2025-02-24 222 esaldi

«Euskara batuaren egikaritzea da 1960ko eta 1970eko hamarkadek lortutako helburu bakarretakoa. Betetzera iritsi den utopia zatitxo bat.».
Garmendia Lasa, Elixabete (2018): ‘Mende erdi utopia gurean‘, Jakin 227-228, 13-31.
Elixabete Garmendia Lasa (Ormaiztegi, 1953) informazio Zientzietan lizentziaduna da. Kazetaritzan jardun du, batik bat: Zeruko Argia –gerora Argia– astekarian eta Euskal Telebistan garatu du ibilbide profesionala eta kolaborazioak egin ditu Emakunde, Euskonews, RIEV eta Ankulegi aldizkarietan, Berria egunkarian, Euskadi Irratian eta Euskalerria irratian. Argitalpenei dagokienez, Bidegileak saileko hamar biografia egin zituen. 36ko gerra Ormaiztegin (Eusko Ikaskuntza, 2012) eta Carlos Garaikoetxea, lider bat lehendakari (Berria, Elkar, Jakin, 2018) liburuen egilea da eta koordinatzailea Yoyes desde su ventana (1987) liburuan. Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte Antropologiako Master Amaierako Lana Ormaiztegiko fabriketako emakume ezkonduei buruz idatzi zuen. Jakinen, artikulu luzeagoekin batera, Egunen gurpilean atalean idatzi izan du, baita hainbat urtetako kultur kronikak egin ere.
Artikulua datorren zenbakian utopiaren eta 1968ko urte utopikoaren gaineko atzera eta aurrera begirada egiten da, berrogeita hamargarren urteurrena abiapuntu hartuta. Garmendiak garai utopiko borborkari hura berregiten du bere idatzian: ETAren ubikuotasuna, nazio askapen eta langile mugimendua, euskararen borroka, euskal feminismoaren lehen agerpenak, Burgosko Prozesua, Herri Gaztedi antolakundearen eragina, Yoyesen hilketa, sektarismoaren mamua… ditu aipagai, eta argi-itzalez jositako errepasoaren artean dator liburuxkako esaldia.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.