2025-12-16 222 esaldi
«Dela irria, dela drama, euskal antzerkia ez da oraindik behar bezala zapartatu. Eta, beraz, bidea segurik hauxe da: lan egitea! Beti bilatzea. Zilatzea. Barnatzea. Sail orotan. Bai idatz mailan. Baita jokalari gisa ere. Eta badugu lan egiteko».
Landart, Daniel (1985). ‘Iparraldeko teatro-giroaz‘, Jakin 37, 89-94.
Daniel Landart Urruti (Donoztiri, 1946) Nafarroa Behereko antzerkigile eta idazlea da. Eleberri, saiakera eta antzerkiaz gain, poesia ere idatzi du Landartek, eta haren olerki batzuk abesti bihurtu dira, Mikel Laboak kantatutako Zure begiek abestia, esate baterako. Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat ere izan zen, 1972an, Ipar Euskal Herriko beste 19 gazterekin batera, garaiko euskal kultur egoeraren norabidea aldatzeko asmoz. 1979an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 2021ean, ohorezko. Euskal Kultur Erakundearen zuzendariorde izan da 2010. urtera arte.
Liburuxkako aipua 1985ean argitaratutako Jakin 37 zenbakiko Iparraldeko teatro-giroaz testutik dago aterata. Zazpi-zortzi urte zituenera egin du salto Landartek artikuluan, komedia zer zen deskubritu zuen garaira, hain zuzen: «Nik, egia errateko, ez nekien zer zen ere, xuxen-xuxen, komedia; baina zerbait berezi, zerbait eder, zerbait liluragarri zatekeela, hori bai, zinez sentitzen nuen». Ordutik antzerkiarekin izan duen ibilbideari ere erreparatu dio: antzezle gisa hasi zenekoa, 1976an Antzerkilarien Biltzarra muntatu zutenekoa… Kulturgileak azaldu duenez, antzerkien bidez ideia eta ikusmolde bat transmititu nahi izan du, edo «ikusleen baitan, gutxienez, duda, kezka bat sorterazi; ideia inapresten aurka altxatuz». Horrela, aldarrikatu du antzerkia irri eragiteko ez ezik, gizartea aldatzeko tresna gisa ere erabil daitekeela.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
