[Ondaretik] Demonologia, sorgin-ehizak eta beste zerbait

2025-01-17 Ondaretik

Irudia: Sorginak, Angel Olarte Arnaiz. 1924

 

Argia-ko efemerideen txokoak ekarri dit bosgarren mendeurrena, Nafarroan 1525eko urtarrilaren 17an izandako sorgin ehizarena. Erresumaren hego partearen konkista aldiaren azken hilabeteak ziren, sorginkeriaren trend-a topiko bihurtzen hasia zen ordurako Europan eta, oro har, lurraldeak eta arimak kartografiatzen ari ziren intelektualik modernoenak. Adibidez, 1480ko hamarkadan teologoen artean hainbat obra zabaldu ziren sorgin jendeari zer demonio pasatzen zitzaion azaltzeko: Heinrich Kramerren Malleus Maleficarum (1487) izan zen bat, Europan ezagunena eta aita santuak babestua; Nafarroako jeinuak ere egin zuen bere ekarpena hamarkada berean, Martin Andosillakoaren De superstitionibus-ekin. Esaten dutenez, Andosillakoak sorginkeria lotzen zuen Jainkoaren bidean galdutako jende gizagaixoaren superstizioekin, eta tratamendu onbera xamarra proposatzen zuen, atzera bide onera ekartzeko. Malleus-a gogorragoa zen, Etsaiaren deabrukeriak ikusten zituen sorginen egintzaren atzean. Sorginena ez zela gizajende xumearen beldurretatik sortutako superstizio hutsa, alegia, beste zerbait, indar gaiztoren bat hor atzean.

Superstizioa vs beste zerbait, San Martin vs Stürze-Glz. de Garai

Malleus-a atera eta bost mendera argitaratu zuten Jakinen ‘Euskal sorgina: estereotipo bat‘ lana, Alizia Stürzek eta Iñaki Gonzalez de Garaik idatzia. Polemikatxo batetik zetorren kontua, 1984an argitaratu zuten Sorginak eta Errepresioa Euskal Herrian liburuari kritika gogor xamarra egin baitzion Juan San Martinek hurrengo urtean, Egan aldizkarian.

Polemikaren muina, mutatis mutandis, bost mende lehenagokoaren antzekoa zen, ea sorginkeriaren fenomenoaren atzean beste zerbait sakonagoa ikus ote zitekeen edo ez. San Martinek sorgin ustekoak «gizajo inozentetzat» dauzka, sorgin ehizak psikosi kolektiboak izan ziren eta garaiko giro ezegonkorrari (erlijio-gerrak eta abar) eta pulpitutik zabaldutako iruditeria deabruzkoari egotzi behar zaizkio. Sorgin-ehizen alorrean ez dago zertan zumarrari gari eske hasi, nahiz eta marxistek edo feministek uzta jaso nahi handik. Superstizioaren eremuan utzi behar da kontua, eta auzia horrekin amaitu.

Aldiz, Stürtzeri eta Gonzalez de Garairi, azalpen psikologikoak eta demonologikoak aintzat hartuta ere, partzialak iruditzen zaizkie. Galdera gehiago daude egiteko: adibidez, zergatik zeuden jopuntuan gehienbat «marginalitateak», hau da, emakumeak, umeak, baztertutako «arrazazko taldeak» eta gainerako talde sozialak; zer funtzio izan zuten sorgin-ehizek eta sorginkeriaren mamua haizatzeak Erdi Arotik eta herri xumearengandik zetozen kultur formen (ezagutzen, antolamenduaren, jabetza formen) aurka; ze eragin izan zuen XVI. mendean zehar estatuak, maiz elizarekin batera, ezagutu zuen botere pilaketan; sorginkeria agerpenak lotuta ote zeuden klase-gatazken goraldiekin… Auzia itxi eta estutu ez, ireki eta zabaldu egin behar zen, sorginkerien atzekoa argitara ekartzeko bai, Modernitatearen hastapenetako aldaketa sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalak ganoraz aztertzeko ere bai.

Beste zer bai?

Caliban eta sorgina liburuaren hitzaurrean esaten du Federicik azterketa mardul horren ernamuina 80ko hamarkadako zenbait ikerketatan aurki daitekeela, aipatu dugun polemikaren garai bertsuan. Gero liburua estreinakoz 2004an argitaratu zen eta euskarara 2017an iritsi zen, Eskafandra bildumaren baitan. Auzia bukatuta, behintzat, ez zegoen, hortaz, eta garatu ere, gehiago garatu zen sorginkeriaren atzean beste zerbaiten zantzuak bilatzen zituzten feminismoaren eta marxismoaren ikuspegietatik. Eta Caliban eta sorgina liburuaren harira Ignazio Aiestaranek Jakin 224en idatzi zuen ‘Glokalian‘, kritikaren muina ez zen superstizioaren gorabeherarik izan batere, ezpada Federicik Marxen lanaz egiten zuen irakurketarekiko desadostasuna. Are, kritika horretan esango duenez, sorginen inguruko ikerketa oso erabilgarria iruditzen zaio, nahiz eta oinarri ekonomikoetan akatsak ikusten dizkion. Sorgin eta ehizatu jendea inuzentea izan zitekeen agian, baina ordurako nabaria zen, baita ere, jende inuzentearen historiak atzean irakaspen handiak gordetzen dituela, begiratzen jakinez gero.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan