Torrealdairen ekarpena

Kazetaritzaren eta soziologiaren bidetik, baina beti euskalgintza eta kultura sustatzeko ekimenen baitan egin du bidea Joan Mari Torrealdaik. Gazterik, paraleloki aritu zen euskarazko aldizkarien eta argitalpenen sustapenean eta euskararen alfabetatzeari lotutako jardunean. 60ko hamarkadan, alfabetatzea eta euskararen batasuna zirela-eta gerturatu zen Euskaltzaindira, eta 1966tik aurrera herriz herri ibili zen, Rikardo Arregiri lagunduz, literaturaren historiari, euskal aditzari eta euskara batuari buruzko hitzaldiak ematen. Urte horietan zehar, Jakin aldizkariaren zuzendaritzan ere aritu zen buru-belarri. 1969ko Jakin aldizkariaren debekuarekin, Frantziara jo zuen, eta bertan ekin zion soziologia ikasteari. Atzerritik hasi zen euskal idazleak eta haien obra argitaratuak ikuspegi soziologiko batetik aztertzen. Euskal Herrira itzulita, Jakin eta Anaitasuna aldizkarien zuzendaritza eta euskal liburugintzari buruzko ikerketa sistematikoak eraman zituen batera. Lan horren ondorio dira Euskal idazleak, gaur (1977), XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (1993), Euskal kultura gaur (1997) eta Jakin aldizkarian urtero argitaratzen dituen euskal liuburugintzaren azterketak eta katalogoak. Euskarazko kazetaritzari arnasa berria eman zion Euskaldunon Egunkaria sortzen eta kudeatzen ere lagundu zuen, berori 2003an indarrez itxi zuten arte. Euskarak pairatu duen zapalkuntza eta bazterketa ere aztertu du, euskararen soziologian bide propioa eginez. Oro har, euskararen zapalkuntza aztertzeaz gainera, bereziki zentsura frankistak euskarazko argitalpengintzan izandako eragina izan du ikerketa arlo. Soziologiako doktore tesia ondu zuen gaiari buruz, eta baita hainbat liburu ere: El Libro Negro del euskera (1998), Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1986 (2000), Asedio al euskera. Más allá del libro negro (2018) eta De la hoguera al lápiz rojo. La Censura franquista en el País Vasco (2019), besteak beste. Transmisioaren arloan ere aritu da lanean, hainbat euskal herritarren bizitza eta lana ezagutarazten: Rikardo Arregirena, Imanol Murua Arregirena, Karlos Santamariarena eta Martin Ugalderena, esaterako. Jakin aldizkarian Historia bizia elkarrizketa-saila bultzatu eta zenbait euskal eragileren obra osoa digitalizatzeko proiektua ere zuzendu du Jakin Taldean, belaunaldi zaharren ondarea hurrengoei eskuragarri jartzeko.
igoEdukieraren hasierara joan