2025-11-10 222 esaldi
«Normarekiko gatazkan dago desira, eta limiteak urratzeko gaitasuna du».
Maialen Akizu Bidegain (Urretxu, 1996) bertsolaria eta idazlea da. Soziologia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, doktoregai da EHUko Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultatean, eta generoa eta politika kulturalak ditu hizpide. Jakin-en kolaboratzaile izan zen 2021-2023 urteen artean, Egunen gurpilean saileko Kultura atalean.
Liburuxkako aipua atal horretan argitaratutako pieza batetik atera da, eta sareko blogean ere eskuragarri dago testua. Desiraz ari da Akizu artikuluan. Eta kulturaren geruzez, sariez eta nostalgiaz. Edo horietako bakoitzak desirarekin duen loturaz. Izan ere, Akizuren arabera, «desira kulturgintzarekin lotua dago ezinbestean», eta mugak urratzeko duen gaitasunaren ondorioz, «transgresiorako formula» izan daiteke. Kulturaren atal horiek guztiak aztertzeko, Ernst Fischer filosofo, politikari eta idazle marxista austriarra, Irati Jimenez idazle eta kazetaria, Annie Ernaux idazle frantziarra eta Geruzak proiektua ekarri ditu testura.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
