2026-09-15 222 esaldi
«Bidaia ezazue, madarikatuak! Bidaia ezazue, zuen begia, zuen herria utzita, begirada zuzena erabakitzen duen begi handiaren –inperio handiaren– barruan! Ireki ezazue zuena ez den begia eta ikusi, behingoz, ikusi behar duzuena! Begi handi horretan hasten da biolentzia».
Iturriotz, Ander (2010): ‘Euskal kultura 2010‘, Jakin 181, 36-47.
Ander Iturriotz Lauzirika (Ordizia, 1961). Soziologian doktorea da eta Filosofian lizentziaduna. Itzulpengintza masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea da 1989tik aurrera. Ikergai ezberdinak landu ditu, besteak beste, soziologia politikoa, iritzi publikoa eta kultura. Hiru liburu argitaratu ditu ikerketa klasikoetan: Boterea gizarte homerikoan (Utriusque Vasconiae, 2002), Giza abere heroikoa kultura homerikoan (Jakin, 2006) eta Lehen filosofia Heladen (Jakin, 2007). Euskal ikasketei buruz, berriz, hiru artikulu luze: ‘Azurmendi edo konkretutasuna’ (Hegats 45, 2010), ‘Elsa Scheelen eta genero gatazka’ (Hegats 49, 2012) eta ‘Mirande, faxistak eta filosofoak’ (Hegats 50, 2013). Literaturan ere egin du saiakerarik, Mugaren ariketa (Elkar, 2002) liburua, adibidez.
2010. urteko kultur balantzea biltzen du Jakin aldizkariaren 181. zenbakiak. Urteak emandakoari hainbat adarretatik heldu zioten hainbat kulturgilek, eta zenbaki horretan aurkitzen da Ander Iturriotz Lauzirikaren ‘Euskal kultura 2010‘ artikulua. Bertatik dago aterata liburuxkako aipua. Hizkuntzaren, nazioaren eta literaturaren arteko harremana logika politiko berean kokatzen ditu Iturriotzek artikuluan. Horrekin batera, salatzen du gurea bezalako herri batean ez dagoela gai sektorialak zein profesionalak garatzeko beharrezkoa den normaltasun sozial eta politikorik.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.