Uxue Apaolaza

«Diskurtso eginak puskatzeko da literatura»

2015-11-27 Elkarrizketak

Uxue Apaolaza (Hernani, 1981) gaurko euskal literaturaren ahotsik original eta berritzaileenetariko bat dugu, berak halako kalifikatzaileak eszeptizismoz hartzen baditu ere. 2005ean, artean 24 urte zituela, irakurleak eta kritika aho zabalik utziko zituen obra gogoangarriarekin azaldu zen plazan: Umeek gezurra esaten dutenetik kontakizun-bildumarekin (Erein). «Euskaraz inoiz irakurri ez genituen moduko perlak gordetzen ditu», idatzi zuen Gorka Bereziartuak, Apaolazaren begirada ausartak eta hizkera gordinak txundituta. Horrez gain, 2009ko uztaila arte egunerokotasunaren kultur kritikarako zutabeak idazten zituen egunero Berria-n, zinezko pieza literario xumeak izaten zirenak. 2009an, Igartza beka irabazi zuen, eta, horri esker, Mea culpa eleberria (Elkar, 2011) idatzi eta argitaratu zuen. Volgako Batelariak literatur taldearen kidea ere bada Apaolaza. Madrilen hainbat urtez bizi ostean, Hernanira itzuli da, eta han bisitatu genuen martxoaren hasieran.

 

Nola ikusten duzu euskal letren gaurko egoera?
Zer zentzutan? Ez dakit galdera horri erantzuten; ez dakit, adibidez, literatura-sistemaren egoera ekonomikoa zein den eta abar. Literaturarekin dudan harremana nahiko indibiduala da, ez dira gauza asko existitzen nire burbuila horretan liburuetatik eta nigandik harago. Denak ni bezalakoak balira, ez legoke sistemarik, hori ere egia da.
Eta produktu literarioen edukiaren aldetik?
Nik aurkitzen ditut gustatzen zaizkidan gauzak, baina ez daukat kritiko baten ikuspegia esateko zer literatura-mota produzitzen ari den orain. Susmo txarra sortzen didate ezer aurkitzen ez dutela esaten dutenek; bilatzeari utzi dioten seinale izaten ote den.
Euskal kondagintza modernoaren mugarririk handienetakoak ipuingintzan eman dira. ‘Benetako’ prosagile bihurtzeko, ordea, eleberria idatzi behar omen da.
Askotan bultzatzen dugu geure burua nobela idaztera. Ari zara ipuinak idazten, nobelak beldurra ematen dizulako.
Joseba Sarrionandiak edota Iban Zalduak aldarrikatu izan dute ipuinaren autonomia. Quim Monzó idazle katalanak esana da nobela gehienek orrialdeen heren bat izan ohi dutela soberan…
Ez dakit gehienek, askok bai, behintzat. Niri, azken aldian, beste sentsazio batek ere hartu nau, zenbait nobela irakurtzean: puztutako ipuinak iruditu zaizkit, nobela behartuak-edo. Esango nuke niri ere gertatu zaidala, hein batean: nobela idatzi aurretik ipuinak idazten ari nintzen, baina, lotuta zeudenez, nobelari beldurrez ari ote nintzen pentsatu nuen. Ziurrenik ez nuen asmatu. Nobela bat idaztea bera helburu bat balitz bezala. Bestalde, ipuinak idaztea errazagoa dela pentsatzen da beharbada, eta ez da batere hala. Ipuin bati askoz ekonomia gehiago eskatzen diozu; hutsalkeriak garestiago ordaintzen dira, eta ez da erraza ipuin onak topatzea.
Nola ikusten duzu euskal literatura, aniztasunaren ikuspegitik?
Klase ertainak idazten du, klase ertain zuri-zuriak. Aniztasuna horretara mugatzen da. Nire inpresioa da horregatik dela hemen hain erraza izatea transgresorea, apurtzailea; komunitatea klase ertain zuria delako, eta, ehuneko oso altuan, unibertsitatetik pasatakoa. Literaturan ez duzu aurkitzen kalean aurkitzen duzun aniztasuna. Eta apurtzailea izatea hain erraza bada, beharbada, zenbait kontutan, uste baino politikoki zuzenagoak garelako da. Horren harira, sentsazioa dut ausart hitza ez ote den kritiketan maizegi erabiltzen. Niri paradoxikoa iruditzen zait, fikziozko literatura ausarkerietan koldarrena izanik, hainbeste ausart izatea. Euskal idazleen artean ‘ausart’ pilo bat gaude. Kar, kar, kar.
Ipuinak idaztea errazagoa dela pentsatzen da beharbada, eta ez da batere hala. Ipuin bati askoz ekonomia gehiago eskatzen diozu; hutsalkeriak garestiago ordaintzen dira, eta ez da erraza ipuin onak topatzea.
Esana duzu euskal idazle batzuk idazle baino gehiago hizkuntza-artisau aritzen direla. Joseba Sarrionandiak, aldiz, ‘apurtu’ egiten du hizkuntza, Aitzpea Azkorbebeitiaren iritziz. Ildo beretik, «idazlea idazteko problemak dituen» pertsonatzat definitu du Koldo Izagirrek. Esan liteke, teknikari dagokionez, joera konserbadore bat eta joera esperimental bat badirela euskal literaturan?
Ez dakit. Ez dut euskal literaturaren ikuspuntu hain zabala. Euskaraz, kontserbadore izateko nola idatzi beharko litzatekeen ere ez daukat oso argi, teknikari dagokionez, estiloari eta abar. Zer kontserbatu behar da? Ez dakit guretzat zer den kontserbadorea. Ez daukagu imitatzeko hainbeste, edo ez dugu oraindik hainbeste imitatu, edo errepikatu.
Mea culpa eleberrian, narratzaileak nahita bilatutako hizkera traketsa erabiltzen duela nabarmendu du kritikak, Lurren izaera kaotikoa adierazteko.
Hizkuntza idazlearen tresna oso garrantzitsua da, noski, baina ez dut uste literatura hizkuntza errespetuz tratatzeko eremua denik; bihurrikeriarako gehiago dela uste dut. Hizkuntza bihurritu dut, nahi beste, nire helburuei komeni zitzaiela iruditu zitzaidan heinean: Lur nola zegoen, nolako abidura zeukan, denboraren sena galtzen zuela deprimituta egonda, etab. Hori zen. Iruditu zitzaidan posible zela hori egitea. Eta ez zait erraza izan. Ematen du idatzi dudala pentsatu gabe, baina niri errazagoa egiten zait txukunago idaztea. Ez nuen nahi irakurleak esaldiaren bukaera jakin zezan, hasi orduko; irakurlea hitz guztiak irakurtzera behartu nahi nuen. Gainera, ez nintzen ideiak biribiltzen ari, ez nituen ideiak itxita eman nahi, Lur zalantzaz gainezka dago, lotura batzuk kaotiko samarrak dira. Eta erabaki nuen horretarako zenbaitetan hizkuntza gaizki eman behar bazen, hala egitea…
Umeek gezurra esaten dutenetik kontakizun-bilduma eta Mea culpa eleberria plazaratu dituzu, orain arte. Hala ere, dagoeneko ospe handia lortu duzu euskal literaturan, batez ere Umeei esker. Ordura arte, euskal letretan ezezaguna zen hizkera eta begirada gordina eta berritzailea ekarri zenituen. Hala ere, esango nuke literaturan izan duzun ibilbidea ez dela bi obra horietara murrizten, Berria-n egunero idazten zenituen hainbat zutabe egiazko pieza literario txikiak iruditzen baitzaizkit, egunerokotasunaren kultur kritikaren eduki sakona dakartenak.
Ez dut aipatzen duzun ospearen berri! Eta, zerbait eransteagatik, ‘berritzailea’ adjektiboak mesfidantza sortzen dit; nik ez dut inoiz berritzailea izateko asmorik izan. Ni idazlea baino irakurlea naiz, eta irakurtzeari esker ikasi ditudanak erabiltzen ditut, besteak beste, baina, batez ere, neure ikuspuntuari forma emateko. Ez dut uste hori berritzailea denik; eta horretatik atera dena ere, ez dut uste.
Nik ez dut inoiz berritzailea izateko asmorik izan. Ni idazlea baino irakurlea naiz, eta irakurtzeari esker ikasi ditudanak erabiltzen ditut, besteak beste, baina, batez ere, neure ikuspuntuari forma emateko. Ez dut uste hori berritzailea denik.
Eduki filosofiko handikotzat jo zuen kritikak Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin-bilduma. Hala bada, literatur ikuspegitik, niri forma interesatu zitzaidan gehienbat: ez zenituela kontakizunak diskurtso filosofikoaren zerbitzuan jarri, hau da, ez zenuela literaturaz mozorrotutako panfleto filosofikorik idatzi, baizik eta, halakorik egotekotan, baliabide literarioen bidez iradoki zenuen mezu inplizitu hura.
Literatura politika, filosofia, gauza horiek, biografizatzeko modu bat izan daiteke, horri ñabardura biografikoak jartzekoa, eta alderantziz: gure biografiek politikotik, filosofikotik… zenbat duten neurtzekoa. Lehenagotik egina dagoenari nik eransten diodana nire biografiatik ateratzen dena da, biografia ulertuta era arruntean, eta Vila Matasen zentzuan, alegia, fikzioak integratuta. Hori da idazle, pertsona, bakoitzak duen ‘berrikuntza’: faktore guztien konbinazio bakar hori. Idazleari aplikatuta, adibidez, bakoitzaren irakurketa konbinazio bakar hori ere izan daiteke. Zuk biografia bakar bat daukazu. Beraz, filosofia sartzen duzu, politika sartzen duzu, horrek zure bizitzan eragina duen neurrian; kontzienteagoa, edo ez. Hori da ipuinetan dagoena. Eta literatura estetika da hein handi batean. Nik hitz egin nahi badut bakardadeaz, ezin dut jarri: «bakardadea, zer txungoa den!». Beste zerbait kontatu behar dut, eta irakurlea ohartzerako, nire obsesioez kutsatu. Hor dago zailtasuna: elipsiak, konplizitatea. Eta hori da, klase ertain zuriaren erreferentzietatik urruntzen bazara, hemen zenbaitetan ulertuko ez dizutena, gakoak narraziotik kanpo baldin badaude, behintzat. Orain target esaten diote horri, ez? Adibidez, Bueltak ipuinari buruzko interpretazio asko kontatu dizkidate; transexualitateari buruzkoa dela, drogek uzten dizkizuten arazoei buruzkoa… Bakoitzak bere ipuina ulertzen du. Batzuetan zail egiten zait sinestea, liburu batean inprimatuta, auskalo noren etxean, ohean beharbada, auskalo noren begiradaren aurrean dagoen ipuina nire etxeko bakardadean idatzi nuen hura bera dela, behintzat, antzekoa izateko gaitasuna izango duela.
Zenbait kritikoren arabera, Umeek… bildumak euskal literaturara ekarri zuen alde berritzaileetako bat zera izan zen: legez kanpoko drogak normaltasunez agertzea.
Drogak interesgarriak dira literaturarako, alderdi askorengatik. Legezkoak eta legez kanpokoak. Legez kanpokoek, gainera, legezkoek ez dituzten beste irakurketa batzuk dituzte. Eta horrek zailtasunak ere sortzen ditu lehen aipatzen genituen zenbait konturen inguruan; klase ertainak droga batzuekiko duen ikuspuntua, zerekin lotzen dituen, nola epaitzen dituen… Beste kode bat erabiltzen baduzu, beharbada ez dizute ulertuko. Hori, noski, hitzarmen sozial guztiekin gertatzen da; zeure buruarentzat ari ez bazara, norentzat ari zaren erabaki behar duzu, hein batean. Ez dakit hori egin dudan. Zeure burura mugatzen bazara, irakurle gutxiri hitz egingo diozu, agian, baina irakurle askori hitz egitea, ezer ez esatea ere izan daiteke, baina ez beti…
Bueltak kontakizunean: «Miranda, nire ‘lagun’ minenaren bikotekidea (horrek ez du transzendentziarik)». Ematen du gaitzespen moduko bat dela, «hori egitea gaizki dago» esango balu bezala…
Ez. Esaten dute, deprimituta egotean, konbentzio sozialetatik («horrek bikotekidea dauka; hori errespetatu behar da», eta halako arauetatik) urruntzen zarela. Obeditu, eta erreproduzitu egiten ditugu arau horiek. Drogak moralizatuak, normatibizatuak, daude, bikoteak ere normatibizatuak daude, sexua dago normatibizatua, amesgaizto bihurtzeraino. Literaturak uzten dizu hori dena berrikusten, zer zentzu eman diogun gauzei, zentzu hori kentzen, edo ikasten zergatik eman diogun zentzu hori, eta kendu, eta berriz egin. Literatura, nik erabiltzen dudan moduan, ez da hainbeste eraikitzeko; desegiteko da. Nik arrakalak egitearekin lotzen dut literatura. Diskurtso eginak, bukatuak, ziurtasuna ematen dizutenak, puskatzeko da literatura.
Bueltetan ere: «Ondo neurtu behar da anoa; hitz-jario kontrolik gabeak garesti ordaintzen dira. Nahikoa da ahulezia segundo bat, pare bat segundo, laguntza eskatzeko tentazioa izateko». Ematen du hor, zehar-bidez, narratzaileak zera dioela: «laguntza eskatu behar duzu».
Ez, ni ez naiz hain optimista, ez da aholkua. Kontrakoa da: «ez eskatu!, ez eskatu!, ez salatu zeure burua!». Ipuineko protagonista autodefentsa konpetitiboan ari da. Guztiok, neurri batean, etxetik ateratzen garenetan, protokoloak aplikatzen ditugu, ikusezinak izateko.
Literatura, nik erabiltzen dudan moduan, ez da hainbeste eraikitzeko; desegiteko da. Nik arrakalak egitearekin lotzen dut literatura. Diskurtso eginak, bukatuak, ziurtasuna ematen dizutenak, puskatzeko da literatura.
Bueltetan oraindik, irakurlearekiko elkarreragina bilatzen duzu: «bakarka zaude nirekin, zuei ere ez zaizkizue gizenak gustatzen, zuek ere gizenak izanik ere».
Bai, eta ez. Neurri batean, Lur da elkarreragin hori bilatzen duena, bai, behintzat, bilaketa hori esaldi horretan bezain ‘erregu’ denean. Eta Lur nerabea da horretan; ez du elkarreragin mota hori irakurlearekin bakarrik bilatzen, narrazioaren barruko zerbait ere bada; Lurren bakardadearen arrazoietako bat da inguruan dituen guztien onespena behar duela, bere bakardadearena, eta bere buruarekiko ezinegonarena.
Edertasuna zure pertsonaien kezketan agertzen den motiboa da. Eider Rodriguezen obran ere aurki daiteke kezka hori. Afinitateren bat ikusten al duzu?
Emakumeak dira bion kasuan kezka hori duten pertsonaiak? Hala bada, tik errealista bat izango da. Gure kurrikulumean asko pisatzen duen zerbait da, presentziagatik, edo absentziagatik, eta ez da hain subjektiboa izaten. Ez dut ezer berririk esango, gai hori oso landua dago; inposaketa estetikoena; hori ere normatibizatua dago. Eiderri ere zutabeetan-eta irakurri diot horri buruz. Luzerako ematen du gaiak.
Biok ala biok duzue begirada ausarta, tabuak hausteko konplexurik gabekoa, baita Euskal Herriko ‘abangoardiarekiko’ ikuspegi autokritikoa ere. Agerpenik gordinena «parke tematikoarena» (Mea culpa, 26. or.) da, eta Rodriguezen T’es très belle ipuinarekiko alderaketa saihestezina gertatu zait…
Nik ezin dut abangoardiarekiko autokritiko izan, ez naizelako abangoardiaren parte; hala ere, talde hori zein den ere ez dakit. Ohore bat Rodriguezen orbitaren batekin lotzen banauzu, baina ni ez naiz ausartzen konparaketarik egiten…
Mea culpa-n, etengabeko boutade nihilistak gorabehera, moralismoak zeharkatzen duela nobela begitandu zait, auzi politikoak auzi moraletara murrizteraino. Euskal ustezko pazifismoak esaten duenaren kontra, ez dirudi auzi politikoa moralaren eta moral-ezaren arteko auzia denik. Aitzitik, Joseba Sarrionandiak epikaren eta tragediaren arteko aldeari buruz azaldutakoari jarraiki, ikuspegi moral ezberdinen arteko talka legoke biolentzia politikoaren auzian. Hartara, Max Weberrek nabarmendu zuen bezala, «bere arima salbatzea eta besteena erreskatatzea helburu duenak ez du hori politikaren bidetik bilatzen». Joxe Azurmendik ere ohartarazi izan du auzi politikoak jorratzeko egokiagoa dela arrazoibide politikoetatik abiatzea arrazoibide moraletatik baino.
Niri arazo moralak ez zaizkit murritzak iruditzen. Baina hala iruditzen zaionari ez naiz harritzen liburua murriztailea iruditzen bazaio; nobela arazo moralei buruzkoa da ia huts-hutsik, edo arazo moralak politikoarekin talka egiten dutenekoari buruz, edo horiei ezin aurre egiteari buruz… Lurrek ez du politikarako bokazio gehiegi, baina egoera politikoak eragiten dio. Ez da politikari bati buruzko nobela.
Kontua ez da auzi moralak ‘murritzak’ diren, gatazka politikoak auzi moralak baino konplexuagoak direla baizik. Tragikoak dira auzi politikoak; epikoak, aldiz, gatazka moralak. Hori dela-eta, tautologikoa da arazo politikoak ikuspegi moral hutsetik ebazten saiatzea, jarrera politiko bakoitzak herri-ongiaren inguruan bere ikuspegi propioa baitu. Beraz, printzipio moral huts batetik ezin da agindu politiko zehatzik ondorioztatu.
Bai, baina nobela ez da horri buruzkoa. Izatekotan, nobelak dio diskurtso politiko kolektibo horien azpian arazo moralak dituen herritarra bizi dela. Berriro diot: arazo moralak interesatzen ez zaizkionari ez zaio nobela interesatuko.
Lurrek ez du ikuspuntu moraletik inongo gatazkarik konpontzeko asmorik, baina murriztailea bada gatazka politikoak moraletik konpondu nahi izatea, berdin da murriztailea gizarte oso bat eta gizarte horretako banakoen biografiak gatazka jakin baten ikuspuntutik baino ez irakurtzea, ez? Bando handi eta homogeneoak ondo datozkio bere gatazka hegemonizatu duenari, baina ez beste guztiei.
Nobelan, akzio politiko kolektiboaren eta moral indibidualaren artean sortzen den talkari edo konfliktoari buruz ari naizela uste dut; nik ez nuen nobela idatzi tesi bat hedatzeko, nire kontraesan eta ulertu ezin batzuk kutsatzeko baizik. Tira, eta Lurrek eskatzen zizkidan beste batzuk. Politikak diskurtso bateratzaileak bilatzen eta eraikitzen ditu, eta gu kolektibo baten azpian geratzen gara; bizipen kolektiboa eta indibiduala ez dira berdinak; literatura ñabardura indibidualerako eremu ideala iruditzen zait, diskurtso kolektiboari arrakalak irekitzekoa, eta, nork daki, beharbada diskurtso kolektiboak egokitzeko balio dezake. Azken hori ez dut asko sinesten. Literatura nire gordelekua izaten da horrexegatik beragatik: fikzioak dena jasaten du, eta muturrera eraman dezaket pentsatu nahi ditudan gauza guztiak, eta ispiluan begira diezaioket neure buruari, eta ingurua desmuntatu, txikitu. Nobela, berez, ez da kolektibo bati buruzkoa, Lurri buruzkoa da, eta indibiduook badauzkagu arazo moralak, erabaki politiko kolektibo ez moralekin ere. Gero hori aplikatzen duzunean zeure bizitzan, eta, batez ere, Lur bezala, iritziz aldatzen bazara, alegia, zuk, ados egon zaren bitartean, adibidez, hil baduzu… Hor mugida moral handi samarra daukazu, nahiz eta, hasieran, erabakia politikoa izan.
Mea culpa-n, akzio politiko kolektiboaren eta moral indibidualaren artean sortzen den talkari edo konfliktoari buruz ari naizela uste dut; nik ez nuen nobela idatzi tesi bat hedatzeko, nire kontraesan eta ulertu ezin batzuk kutsatzeko baizik.
«Perbertsio intelektualaz» (176. or.) ere mintzatzen da Lur. Nago establishmenteko ardituek eta irizlariek gehiegi higatutako oximorona dela hori (noiztik da delituzkoa pentsamendua?), halako arinkeriaz erabiltzeko. Duela gutxi, Alemanian eskainitako hitzaldian, zera esan du euskal sistema literarioko sariemaile maiztuenetako batek: euskal idazleak, hemengo gatazka politikoa literaturara eramatean, ‘borreroen’ ikuspegitik ‘biktimenetik’ baino hurbilago aritu izan direla, baina, azken urteotan, begirada hori aldatu egin dela. Ustezko aldaketa horren adibide, zer eta zure nobelaren izenburua jarriz…
Errespetu osoz, uste dut galdera hau falazia bat dela, neurri batean. Esaera bera esateagatik niri edo Lurri ezin diguzu egotzi esaera berdina erabili dutenen ideologia guztia, eta ez dut uste Lurrek pertsona horiekin zerikusirik duenik; ez da berdina Rubalcabak esatea, edo batere botererik ez duen herritar batek esatea, esanahia ere aldatzen da, eta ez zait errealista iruditzen zenbait konturekiko zalantzak dituenari, kontu horiek, eta beste asko, erreprimitzen dituztenen ideologia egoztea. Eta, hemen, hori asko egin da. Herritar batek esaten dizuna ez da Rubalcabak esaten dizun gauza bera; herritar horrek ez du torturatu, eta herritar hori torturaren kontra egon daiteke, eta egon, badago. Eta nik ez dut inoiz esan pentsamendua delituzkoa denik, ezta Lurrek ere.
Perbertsioa, normalean, delitua da…
‘Normalean’, ez dut uste perbertsioa legez kanpoko ezerekin lotzen denik. Gerora pentsatu nuen ea batzuek lotuko zuten Lurren kezka politikan eskatu diren kondenekin eta kontu horiekin; baina, nire ustez, ez dauka zerikusirik. Niretzat ez da Lurrek kanporantz egiten duen gauza bat: «biolentzia kondenatzen dut». Lur nerabea da kontu askotan, baina ez du biolentziaren ikuspuntu naïf bat.
Nola kondenatuko du biolentzia, biolentzia ia konsubstantziala izanda? Biolentziaren kontra? Lurren ustez, euriaren kontra egotea bezalakoa da hori. Nola ez da biolentziarik egongo? Klaseak dauden unetik, adibidez, badago biolentzia: boterea duen bat, eta, duenaren erruz, botererik ez duela ohartzen den beste bat (gizonek emakumeek baino botere gehiago, Mendebaldeak gainerako lurraldeek baino botere gehiago…) dauden unetik.
Lur ez zait pazifista iruditzen. Uste dut badakiela berak, erabakitzen duena erabakita, biolentzia eragiten duela. Kontua ez da biolentziaren kontra dagoela, kontua da ez dagoela ados lehen ados zegoen biolentzia batzuekin. Baina niri funtsezkoa iruditzen zait kontuan izatea Lur, berez, kritikatzen duen talde horretako parte sentitzen dela; autokritika bat da, ez kanpoko inor seinalatzea, edo kanpoko kritikarik bere egitea. Lurrek oraindik bere taldearen duintasuna salbatu nahi du. Ez da taldetik bera joan, hein batean, bota egin dutela sentitzen du.
Nolanahi ere, eleberriaren amaieran «barkamena» eskatzen du Lurrek (176. or.), nobelak Mea culpa du izena, hasierako aipua… Kontzeptu judukristauz josia dago liburua. Joxe Azurmendik esana: «hemen ateistak ere katolikoak dira».
Bai, gatazka hori nahiko agerikoa da liburuan: katolizismoa gure kulturaren parte da, nahi edo ez nahi. Ez dut Azurmendiren esaldiaren testuingurua ezagutzen. Egia da katolizismoak kartzela asko eraiki dituela gure baitan, eta ordezkatzen duen erakundeak gauza izugarriak egiten dituela; hala ere, nik ez nuke katolizismoa osorik baztertuko. Katolizismoa erakundetik kanpo irakurtzen bada, niri behintzat, ikasgai asko eman dizkit. Adibidez, Ebanjelioek ezkerreko ikasgai ugari dutela uste dut, eta Jesus pertsonaia politiko interesgarria dela.
Baina tradizio judukristauaren morala ez da munduko moral posible bakarra.
Ez, noski. Baina, bestalde, laikoa izateak ez du amorala izatea esan nahi. Eta Lur kontraesanera eraman duten zenbait balio moral katolizismoak ere biltzen ditu. Liburu horiek, Ebanjelioak, edo Korana, liburu politikoak ere badira. Aldarrikatzen duten anaitasun hori, tributik eta familiatik harago, anaitasunean komunitate bat egitearena, zurerik ezer ez edukitzearena… Zuk Ebanjelioak irakurtzen dituzu, eta zenbaitetan ematen du Jesus anarkista-edo dela. Beste gauza bat da Eliza. Ni ez naiz jarriko erruaren sentimendua defendatzen. Orain: erruaren sentimenduaren absentziak beldur handia ematen dit. Deitu erru edo deitu ardura.
Erlijioek ez dute sen moralaren monopolioa, ordea.
Ez naiz kristaua, baina bai sinesten dudala beste baten sufrimendua nirea dela, eragiten didana, eta politikoki eragin. Ni konturatzen banaiz nire sakelakoak hogei euro balio duela koma hiru ume beltz (koltana dela-eta, etab.), interesgarria iruditzen zait Ebanjelioak esatea: «sufrimendu hori zure arazoa ere bada». Gure ongizateak heriotzak sortzea bidegabekeria politiko-ekonomikoa da, eta ez da gogoeta moralekin konponduko, baina moralki ere eragin beharko ligukeela iruditzen zait. Nabarmen. Berez, ateoa izateak berak eraman nau katolizismoan hainbeste pentsatzera. Kontuz, katolizismoari uko eginda muga asko kentzen dizkiogu geure buruari, baina baita barkatuko digun autoritate bat ere. Chestertoni irakurri nion, uste dut, bera katoliko egiteko arrazoietako bat horixe izan zela: katolizismoa jendeari barkatzeko asmakuntza izatea. Chestertonentzat berria zena barkatua izateko aukera zen. Orain ez digu inork barkatzen. Moralak gara oraindik, eta barkatzailerik gabe. Nik neure kulturaren parte sentitzen dut katolizismoa, eta lan handia eman dit; hala ere, uste dut nobelan jartzen dela auzitan hori ere. Eta, esan dut, Lurrek ez du hiltzea bera mesprezatzen, ez dut uste, eta ez dut uste hiltzea soilik ikuspuntu moraletik begiratzen duenik.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan