2025-03-12 222 esaldi

«Ez da lan erraza arraro bihurtutakoa etxekotzea, denean arroztu baita ikuslea, berdin filmetako euskaran eta ezohiko formetan.»
Imaz Pozueta, Andoni (2023): ‘Euskal kultura 2022‘, Jakin 253, 61-67.
Andoni Imaz Pozueta (Urretxu-Zumarraga, 1996) kazetaria eta ikertzailea da. Ikus-entzunezko komunikazioan graduatu zen Mondragon Unibertsitatean eta Elias Querejeta Zine Eskolan Komisariotza ikasketak egin zituen. Berria egunkarian kazetari lanetan aritu zen hainbat urtez, kultur gaietan. Horretaz gain, zinemari eta ikus-entzunezkoei buruzko artikuluak argitaratu ditu hainbat aldizkaritan eta zinema kritikak ere idazten ditu, besteak beste, Berria egunkarian. Jakinen, 2022, 2023 eta 2024 urteetako kultur kronikak idatzi ditu, ikus-entzunezkoen ikuspegitik.
Liburuxkako esaldia 2022ko kultur kronikatik ateratakoa da. Zinemagintzaren hausturak errepasatzen ditu kronika horretan, urte hartako piezei, emanaldiei eta gorabeherei erreferentzia eginez, baina arnas luzeagoko joerak seinalatuz, irismen handiagoko galderak eginez. Hausturak aipatzen ditu Imazek: hala forma zinematografikoetan, nola filmen eta ikusleen artean. Zinemarekin dugun harremana gero eta (kode bakarraren arabera) kodifikatuagoa sumatzen du, egunerokoan “zerbait” (telesailen bat) ikustearen arabera. Ohituren eta esperientzien homogeneizazio horrek ekartzen du, hain justu, esaldian aipatzen dena: zinemaren forma askotarikoak eta hizkuntza ez hegemonikoak arrotz bilakatzen direla, biak ala biak daudelako ohiko ikus-entzunezkoen esperientziatik kanpo. Eta horiei buelta emateko politika kontziente eta epe luzekoak beharko direla, hori ere gogorarazten du.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.