2026-05-20 222 esaldi
«Emakumeen erailketa ia gehienak etxean gertatzen dira. Beraz, alde batetik, familian arazo bat daukagu, eta, beste alde batetik, elkarbizitzarako espazioan edo forma arkitektonikoan ere bai».
Ruiz, Oihane (2019). ‘Maitasunaren ideologia eta hirigintzaren arteko lotuneak‘. Jakin 233-234, 49-67.
Oihane Ruiz Menendez (Bilbo, 1974). Arkitekturan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hirigintzan eta teoria feministan ere ikasketak egin ditu. Arkitekturan eta hirigintzan eta horren inguruko pentsamendu kritikoan egiten du lan. Bere ikerketa lerroak lurralde antolaketa, hirigintza, politika, feminismoa eta ekologia dira. Argitalpen hauek ditu, besteak beste: ‘Espazio publikoa eta lekuak. Konplexutasunaren kudeaketa’ (Zehar 62, 2007), ‘Mapas de la ciudad prohibida’ (Medialab-Prado, 2019). NBE-Habitat-eko Genero Hub-eko kidea da.
2019ko Jakin Jardunaldia abiapuntu hartuta ondu zen Jakin-en 233-234 zenbaki bikoitza: Maitasuna politikoa da. Maitasunaren ideologiak geure buruak, geure harremanak eta geure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen aztertzen dute zenbakian ekarpena egin duten 11 lagunek. Jardunaldi horretan hartu zuen parte Oihane Ruiz Menendez arkitektoak eta hirigintza eta genero inpaktuan adituak, eta Usurbilen emandako hitzaldia oinarri hartuta idatzi zuen ‘Maitasunaren ideologia eta hirigintzaren arteko lotuneak‘ artikulua; bertatik dago aterata liburuxkako esaldia.
Maitasunaren ideologiaren eta hirigintzaren arteko harremanak aztertu ditu Ruizek testuan, maitasunaren ideologiatik abiatuta, zainketen inguruko konpromisoen giza egitura berri bat bilatzeko asmoz. Azaltzen duenez, «formak eta funtzioak planteatzen direnean, etxeetan, auzoetan, hirietan eta lurraldean ideologia bat edo bizitzeko modu edo egitura bat islatzen dira». Horregatik, egungo hirigintzak «eredu kapitalista eta patriarkalak behar dituen funtzioei erantzuten die». Horren aurrean, zaintzari eta giza harremanei erreparatuko dien arkitektura eta tresna berriak behar direla defendatzen du.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.