Juan San Martinen ekarpena
Pertsona polifazetikoa izan zen, inondik ere, Juan San Martin: arkeologoa, etnografoa, mendizalea, Arartekoa, euskaltzaina, idazlea... Arlo askotan ibili zela esatea gutxi esatea da. Are esanguratsuagoa da bere ekarpena kontuan hartzen bada bere formazio urteek frankismoaren lehen aldi estuarekin bat egiten zutela eta jorratu zituen arlo gehienetan autodidakta izan zela.
Mendizaletasuna Eibarren bertan sortu zitzaion, bertako Club Deportibok antolatzen zituen txangoetan. Frankismo betean, 40ko eta 50eko hamarkadetan, halako mendi taldeek aterpe ematen zieten bestelako interesei ere, eta hortik hasi zen Euskal Herriari buruz idazten. Ingurumari horretatik iritsi zen Aranzadi Zientzia Elkartearekin lan egitera ere: espeleologian jardun zuen, koben esplorazioan eta katalogazioan. Mendizaletasunarekin lotuta, Jose Migel Barandiaranen eta Julio Caro Barojaren abaroan aritu zen, halaber, trikuharri, cromlech eta bestelako egitura arkeologikoen bila. Bide beretik iritsi zen etnografia lantzera: mendiko ibilbideetan ezagututako baserritarren eta artzainen bizimodua jasotzeko lan egin zuen, baita, etnografiaren zentzu zabalagoan, herri kantak, ipuinak eta esamoldeak ere.
Literatur azterketara salto egin zuenean ere, ez zuen ikuspegi etnografiko hori ahaztu. Jada Euskaltzaindiko kide zela, Juan Antonio Mogelen bizitza eta lana aztertu zuenean, Peru Abarka-n agertzen ziren olen eta olagizonen bizimodua ere landu zuen San Martinek. Literatur ikerketarekin batera, sorkuntza bidean abiatu zen, hitz lauz (Euzko Gogoa, Karmel, Anaitasuna) zein poesian (Olerti-n, Otsalar ezizenarekin). Hain zuzen, Otsalarren poemagintza eta itzulpenak (Rilke, García Lorca, Brecht...) bereziki esanguratsuak izan ziren gerraosteko euskal literaturaren haizeberritzean. Zentzu horretan, 1969ko Uhin berri lanak erakusten duenez, idazle berriei leku egitea izan zuen asmo nagusi.
Esanguratsua izan zen San Martinek bete zuen eragile papera Euskaltzaindian. Sartu berritan gerraosteko lehenengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa antolatzen lagundu zuen, 1958-1959 urteetan. Euskaltzaindian, ordea, arrastorik handiena euskara batuaren defentsan eta egonkortzean utzi zuela esan daiteke, duda handirik gabe. Idazkari lana bete zuen urteetan, batuaren inguruko eztabaida bizi eta mingotsa izan zen euskaltzaleen artean, baina San Martinek apustu sendoa egina zeukan euskara estandar sortu berria zabaltzeko. Arrazoi emango zion gerora denborak.
Gorabehera horien guztien ondoren ere, denbora eta gogoa geratu zitzaion jaioterriaren inguruko azterketak egiteko. Filologia aldetik, Toribio Etxebarriaren Eibarko euskarari buruzko lanak bildu eta osatu zituen. Hizkuntzalaritzaren eta etnografiaren artean, toponimia biltzen eta ikertzen ere jardun zuen Eibarko inguruetan.
Euskararen eta euskal kulturaren alorrean ibilitako bide askotariko horiei politikan egin zuen sartu-irtena gehitu behar zaie: Euskal Autonomia Erkidegoko lehen Arartekoa izan zen San Martin, 1989tik 1995era; berak jarri zuen abian lehenengoz Ombudsman-aren jarduna EAEn. Europako Ombudsman (Ararteko) Erakundeko buru ere izan zen 1994tik, 1995ean erretiroa hartu aurretik.
Bere ibilbide sigi-sagatsu zabala errepasatuta, ez da harritzekoa bakarren batek euskalgintzaren Land Roverra deitu izana. Mendi-bideetan barrena edo hitzekin, XX. mendeko Euskal Herriaren eta euskararen lur gehienak zapaldu zituen San Martinek bizitza osoan zehar. Okertzeko beldur handirik gabe esan daiteke arrastoa utzi zuela ibili zen lekuan.