Xanduli, manduli, kikirriki…

Soziolinguistika

2020-11-23 Bloga

Neguko ospakizunen erronda

Xanduli, manduli, kikirriki…

Hala oihukatzen dute Etxauri ibarreko haurrek azaroaren 1ean etxez etxe eskean joaten direnean. Herriaren arabera abestitxoa edo esaera aldatzen da, baina dinamika antzekoa da: herriko haurrak talde bakarrean elkartzen dira eta herriko etxeetan goxokiak, gaztainak eta intxaurrak botatzeko eskatzen dute. Azaro hasieran, beraz, neguko jaien zikloa abiatzen da horren antzeko diren eske edo errondekin.

Etxez etxe jatekoak biltzeko eske-errondek garrantzia dute neguko ospakizunetan. Barrura begirako festak dira, herrikoentzat, komunitatea trinkotzeko jaiak. Helduen eta gazteen artean nolabaiteko hitzarmen kolektibo bat gauzatzen da: gazteek etxez etxeko erronda egiten dute komunitatearen berri emanez, eta helduek janaria eta edaria eskaintzen diete. Hori da Domu Santu egunetik inauteri bitarteko jaien oinarria: San Nikolas, Eguberriak, Urtezaharra, Santa Ageda, Maskaradak…

Jai-ohitura horiekin batera, urri amaiera eta azaroa bada bestelako ospakizun garaia ere, eta jardunaldi aroa ere bihurtu zaigu. Aurtengoan, gainera, euskararen inguruan hausnartzeko topaketak pilatu zaizkigu oso epe laburrean: Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioa euskal enpresa-sarean. Eta hizkuntza aniztasuna?, gazteen hizkuntza-errealitateari buruzko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia, Euskararentzako estrategia digitalaren bila, Europari begira jardunaldia, Euskara eta feminismoa bidelagun mahai-inguruak, Entitate pribatuak: nola eman zerbitzua euskaraz herritar eleaniztunei? Jagon Jardunaldia, Euskararen herria euskal hiztun jardunaldiak Bilbon…

Bizi dugun pandemiak murriztu ditu neguko ospakizunen eske errondak eta bertan behera geratu dira gehienak. Ezinezkoa izan da, halaber, solastatzeko eta hausnartzeko diren jardunaldiak aurrez aurre garatzea. Etxez etxe, pantailaz pantaila burutu dira, eta halakoetan ‘eszenatokitik’ kanpo, atsedenetan sortzen diren elkarrizketen ordez, «ez da entzuten», «seinalea eten egiten da» edo «kamera ez dabil» modukoak idatzi ditugu zoom, jitsi, meet eta antzeko aplikazioen txatetan.

Xanduli, jardunaldi, wifirikiiiii…

Jespersen Euskal Herrian

Duela ia ehun urte, 1922an, Otto Jespersen hizkuntzalariak Language. Its Nature, Development and Origin liburua argitaratu zuen. Lan horren hamahirugarren kapituluak ‘The Woman’ izenburua zuen, eta, garaiko genero-aurreiritziak oinarri hartuta, emakumeen mintzairaz aritzen zen. Hamasei orri besterik ez ziren, baina nahikoak izan ziren nolabaiteko izaera akademikoa emateko emakumeen mintzairaren ‘gabezia’ azpimarratzen zuten diskurtso sozialei. Gerora idatzi diren eta hizkuntza eta generoa gurutzatzen duten lan askok aipatzen duten Jespersenen lan horrek badu guretzat bitxia den kontu bat: euskara aipatzen du. Euskal emakumeak euskararen kontserbazioarekin lotzen ditu:

Gauza bera da euskaldunen artean, non eskolak, zerbitzu militarrak eta negozioetako eguneroko harremanek lagundu egiten baitute euskara desegiten frantsesaren mesederako, eta faktore horiek askoz gehiago eragiten diete gizonezkoei emakumezkoei baino: familia batzuetan emazteak euskaraz hitz egiten du, eta senarrak ez du euskara ulertu ere egiten, eta ez die uzten seme-alabei ikasten.

Jespersen ez zen izan euskararen praktikak eta generoa harremanetan jarri zituen lehena. Ordurako ohikoak ziren, munduko beste hainbat txokotan bezala, emakumezkoen eta gizonezkoen hizkuntza-jokabideak bereizteko diskurtsoak. Baina uste eta aurreiritzietan oinarritutako ideiez aparte, Euskal Herrian urte luzeetan ez da ikerketa askorik egin eremu zehatz horretan, eta, beste errealitate linguistikoekin konparatuz, urria da azterketen uzta.

Hain zuzen, ikerketa gabezia hori aipatu zuten Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek azaroan garatu den Internet bidezko topaketa horietako batean: Euskara eta feminismoa bidelagun jardunaldian. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Emakundek eta Hizkuntza eta Generoa batzordeak elkarlanean antolatu dituzten mahai-inguru horiek azken hamarkadan Euskal Herrian generoa eta hizkuntza gurutzatzeko sortutako interesa eta garatzen hasiak diren ekimen eta lanak ugaritu izanaren emaitza dira. Ehun urte geroago, generoa eta euskarari buruz Jespersenen paragrafo labur hori baino orri batzuk gehiago idazteko mamia dago.

Zigor bikoitza

Agirrek eta Eskisabelek sexu-genero sistemak eta hizkuntza praktikek harreman estua dutela azpimarratu dute eta, besteak beste, euskara feminitatetik nola eraiki izan den eta nola eraikitzen den azaldu dute. XX. mendean zehar, euskara indarberritzeko eraiki den diskurtso nagusiaren arabera, euskara babestu eta zaindu beharreko hizkuntza gisa irudikatua izan da. Zaintzaren ideologia horrek emakumeak gehiago interpelatzen ditu gizonak baino, zaintza feminitatearen ezaugarriekin lotuta agertzen zaigulako; hortaz, emakumeen gainean geratzen da euskararen kontserbazioaren lana. Baina, era berean, transmisioaren ardura betetzeko baldintza sozialak oso eskasak direnean, hizkuntza ordezkapenaren kulpa ere emakumeen bizkar geratu ohi da. Esan daiteke zaintzaren ardura eta galeraren errua txanpon beraren bi alde direla, eta euskal emakumeentzat hizkuntzaren ardura zigor bikoitza bihurtu izan dela.

Hizkuntzari lotutako zigor bikoitz hori antzera ageri da munduan zehar garatu izan diren hainbat ikerketetan. Jane H. Hill antropologoak, adibidez, Malintxe komunitateko emakumeei buruz hala jaso zuen:

Nahuatl hizkuntza gehiago kontserbatzen badute, atzean geratzen direla esaten zaie. Espainoldun bihurtzen badira, elkartasun-kodea urratzen dute.

Janet Holmes soziolinguistak oso antzeko egoera deskribatu zuen Australiara migratu zutenen hizkuntza-praktiken inguruan. Ingelesdun ez ziren migratzaile komunitateetan emakumeen ardura zen jatorrizko hizkuntza gordetzea, eta horrek zailtzen zien lan eta bizitza publikoa egitea. Baina ingelesa ondo ikasten bazuten, jatorriaren esentziaren traidore gisa ikusiak ziren. Gainera, halakoetan zigor bikoitza oso baldintza zailetan gertatzen da. Arma oso boteretsuak dituzten estatuek hizkuntza hegemonikoak ezartzeko egiten duten indarrari aurre egiteko lana botere sozial, ekonomiko eta sinboliko urria duten emakumeen gainean uzten da. Haurrei hizkuntza transmititzea da andreei uzten zaien hizkuntza zaintzarako lanabes ia bakarra, eta, noski, esperotako emaitzarik ematen ez duenez, emakumeak erruduntzat hartzen dira.

Agirre eta Eskisabelen ustez, feminismoa zaintza erdigunera ekartzeko saiakera handia egiten ari den arren, «oraindik ere zaintzaren ideologiak keriak gehiago ditu tasunak baino». Euskararen erabileraren datuek emakumeek euskara gehiago erabiltzeko joera dutela erakusten digute. Euskararen aldeko ekimenen parte-hartze kopuruek ere emakumeen presentzia askoz handiagoa dela adierazten digute. Itxuraz, euskararen zaintzaren ideologiak eta feminitateak estu lotuta jarraitzen dute. Datu horiek adi jarraitu beharko ditugu, ziur aski pista interesgarriak emango baitizkigute egungo hizkuntza eta genero sistemaren keriak eta tasunak zein diren jakiteko.

Hitzarmena

Lutxo Egia eta Irene Arrarats izan dira Euskara eta feminismoa bidelagun jardunaldiaren bigarren eguneko mahai-inguruko protagonistak. Arraratsek proposatu du, mugimendu feministak egin duen bezala, hizkuntza kontuetan ere hitzarmen soziala behar dugula euskararen presentzia handia ez duten itoguneetarako: «Hor sortzen dira gatazkak; hitzarmen bat behar da edonon euskaraz hitz egitea justiziazkoa dela argi uzteko».

Egiak itogune horietako batean egin zuen 2015ean Bi-lingual: Transitoak izeneko performancea. Bilbon hilabete oso bat igaro zuen gaztelania erabili gabe. Eragin handiko lana izan zen, eta, ariketa hura erreferentzia hartuta, taldekako antzeko esperientziak jorratzen hasi ziren hainbat auzo eta herritan. Egiak mahai-inguruan azaldu duenez, ekimen haren bidez euskalduna izatea ekintza performatiboa dela erakusten saiatu zen. Hau da, egunero aritu behar garela horretan, eta egunero aritzerakoan euskaldun bihurtzen garela. Alegia, Arrarats eta Egiaren mahai-inguruaren izenburuak dioen bezala, ez garela euskaldun jaiotzen, egin egiten garela.

Negu honetan, kalez kale, etxez etxe eta lantokiz lantoki euskaldun aritzeko ariketa berri bat dugu: Euskaraldia. Bi asteko hitzarmen kolektiboa euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko. Horren aurretik, bederatzi gaztek (sei neska eta hiru mutil!) Lutxo Egiaren esperimentua berreskuratuko dute Gaztealdia izeneko ekimenaren bidez, eta zortzi egunez euskara hutsean bizitzen saiatuko dira.

Donibane Lohizune, Urepele, Sodupe, Zornotza, Deustu, Plentzia, Lasarte-Oria, Iruñea eta Tuterako kaleetan zortzi eguneko erronda. Une eta gune guztietan euskaraz egin ahal izateko eskea. Euskaraz hitz egitea justiziazkoa dela aldarrikatzeko erronda.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan