga, Zarauzko itsasoan. Juan San Martinek egindako argazkia. Guregipuzkoa.eus

 

Berriki atera da Itxaropena inprimategi zarauztarra itxi den albistea. Horrelakoetan ohikoa den eran, erreportaje mamitsu eta artikulu interesgarriak argitaratu dituzte, adibidez, Berria-n Itziar Ugartek eta Argia-n Gorka Bereziartuak, Itxaropenak euskal literaturan izan zuen esanguraren, itxierak erakusten duen kultur egoeraren eta gertaerak pizten dituen gogoeten inguruan. XX. mendeko euskal kulturgintzan giltzarri izan den argitaldari eta irarkola izanda, ezinbestean utzi zuen arrastoa Jakinen historian eta ondarean ere. Hura errepasatzeak berdin balio du iraganean izan zuen balioaz jabetzeko, Jakinetik merezi duen aitortza egiteko eta aurrera begira pilak jartzeko.

 

Ekarpenaren tamaina

Itxaropena inprimategiaren ekarpena, bereziki Pizkunde eta gerraoste garaietakoa, askotan aipatu izan da. Ekarpenaren tamainaren berri 30eko hamarkadan argitaratu ziren lan entzutetsuek ematen dute, baita 50eko hamarkadatik aurrera idazle klasikoak, gerraurrekoak eta berriak  biltzeko egin zuen lanak ere. Kuliska Sorta funtsezkoaren baitan topa daitezke Labaien, Azpeitia edo Orixe, aldamenean Etxaide, Aresti edo San Martin gazteak daudela. (Giroa berregin nahi duenarentzat, azken horrek Jakin 108an egindako elkarrizketan kontatzen ditu garai hartako gorabeherak, argitalpenekin eta zentsurarekin). Izenen eta argitaratutako lanen zerrenda ikuste hutsak Itxaropenak egindako ekarpenaren tamaina erakusten du.

Ekarpen horrek badu, ordea, alderdi subjektiboago bat, neurtzea zailagoa izan arren, azpimarra berbera merezi duena. 56ko belaunaldiarentzat katebegi funtsezkoa izan zen Itxaropena, eta hala aitortu dute belaunaldi horretako kideek, Jakineko kideek ez azkena. Joseba Intxaustik bitan egin du irakurketa subjektiboago hori, aldizkariaren 25. eta 50. urteurrenak aitzakia hartuta. Gerrak ekarri zuen jazarpen fisiko eta politikoaren ondorio izan zen Intxaustiren belaunaldiak herentzian jaso zuen eten kulturala. 50eko hamarkadara nerabetan iritsi zirenak gerraurreko proiektuak zirenik ere jakin gabe hasten ziren kultur bideetan; onenean, etxean, lagunartean, isilpean, zeharbideetatik entzundako kontuek ekartzen zien horien berri. Horrela ulertzen da Intxaustiren aipua ‘Jakinen historiaurrea: abertzaletasuna eta euskara’ artikuluan, 1981ean Jakinen 25 urteak errepasatzen zituen 21. zenbakian: «Kuliska Sorta eta Euzko-Gogoa etortzen hasi zenetik arnasaldi ederra hartu genuen».

Sentsazio hori bera dakar berriro Jakin 158an, ‘Jakin (1956) aurreko eta berehalako testuinguruan’ errepasatzerakoan:

Iragana berreskuratzen edo ari ginen, beraz. Idazle berriak ezagutzeko, ostera, Zarauztik zetorren notizia: Patxi Unzurrunzagaren Itxaropena argitaletxetik, hain zuzen. 1949an hasia zen uzten ziotena egiten, eta 1952an Kuliska Sorta-ri ekin zion. Batzuetan lan xumeak, baina inoiz edo beste baita mardulago eta berritzailerik ere: ez da ahaztekoa Jon Etxaideren Joanak joan (1955). Belaunaldi berriko idazlana zen hori, eta literaturan ere guri itxaropena piztu ziguna.

Urteurren borobiletako atzera begiratuetan aldiro ateratzen da Itxaropena, Jakinen belaunaldikideei eskaini ziena behin eta berriro gogoratuz: ukatu zitzaien literatur tradizioa errekuperatzea eta belaunaldi gazteek egin zuten hautu euskaltzalea zilegiztatzea.

 

Jakinen urte giltzarrietako inprimategi

Jakinlariek Itxaropenarekin izandako harremana ez da bakarrik belaunaldi arteko transmisio orokorrean izan. Lankidetza harreman estuagoa izan zen aldizkariaren eta inprimategi zarauztarraren artean: 1968tik 1970era aldizkaria bertan inprimatu zen, lehen aldiko 29. zenbakitik Jakin Sortako 2. alera. Berez epealdi labur batean egindako inprimatze-lan ohikoa dirudi elkarlan horrek, baina 60ko hamarkada amaierako Euskal Herri hartan ezer gutxi zen ohikoa: zentsura, hari itzuri egiteko malabareak, gai eta planteamolde berrien bila zebilen euskal gazteria…, guztiak gurutzatzen ziren elkarlan hartan.

Artean frantziskotarra zen Joan Mari Torrealdai 1967an iritsi zen Zarautzera, bere ikasketak bukatu berri, Antoniano ikastetxean eskolak ematera. Udazkenean, ordea, enkargu berria iritsi zitzaion. Jakin, ordura arte Arantzazuko ikasle aldizkaria izan zena, «hazkuntza krisi» betean zegoen; asmoetan eta irabazi zuen erreferentzialtasunean handiegi geratzen zitzaien egitasmo hura borondatez zuzentzen zuten Arantzazuko fraide gazteei. Erronka horri erantzuteko hartu zuen Torrealdaik Jakin-en zuzendaritza, profesionalki.

Asmoz eta funtzioz ez ezik, itxuraz eraberritua aurkeztu zuen Torrealdaik aldizkaria, Esprit aldizkari frantsesa inspirazio hartuta. Apustu berri eta itxaropentsu hori da Itxaropenak kaleratzen duena, modernoa, azal eta mami, 1968an. Zentsurak urtebete eskasera errotik moztu zuen, ordea, egitasmo berritu hori, Agirrebaltzategik jasotzen duen bezala. Aldizkariaren ordez Jakin Sorta argitaratu zen, liburuak editatzeko Arantzazuk zeukan lizentzia baliatuz, eta lehen biak ere Zarautzen argitaratu ziren, nahiz eta gero Arantzazuko inprimategian jarraitu. 1970ean amaitu zen Itxaropenarekin izandako lankidetza hori, zentsurak ekarritako krisi betean, Torrealdai Zarauztik atzerrira ikastera joan zenean. Dena dela, harrezkero Jakinlariek izango zuten harreman pertsonalik unzurrunzagatarrekin eta ikergai bat baino gehiagotan azalduko zaie inprimategiaren lana.

 

Txibiak baimen truk

Zentsurarena izan da Itxaropena gurutzatu duen beste gaietako bat, inondik ere. Hari buruzko ikerketa guztietan aipatzen du, aldez edo moldez, Torrealdaik argitaletxe zarauztarra. Mehatxupean egon zela gerraostean eta frankismoan zentsura-aparatuan zirrikitu bila ibiliz lortu zuela berriro ere martxan jartzea, hori da ikerketek dokumentatu zutena.

Zirrikitu horiek zehazki nola bilatzen ziren ere jaso izan zuen Torrealdaik, De la hoguera al lápiz rojo liburuan, adibidez (186. or. eta hurr.). Pedro Rocamora gobernu frankistako propaganda zuzendari orokorrak Zarautzen pasatzen zituen, nonbait, udak. Eta Itxaropenako zuzendariak ezagutu. Ez bat ez bi, han joan zitzaizkion Jose Artetxe eta Patxi Unzurrunzaga 1947ko irailaren 9an, Arantzazuko Amaren egunez, poema folkloriko eta erlijioso batzuk argitaratzeko baimen eske. Hortik etorri ziren Orixeren Euskaldunak, Lopez Mendizabalen hiztegi bat eta Salbatore Mitxelenaren Arantzazu poema. Jakina, horiek ederki kostatutako salbuespenak izan ohi ziren zentsura aparatu orokorraren baitan. Baimentzea nahi zen lanen zentzua erdi kamuflatu, han eta hemen kontaktuak eta mesedeak egin, autozentsura apur bat gehitu…, zer ez ote zuten egin garai hartan, baimenak banan-banan arrantzatzeko:

Gerra eta gerraosteko ekaitzik gogorrenetan ere Patxi Unzurrunzagak lortu zuen Itxaropenaren kandela hori pizturik mantentzea. Jose Artetxerekin batera, berak lortu zuen Pedro Rocamoraren baimena. Xabier semeak kontatu izan dit inoiz aitak berak Zarauzko uretan goizaldean bildutako txibirik hoberenak Rocamorari eramaten zizkiola, gero baimenak eskuratzeko. Ez dago gaizki: txibiak baimenen ordainetan. Ez da tratu txarra, euskaltzale batentzat. Rocamorarentzat ere ez, seguraski.

Pasarte sineskaitz hori Artaziak liburuan jaso zuen Torrealdaik (96. or.) Ez sinestekoak dira euskal literaturaren gorabeherak batzuetan.

 

Magistra vitae

Pello Unzurrunzagak Ugarteren erreportajean utzitako hitzak dira: «Beste garai ilunago batzuek lortu ez zutena, baina, gaur egungo testuinguruak lortu du azkenean». Frankismoan euskaltzaleak aginte-postuetatik egotzita eta, maizegi, jazarrita zeuden garaiez ari da hor, garai ilunak aipatzean. Gaur egungo testuinguruak, berriz, ez dio inprimategien sektoreari soilik egiten erreferentzia, euskal liburugintzaren kate osoa ikusten baitu ezbaian.

Bereziartuaren artikuluan ere Itxaropenarenaren kasua euskal liburuaren kate osoaz gogoeta egiteko baliatzen da, kontua ez delako proiektu konkretu baten itxieragatik penatzea (bakarrik). Liburuari gure kulturan zentraltasuna emango dion politika publikoak aldarrikatzen ditu, eta, gerturago etorrita, euskarazko liburuak duen kapital sinbolikoa debaluatzeari uztea, pasotismo baten izenean. «Itzalaldi puntualek baino, beldur handiagoa ematen didate horrelako itzalaldi progresiboek. Ba ote dauzka norbaitek linterna pizteko pilak?».

Gaur egungo testuinguruan bada euskaltzale den bat baino gehiago kapital kultural, sinboliko eta ekonomikoak (bir)produzitzen dituen instituzioetan, Legebiltzarretik hasi eta unibertsitateetara. Baina, esango nuke, euskarazko liburuarekiko (eta ‘euskal’ edozerekiko) pasotismoa beste lekuetan bezain indartsu dagoela horietan ere. Etorkizuneko koadrotegietan, nahi gabe ere, errazago egiten zaigu kapital sozial, kultural eta ekonomikoa arlo internazionalago, guaiago, inportanteagoen bitartez sortzea. Seguru asko, funtsean euskaltzale izan bagarelako, baina ez dakigulako zer egin euskaltzaletasun horrekin. Eta izatea ekitea dela ikasiak gaude aspalditxo.

Artikulu eta erreportajeek balio dezakete euskaltzale kontzientziak pixka bat mugitzeko, baina falta, esku-argiak piztea falta da, erabakiak, hautuak, irizpideak argitzeko. Zeren, bestela, hemendik hamarkada batzuetara hurrena hartu beharko ditugun linternak berriro ere txibiak arrantzatzeko izango dira, goizalde ilunetan, orduko Rocamorarentzat; zeina funtzionario-leinner moduko baten gisan irudikatzen dudan, bide batez. Eta, zer esango dizuet, heroikoa izango da irudia, baina hotza ematen dit itsasoak; eta pereza, enegarrenez zerotik hasi beharrak.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan