2025-05-23 222 esaldi

«Izan ziur klase borroka ere galdu dugula; beraz, aurkakoek irabazi dutela. Kontsumoaren mesederako galdu dugu. Aberatsak bezala bizitzea helburu bat bilakatu da. Eta helburu horrek, egiazko txakur-ametsa izaki, zorionerako beste bide guztiak tapatzen ditu…»
Etxaluz Etxegarai, Kristiane in Amagoia Mujika Gurrutxaga (2016): ‘Kristiane Etxaluz Etxegarairi elkarrizketa‘ in Jakin 212, 11-77.
Kristiane Etxaluz (Domintxaine, 1941) militante politikoa eta kultur eragilea da. Medikuntza, biologia eta kazetaritza ikasketak egin ditu eta Filologia Hispanikoan lizentziatua da. 60ko hamarkadan garaiko mugimendu abertzale aurrerakoiarekin harremana izan zuen, eta Enbata mugimenduaren sorreran izan zen. 60ko hamarkadako mugimendu kultural euskaltzalean ere hartu zuen parte, bereziki antzerkigintzan. Euskal gatazkari estuki lotua izan da Etxaluz, IKrekin eta ETArekin harremana izan zuelarik. Errefuxiatuen babeserako mugimenduan ere ibili zen, besteak beste, deportatua izan zen bere senar Alfonso Etxegarairen defentsan. Gerora ere mugimendu abertzaleari eta euskal gatazkaren bilakaerari jarraitu zuen Etxaluzek.
Amagoia Gurrutxaga kazetariak ‘Historia bizia’ atalerako egindako elkarrizketan dator liburuxkan jaso den aipua. Elkarrizketan zehar bizitza osoari errepasoa egin ostean, gaur egungoari begira jarritakoan egindako gogoeta da. Indibidualismoa nagusitu dela ikusten du Etxaluzek gaur egungo gizarteari begira, kontsumismoa nagusitu dela. Aberatsek irabazi eta klase apalenek galdu duten klase borrokaren emaitza da hori beretzat, helburu bilakatu baita aberatsak bezala bizitzea.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.