2026-03-04 222 esaldi
«Herri txikietako emakumeon bizitza zaintza-lanak eta errepideak baldintzatzen duen garaiotan, askeago izateko borrokan, tokiko merkatariak gure aliatuak dira».
Arrazola, Jone (2019). ‘Emakumeak errekadutan: kalea eta elkar babesteko sareak ehuntzen‘, Jakin 233-234, 153-165.
Jone Arrazola Maiztegi (Oñati, 1995). Gizarte eta Kultur Antropologian graduatua da eta ‘Emakume eta gizonen arteko berdintasuna’ masterra egina du, biak Euskal Herriko Unibertsitatean. Emagin Elkarteko ikerlaria da, eta bere ikerketa lerroak memoria historikoa, zaintza lanak eta hirigintza dira. Bere lehen liburua argitaratu du: Oñatiko emakumiak errekadutan. XX. mendeko merkataritzaren etnografia feminista bat (Oñatiko Udala, 2019). Mugimendu feministako kidea da.
Liburuxkako esaldia 2019an argitaratutako Jakin 233-234 zenbakitik dago aterata. Zenbaki bikoitz horrek maitasunaren ideologiak gure buruak, harremanak eta etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen aztertzen du, eta bertan aurkitu daiteke Jone Arrazola Maiztegiren ‘Emakumeak errekadutan: kalea eta elkar babesteko sareak ehuntzen’ artikulua. XX. mendeko merkataritzaren etnografia feminista bat aurkezten du testuan; ekonomia, elkar babeserako sareak eta kaleen bizitza uztartuz.
Arrazolak azaltzen duenez, merkatuak, behe barruak eta dendak bestelako maitasun harremanetarako «arrakala» izan dira: «familia eta erromantikotasunari paralelo, elkarren babeserako sareak osatzen zituzten emakumeek». Horrez gain, adierazten du merkataritzak hiru ekarpen egin eta egiten dizkiola herriari: ekonomikoa, sozioemozionala eta espaziala. Izan ere, «dendak, emakumeentzat –merkatari zein bezero izan–, familiaz aparteko laguntasunerako, maitasunerako, elkarren babeserako sareen topagune izan dira».
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
