HamaikaTB

[Ondaretik] Klasiko zaharberriak Berlinaletik

2026-02-20 Ondaretik

Aurten ere, Berlinalen zinemaz baino gehiago hitz egiten ari direla politikaz irakurri dut aste honetan. Normalean, zine zaletasun arruntetik harago joaten ez naizenez eta propio bila jartzen ez naizenez, zeharbidez soilik izaten dut festibal horretako kontuen berri, han albistea irakurri eta hemen jakinarazpenak jaso; baina aurten ohi baino gehiagotan heldu zaidanez hango haizea, azkenean atentzio pixka bat jarri diot, aurtengo auzi politikoari eta, bide batez, festibalari buruz gurean idatzi denari. Gainera, gaur egun nola aktualitatea gauza oso zirimolatsua den eta honezkero gure atentzio leihoa ere haizeteek eraginda bezala ireki-isten den, gurutzatu zaizkit tartean bideo biral bat eta kontsulta etsiren bat eguraldi pronostikoari, etxera bidean ibaia aterata egongo delako kezkak akuilatuta.

Hortaz, honela irudikatu behar duzue artikuluaren sarrerako sekuentzia: plano kontraplanoa pantaila bi aldetatik enfokatuz, orain Jakineko artikulu zahar bat, orain euskalmeten mapa grisez betea, orain bideo bat epaile zendu berri batena akusatuari ea ETA kondenatzen duen galdetuz, hark ez duela galdera erantzungo ihardesten diola. Eta bulegoko leihoan ekaitza fra-fra jotzen.

 

Berlinaleko auzi politikoa(k)

[Flashback] Begoña del Tesok aipatu izan du aldizkarian gehien Berlinale jaialdia, bere Egunen Gurpileaneko kolaborazioetan. 1994an, Jakin 80.ean, bere artikuluaren atal bat eskaini zion festibalari, urte hartako proposamenen eta jaialdiak sorreratik zuen izaera politikoaren gaineko iruzkinak tartekatuz. “Berlingo zinemaldiak begiak erne, belarriak tente egiten dio so inguruan duen egoerari. […] Berlinalek zinemak, irudiak mundua aldatuko duela zinez sinesten du.” Auzi politikoei leku egiteko zinemaldia da.

Hala, erakusten ditu Berlinalek egin dituen zeluloidezko ekarpenak HIESaren aurkako borrokan edo askapen sexualari buruzko aldarrietan, saritu dituen hainbat eta hainbat filme konprometitu (In the name of the father Irlandarra edo Fresa y chocolate kubatarra). Inoiz baino borrokan irmoago ikusten du del Tesok Berlinale, Harresia bota osteko hiriburu berri hartan. [Fade-out. Beltzera itzali]

2026ko Berlinaleren epaimahaia aurkezteko prentsaurrekoa. Deserosotasuna sortu da kazetari batek galdetu duenean ea festibalean, den bezain konprometitua izanda kausa ugaritan, adierazpen askatasuna zertan dagoen Gazaren egoerari dagokionez, esaterako, Alemaniako estatua Israelen defendatzaile sutsua eta festibalaren diruztatzaile nagusia denean. Erantzunak izan dira polemikoenak: pelikulak ez direla politikoak gatazka politikoen zentzuan, zinema politikaren kontrapisu humanoa dela, zinemak mundua aldatzen duela, bai, baina ez politikan, ezpada bihotzei hitz eginez, eta beste zenbat Mendebaldekeria. Hortik aurrera, hainbat eta hainbat erreakzio, Arundhati Royren ukoa parte hartzeari, edo laurogeitaka zinegileren mezua Berlinalek duen Gazarekiko isiltasunaren aurka.

Berez, giroa berotuta zetorren, azken hiru edizioetatik. Ukrainaren defentsan garbi agertu izan da Berlinale (Zelenski presidentearen mezu bat proiektatu zuten 2023an, goresmen artean), Irango protestek eta askatasun faltak leku eskerga izan dute programazioan; baina auzi palestinarra edo Israelgo estatua gauzatzen ari den genozidioa aipatzeak interferentzia ugari sortu izan ditu. 2024an No Other Landen zuzendariek Gazaren egoera larria salatu zutenean Kultura ministroa atera zen “deklarazio antisemitak” gaitzestera. 2025ean Queerpanoramaren zuzendariak aurkezpenean filmeko aktore iraniar baten gutuna irakurri zuen, jaialdiaren epelkeria gaitzesten zuena, eta testuko “ibaitik itsasora” esaldiak epaitegietara eraman zuen.

Alemanian bereziki da zaila Israelgo estatuaren kritika publikoa. 2024ko kultur balantzea egiterakoan, Jakin 265 zenbakian, Irati Elorrietak ekarri zuen gaia. Bere artikuluan, aipatzen da urte hartako Berlinaleko polemika, baina baita Alemaniako giro kultural eta demokratiko zaila erakusten zuten beste zenbait gertakari ere. Nola Frankfurteko Liburu Azokak Adania Xibliri saria ez ematea erabaki zuen, eleberriaren merezimendu literarioa zalantzan jarri gabe ere, saria emateko une egokia ez omen zelako Hamasen urriaren 7ko erasoaldiaren eta jada aurreikusten zen Israelen erantzun militar neurrigabearen artean. “Erabakia soilik politikoa zen, abagune politiko larri baten ondorioa, baina kulturaren autonomiaren hauskortasuna, ahultasuna, agerian uzteaz batera, kultura demokratikoaren egoeraz asko esaten du”, zioen Elorrietak, arrazoiz. Nola Berlingo Kultura sailburua saiatu zen sortzaile eta eragileei diru publikoa jasotzeko aurrebaldintza gisa “antisemitismo klausula bat” ezartzen, definizio labainkorrekoa. Nola Nancy Fraser filosofo (judu) estatubatuarrari gonbidapena ukatu zitzaion Koloniako Unibertsitatean.

 

Klasiko zaharberriak

Auziak izan ditzakeen sekuela guztien artean kulturgileen, boterearen eta iritzi publikoaren crossoverrari helduko diogu hemen. Izan ere, Berlingo Harresia eraitsi zenetik, gutxi gorabehera, ohituta geunden, etxeak bezala, askatasunak ere desberdinak izatera Ipar edo Hego, Mendebalde edo Ekialde, gaizkiaren ardatza edo mundu librea; baita gure askatasun eta etxe horietan nor-nola sartu erabakitzera ere. Kontua da, orain, ekaitzak bezala, gatazkak ez direla Kariben edo Asia Mendebaldean edo urruneko leku basatietan bakarrik gertatzen. Gatazkak, genozidioak, oso etxeko eta oso mendebaldar aurkeztu izan zaizkigun horiek pizten eta gauzatzen dituzte maiz, eta lotsagorritu gabe telebisatzen dizkigute konplizitate bila. Horrek zaildu egiten du, iritzi publikoaren superprodukzioetan, arima-ederraren papera sinesgarritasun apur batekin jokatzen jarraitzea.

Pelikulak, hortaz, beste bide bat hartu beharko du, agian, aurrerantzean; boterearen eta iritzi publikoaren produkzioa gurutzatzen diren moduez pentsarazi nahi badu. Hasteko, oinarrizko kontu batzuk gogorarazteak kalterik ez luke. Ez dauzkagu klasiko txarrak horretarako.

Esate baterako, zentsura ez dela argitaratu aurretiko bahiketa soilik. Torrealdaik bere ikerketetan garbi erakusten du zentsurak ez duela soilik lan batzuk eremu publikotik erauztea bilatzen; ezpada iritzi publikoa bideratzeko eta iritzi edo kultur sortzaileak arrastoan sartzeko giroa sortzeko. Ispilu polita da Euskaldunon Egunkarian argitaratu zuen artikulua, 1991n Golkoko Gerraren aurrean izandako jarreragatik Espainiako orduko Kultura ministerioko goi-kargu zenbait kargugabetu zituztenekoa: “Aginteari begirunea zor zaio, hori bai. Aginteak, ordea, kultoa bilatzen du oso erraz. Eta ez du horren erraz onartzen kritika. Arriskurik nahi ez duenak hobe du autozentsura. Badaezpada ere. Txiringitoa salbatu nahi badu, zertan esanik ez.” Autozentsura nola elikatu boteretik, demokrazia liberaletan ere. Oinarrizko kontuen bigarren hanka jar liteke Azurmendiren kondenamaniari buruzko gogoetekin, esate baterako, Barkamena, Kondena, Tortura liburuan. Batez ere, ezagun zaharra egiten zaigulako Israelen edozein ekintza kritikatzeko Hamas publikoki gaitzetsi behar delako arau hura.

Zinismo gutxiago ere, txarra ez genuke, zenbait pertsonajeren partetik. Ezin baita munduko zine jaialdi prestigiotsuenetako baten zuzendaritzatik hain prestidigitazio moral zabarrak egiten ibili, gag ukrainarrak alfonbra gorri pertsiarretan jokatu eta, gero, trukoa Gazaratzen zaizunean, artearen autonomiaren kartarekin salbatzen saiatu. Ez, behintzat, zinemaldiaren marka politikotasun horretatik eraiki denean. Artearen eta politikaren harremana gai konplexua da inondik ere, baina eskapismo saiakera horri gehiegi ikusten zaio harri-kartoia dekoratuan. Eta zeluloideak ez du dena aguantatzen.

Kontrara, pentsamendu (moral) magikoan sinetsi ez, baina festibalaren antolatzaileek edo Kultura ministroak edo epaileren batek ezarritako eskenatokian malabarismo diskurtsiboak egin behar badira, agian, Wittgensteinen esakundea ez da soluzio txarrena gidoirako: esan behar duzunak ez badu isiltasuna hobetuko, isilik geratzea hobe dela. [Off ahotsean goiko bideo biraleko epaile haren galdera eta akusatuaren erantzuna.] Zeinek daki, horrela garbiago entzun litezke Alemaniako estatu arrazoiaren bobinak martxan. Kontsolatzeko, beti sar daiteke kredituetan, disimuluan bezala, Gu ta Gutarrakek aspaldian kantatzen zuen Uzten ari naiz hura.

[Flashback sarrera sekuentziara] Kontraplano batean, pantailan agertzen den eguraldiaren pronostikoan irakur zitekeen halako ekaitzak gero eta ohikoago bihurtzeko arriskua dagoela, eta balitekeela gure kaleak ez egotea behar bezain prestatuta ur guztiak egoki bideratzeko. [Zoom in] Segi beharko dugu gure klasiko zaharberriak errepasatzen.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan