2026-11-06 Ondaretik
Jende guti egonen da Hego Euskal Herrian asteazken honetako greba orokorrari buruz entzun ez duena. Azaroaren 11n kaleak etxebizitza eskuragarriaren aldeko aldarriz bete dira. Eta orain puri-purian dago etxebizitzaren auzia: Maricarmenen etxegabetzearen harira antolatu kanpaldiak egoera katalizatu eta agerian emateko aukera paregabea izan dira. Espainiar estatu mailan, olatu bederen, aurrekaririk gabeko mugimendua dela dirudi. Hainbestekoa izan da olatua, non greba orokorraz gain Espainiako Gorteetako hauteskundeetara deitu behar izan den, joko-eremu politikoa osotara irauliz. Baina kontu honi guztiari buruz argi dagoena da, etxebizitzaren mugimenduak orain eztanda egin arren, arazoa aspalditik datorrela, guztiz egiturazkoa dela. Gero eta garestiagoa da alokairua gure hiri eta herrietan. Egunero dakuskigu turistak auzotarrenak ziren pisuak hartzen. Eta etxebizitza eskubidea dela predikatzen den arren, badago jendea kale egoeran Euskal Herri osoan zehar. Eta arazoari aurre egiteko asmotan hiru aldarrikapen sinple egon dira lehendabiziko lerroko pankartetan: lehena, espekulatzaileen desjabetzea, bigarrena, jardun espekulatiboaren debekua, eta azkena, etxebizitza langileen behar sozialen arabera antolatzea.
Etxebizitzaz mintzo garelarik, irudi zehatz bat da burura datorkiguna. Eta normalean, irudi horretan familia bat ageri da. Etxebizitza eta familia-eredua, bada, uste baino lotuagorik daude. Arkitekturan bertan ikusten da nola etxeak eraikita eta diseinatuta dauden bikoteentzat (eta euren balizko umeentzat). Buruan eredu horiek edukita eraiki dira etxeak, eta horixe da islatzen dutena: bikote zisheteronormatiboan oinarritzen den familia-nukleo bat, espazio indibidual eta amankomunen bereizketa argi eta zurruna, eta rolen banaketa familiako kideen artean. Etxeetako betoiak gogor bezain zurrun jarraitzen du erregimen zisheteropatriarkala betikotzen: alde batetik, familiaren zentraltasuna, eta bestetik, generoaren araberako lanaren eta rolen banaketa. Kontu hauek ulertzeko bereziki baliagarriak zaizkigu feminismotik egindako ekarpenak. Jule Goikoetxeak ederki azaltzen du bere ‘Espazioaren produkzioa: familia, hiria, utopia’ artikuluko lehendabiziko hitzetan: «Zonifikazioaren printzipioak espazioa generoaren eta gerora arrazaren arabera banatzea ekarri zuen, non lan ordainduaren espazioa maskulinitatearen propietatea zutenentzat izango zen diseinatua, eta, bizilekua, aldiz, lan ez-ordainduaren espazioa izango zen, hots, maskulinitatearen propietatea ez zutenentzat» (Jakin 251, 2022: 29). Hitzotan argi gelditzen da etxebizitzaren antolaketak eta oro har planifikazio urbanistikoak paper handia jokatzen dutela genero rolen betikotzean. Lan produktiboa gizonei lotu izan zaie historikoki, eta lan erreproduktiboa, ordea, emazteei. Horrek emazteen eta esfera pribatuaren arteko lotura indartzea dakar: funtsean, etxebizitzarekiko lotura. Eta etxebizitza horrela antolatu izan da, dikotomia horren eta bikote zisheteronormatiboaren arabera.
Eta genero-rolak indartzen duen paperaz gain, familia eta etxebizitzaren arteko loturak gauza asko erraten dizkigu. 2019an argitaratutako Maitasuna politikoa da zenbaki bikoitzeko ‘Etxebizitza eredua auzitan jartzen’ artikuluan aipatzen den moduan, «etxea da gure oinarrizko harreman eta sostengu-sareak finkatzen dituen instituzio sozioekonomiko nagusia» (Jakin 233-234, 2019: 200). Gure bizitzetako zaintza-sareak gure etxekideen arabera eraikitzen ditugu. Zailtasun-egoeretan edo zahartzaroan, erraterako, horiek dira zaintzaz arduratzen normalean. Eta familiaren eta bizilekuaren arteko harremana hain denez oinarrizkoa, familiako kideak izan ohi dira hauek; are familiako kide feminizatuak: «Kasu gehienetan emakume heldu horiek beste emakume heldu batzuek zaintzen dituzte; kasuen % 42,7etan, beraien alabak dira zaintza lan horien emaile nagusiak. Gizon zaharren kasuan, zaintza emaile nagusia emaztea dugu, %40,8etan; alaba, ostera, %26,6etan. Beraz, zaintza horien protagonista orokorrak Espainiako Estatuan emazteak eta alabak direla baiezta dezakegu» (Jakin 233-234, 2019: 101).
Gauzak horrela, zer gertatzen da euren buruak aipatu familia-eredutik at kokatu nahi dituzten horiekin? Nola bermatzen da zaintza hori? Izan ere, gero eta gehiago dira familia nuklear eta tradizionalari uko egin eta bertzelako bizi-ereduak xerkatzen dituztenak. Pisukidetza eredu desiragarri moduan ikusten da zenbait sektoretatik, eta ez prekaritateari aurre egiteko bide soil moduan. Laguntasunak gero eta leku handiagoa du jende asko eta askoren bizitzetan, baina elkartasun afektibozko harreman alternatibo horiek ez dute nahikoa aitortza sozial normalean, eta ez dira familia-harremanen hegemonia gainditzeko gai. Askotan zail egiten da norma horretatik at kokatzen den bizi-eredu bat imajinatzea. Eta jadanik aipatutako azalpen sinplea du horrek: ez da horretarako eraikitzen. Irati Mogollonek auzi honen inguruko hausnarketa interesgarri andana eskaintzen du ‘Zaintza arkitekturei hurbilpena. Etxebizitza kolaboratiboak eta zahartzaro aktibista’ artikuluan (Jakin 233-234, 2019). Zenbait etxebizitza kolaboratibo eredu aztertuz eta erkatuz topatzen ditu aipatu zailtasunetarako soluzioak. Etxebizitza kolaboratiboetan familia- edo elkarbizitza-unitate bakoitzak metro karratu gutxiko espazio propioa du, eta horrela libratzen den gainerako espazio guztia komunitarioa da. Horrek ahalbidetzen du, eraikinaren partekatzearen bitartez, sukaldea, egongela, kirol-espazioak partekatuz, espazio horiei loturiko jarduerak ere era komunitarioan aurrera eramatea. Eremu publiko eta pribatuaren arteko erdibideko espazio batzuk sortzen dira hor, non «elkartasun eta zaintza jarduerak burutzen diren, eremu publikoaren anonimotasuna eta eremu pribatuaren familia hertsiaren egituraren amildegiak saihestuz» (Jakin 233-234, 2019: 104).
Erran bezala, Mogollonek bere lanean hainbat eta hainbat etxebizitza kolaboratiboren konparaketa egiten du. Europan zehar dauden adibide askoren gainean aritzen da, eta argi ikusten da badaudela askotariko beharrei erantzuteko askotariko etxebizitza kolaboratibo ereduak: belaunaldiartekoak, senior-cohousing-ak… Haatik, hain urrun joan gabe ere baditugu Euskal Herrian etxebizitza kolaboratibo adibideak. Donostiako Abaraska proiektua da bat. Mogollonen artikuluaren zenbaki berean argitaratu zen ‘Etxebizitza eredua auzitan jartzen’ artikulua (Jakin 233-234, 2019), komunitate honen sorrera eta funtzionamenduari buruzko zenbait argipen ematen dituena. Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa Donostian jaio zen, eta ez da kasualitatea euren erranetan. Erran liteke funtzio bikoitza betetzeko sortu zela Abaraska: alde batetik, etxebizitzaren krisialdiaren aurrean erantzun zehatz eta bizigarri bat eskaintzea, logika merkantilista eta espekulatibotik at kokatuz eta etxebizitza eskubide gisa ulertzeko ahalegina eginez; bestalde, aurretik aipatu dugun familia-eredu zisheteropatriarkalarekin apurtzeko modu gisa irudikatzen dute. Artikuluan gauza asko aipatzen diren arren, enfasi berezia egiten dute etxebizitzaren jabetza-ereduan. Haien apustua erabilera-lagapena da. Eraikin osoaren, eremu amankomun zein pribatuen jabea bizilagunek osatzen duten kooperatiba bat da, ez bizilagunak berak. Bizilagunek kuota bat ordaindu behar dute etxebizitzaz gozatu ahal izateko. Jabetza-erregimen honek espekulazioa ekiditen du haien ustetan, baita kudeaketa demokratikoa sustatu ere. Horrez gain, horrelako proiektuak lur publikoetan garatzeko gogoa erakusten dute, esku pribatuetara joan ez dadin etxebizitza kolaboratiboen eredua, eta, etxebizitza eskubide bat den heinean, administrazio publikoa baita hori bermatzearen erantzule nagusia.