Erdigune eta ertzetako zizelkariak

2020-02-23 Bloga

Arnas eta ardatzak periferian

Ezaguna da Sustrai Colinak 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian botatako bukaerako agurra. Hainbat kolektibo, sorlekua duen Urruña eta bizi den Iruñea aipatu ondoren, honela amaitu zuen:

Euskal Herria gelditu
ez dadin euskal erdian
bila ditzagun arnas ta
ardatzak periferian.

Aldiriko arnas bizigarri horren lagin polita eskaini digu Topatu.eus gazte proiektu komunikatiboak Zizelkariak izeneko dokumentalarekin. Euskal Herriko periferia erdigunera ekartzea helburu duen filmak gure geografiaren ertzetan hainbat mugimendutan lanean ari diren sei gazteri ahotsa ematen die.

Dokumentalak adierazten digu lur egurtua dela gurea, eta sei gazte euskaldun horiek, ertzetako lur egurtuan jaio eta hazitakoak, arrotz sentitu izan direla kontatzen digute. Tuterako mugimendu feministako kidea den Edurne Sanchezek euskaraz hitz egiteaz lotsatzen zela aipatzen du. Euskaraz hitz egiteagatik oso markatua sentitu izan dela, eta euskaldun gisa jasaten zuen zapalkuntza horretatik bizi izan zuela feminismoaren beharra. Martta Irigoien gazteak dantza eta antzezpenarekin gorpuzten du euskara Amikuzen. Gazteek modu kolektiboan euskara Nafarroa Behereko paisaian gorpuzten dute libertimenduaren bidez, eta, Irigoienen ustez, oso garrantzitsua da gorputza plazara eramatea euskaraz sortu den zerbaiten bidez. Irunberriko gazte musikaria den Ibai Osinagak ere euskaraz abestea hautu politiko gisa hartzen du.

Antzera mintzo dira Maika Alfaro, Jon Maruri eta Arkaitz Lopez: despopulatzeaz, prekaritateaz, etxe hutsen arazoaz, langabeziaz, turismoaren arriskuez… Alduden, Ezkerraldean, Arabar Errioxan, Amikuzen, Irunberrin edo Erriberan bizi duten errealitate soziopolitikoa aldatu nahi duten euskal hiztun gazteak dira.

Sei ertz, sei ahots, sei borroka. Lur egurtuan jaio eta zizelkari bihurtu diren sei gazte.

Egurtutako hizkuntzen hiztun berriak

Lur eta hizkuntza egurtua da gurea. Eta gurea bezala, milaka dira munduan txikiagotu eta txikitutako mintzoak. Horietako lau agertzen zaizkigu duela gutxi argitaratutako Neohablantes de lenguas minorizadas en el Estado español liburuan: euskara, katalana, galegoa eta aragoiera. Fernando Ramallo, Estibaliz Amorrortu eta Maite Puigdevall-ek koordinatu duten liburuan, gutxiagotutako hizkuntzen inguruan hausnarketa egiten da hiztun berrien perspektiba oinarri hartuta. Honela definitzen dute liburuaren sarreran minorizatutako hizkuntza baten hiztun berria:

Hasierako hizkuntza beste bat duten pertsonak, baina beren bizitzako uneren batean, normalean beste aldaketa pertsonal eta/edo sozial batzuekin lotuta, hizkuntza-praxia aldatu eta beren hizkuntza-errepertorioan bigarren hizkuntza hori sartzeko erabakia hartzen dutenak, soilik edo nagusiki hizkuntza gutxiagotuan aritzeko edo zenbait espazio zehatzetan erabiltzeko.

XXI. mendeko bigarren hamarkadan, hiztun berrien profilaren ikerketa arloak garapen interesgarria izan du. Euskal Herrian azpimarratzekoak dira Ane Ortega, Estibalitz Amorrortu eta Jone Goirigolzarrik egindako ikerketak. Katalunian eta Galizian ere lan aipagarriak egin dituzte eta, gainera, lurralde horietako azterketak eta Europako beste hainbatekoak elkarbanatzeko foroak eta proiektuak sortu dira.

Hain zuzen, aipatutako liburuaren helburua da hiztun berriei buruzko azken urteetako ikerketen emaitzak zabaltzea espezialista ez den publikoaren artean. Ramallo, Amorrortu eta Puigdevallen ustez, subjektu horren bidez aldaketa garrantzitsuak gertatu dira hizkuntza minorizatuen orainaldia eta etorkizun hurbila ulertzeko, baita hizkuntza gutxitu horien subjektu legitimoei buruzko gizarte-irudikapen berriak ere.

Argitalpenarekin, hiztun berri horiek nortzuk diren arakatu, ulertu eta erakutsi nahi izan dute. Baina etorkizunean ere jarri dute begirada, indarberritze prozesuetan berebiziko garrantzia baitu hiztun berrien kopurua handitzeak; horretarako bi erronka daudela azpimarratu dute: hizkuntzen ezagutza eta erabileren aktibazioa. Horri begira, liburuan idazten duten hamalau egileen idazlanetan bi oinarrizko elementuren garrantzia errepikatzen da: hizkuntza ideologiak eta harremanetarako espazioak.

Ordena soziolinguistikoa aldatzen duten subjektuak

Hiztun berriek gizartean ezarritako hizkuntza egitura aldatzen dute. Hala gertatu zen Euskal Herrian joan den mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetan euskaltegietan euskaldundu ziren euskaldun berri guztiekin. Kutsidazu bidea, Ixabel belaunaldikoak ziren, herriko jaietako bertsolarien hitzak ulertzen ez zituztenak eta traktorean arratsalde osoa bueltaka aritu behar zutenak motorra nola itzaltzen zen ez zekitelako.

Euskaldun berri haiek ekarri zuten euskal hiztunari ordura arte zegokion profil eta kokapen sozialean berrikuntza, eta esango nuke, azken lau hamarkadetan eskolaren bidez euskaldundu diren hiztun berri gazteen kasuan, antzeko zerbait gertatu dela. Figura berri horren bidez euskaldun izateari egotzi izan zaizkion zenbait ezaugarri aldatu eta aldatzen ari dira. Garapen eta aldaketa horietan hizkuntza ideologiak daude eta, oinarri-oinarrian, galdera bat dago: nor da hizkuntza komunitate batean hiztuna den subjektua?

Itaun horri lotuta, beste hauek ere bota ditzakegu: nork dauka hizkuntza hori hitz egiteko autoritatea? Nork ematen du autoritate hori? Nola egin aurre autoritate eta arau horiei? Zer ondorio ditu aurre egite horrek?

Ziur aski, azken hilabeteetan gurean berpiztu diren hainbat eztabaidak lotura zuzena dute hiztun berri horri ematen zaion autoritate edo legitimitatearekin. Fernando Ramallo soziolinguista galiziarrak dio hiztun berria ez dela erabat onartua «subjektu problematizatzailea izateaz gain, subjektu problematikoa ere badelako, espazio soziolinguistikoan bere tokia bilatzen jarraitzen duena». Euskal Herrian bezala, antzeko egoera duten tokietan errepikatzen den kontua da: Neohablantes de lenguas minorizadas en el Estado español liburuko kapitulu guztietan agertzen da hiztun berrien legitimazioaren auzia. Deigarria da ikustea, adibidez, Goirigolzarri, Amorrortu eta Ortegak jasotako hiztun berrien ahotsek («erabiltzen dut hizkuntza artifizial ematen du, liburukoa» edo «batuera erabiltzen baduzu zara como un guiri») antz handia dutela Vigoko neofalante-en bizipenekin:

Para min o maior obstáculo non é desenvolver a lingua, é a xente que pon límites á nosa lingua. E iso é o problema, que podemos atopar os neofalantes, alguén que te mira é que di: «buá, é que o teu galego é unha lingua de libro» (Niretzat oztoporik handiena ez da hizkuntza garatzea, gure hizkuntzari mugak jartzen dizkion jendea baizik. Eta hori da hiztun berrien arazoa, begiratzen dizun norbait eta esaten dizuna: «bua, zure galiziera liburu-hizkuntza da»).

Hain zuzen, Miren Artetxek berriki aurkeztu duen tesian (Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak), bertso munduan sozializatzen diren hiztun berrien legitimitatearen inguruko oso hausnarketa interesgarriak luzatzen dizkigu. Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletan jasotakoaren arabera, espazio horiek oso aproposak dira euskaldun gisa legitimatzeko. Baina, era berean, bertso munduan gertatzen da halako deslegitimazioa ‘sortzez’ edo ‘familiaz’ euskaldun ez diren edo itxura hori ematen ez duten horiengan. Artetxe egoera horrek sortzen duen legitimitatearen gurpil zoroa eteteko beharraz mintzo da, eta uste du egungo bertsolaritzak eta bertso-eskolek aukera onak eskain ditzaketela auzi hori gainditzeko.

Izan ere, etxekoa edo eskolakoa, zaharra edo berria, euskalkia edo batua, goxua edo modernoa bezalako dikotomiak praktikan leuntzen ari diren garaiotan, zenbait eztabaida publikotan erdiguneko hiztunak eta aldirikoak bereizi nahian, traktorearekin bueltaka jarraitzen dugula ematen du.

Soroan gurpil zoroan jarraitzen dugu traktorea nola gelditu jakin gabe.

Geroa zizel, giroa pizten

Baztan ere aldirikotzat hartzen dugu hiri eremu inguruetan bizi garenok. Maite ditugu bere bazterrak, baina lanbroak ezkutatzen dizkigu periferia horretako bizilagunak. Zorionez, batzuk ez daude zain egoteko prest, eta (H)ilbeltza moduko ekimenak antolatzen dituzte. Lur egurtua baita gurea, baina ez sortzeko gaitasunik gabekoa.

Euskal Nobela Beltzaren Astea errotuta dagoen jaialdia da. Ez zen bertan goxo geratzeko asmoarekin sortu, eta urtero Euskal Herri osoko literaturzaleei Baztanera gerturatzeko deia egiten diete. Erantzuna primerakoa izaten da, eta aurtengoan ilbeltzeko azken asteburuan bertaratu ginenon artean hizketagai eta hizkera ugari elkarbanatu genituen. Antolatzaile taldeko Aitziber Zapiainen hitzetan: «Komunitatea egitea garrantzitsua da, euskaldunak Baztanera etortzea eta bertakoekin egotea, bertako jendea ezagutzea, hitz egitea…».

Zinemari buruzko solasaldiak, liburu aurkezpenak eta idazleei buruzko solasaldiak. Egiazko gertakari ilunen inguruko mahai inguruak eta heriotza-balada zaharrei buruzko erakusketak. Gau lanean oinarritutako mendi irteera eta susmagarrien gaua. Ikasteko, solastatzeko eta jolasteko tarte polita. Zapiainek Berria-n egindako elkarrizketa batean azpimarratzen zuen denon artean egindako ekimena dela:

Guk zerbait eskaini nahi dugu, bat izan nahi dugu, taldekide izan nahi dugu denok: harremanak zaintzea, jendeari bere lekua eskaintzea, denok dugu zerbait eskaintzeko. Hori aldarrikatzen dugu, (H)ilbeltza egitera joatea, (H)ilbeltza izatea denok, denok denontzako egina izatea.

Baina denok denontzat egiteko, ezinbestekoa da gune hori sortzeko ahalegina egiten duten horien lana. Geroa zizel, giroa pizten abesten du Olatz Salvadorrek Zizelkariak dokumentalerako egindako abestian. Baztanen badira giroa pizten duten zizelkari onak.

Erdigune eta ertzetako zizelkariak

Bidasoa sortzen den Baztanera joan aitzin, Zizelkariak dokumentala ikusten izan ginen Bidasoa itsasoarekin bat egiten duen Hondarribiko Gaztetxean. Ainara Conde eta Maddi Ane Txoperena lesakarrek azaldu ziguten ikus-entzunezko horren ekoizpen prozesua. Solasaldi interesgarria sortu zen bertaratu ginenon artean, eta erdiguneaz eta periferiaz hausnarrean egin nuen Baztanerako bidea. Filmean agertzen diren Tutera, Amikuze edo Ezkerraldeko gazteak ‘euskararen periferia geografikoan’ erraz kokatzen ditugu. Baita Maule, Gasteiz edo Balmasedakoak ere. Oiartzun, Orio eta Usurbil, ordea, erdigunean kokatuko genituzke. Baina, non ipiniko genuke horien ondoan dagoen Donostia? Gipuzkoako hiriburua erdigune al da? Ba al dago benetan euskal erdigunerik? Nor da erdigunea? Euskaraz aritu nahi dugun guztiok ez al gara nahiko periferia?

Ziur aski, galdera horien erantzunek ez dute horrenbesteko garrantzirik. Erdigunea eta ertza non kokatzen dugun baino, hiztun berri nor den eta noiz arte den baino, euskaraz lasai, lotsarik gabe eta lotsagabe egiten duten hiztunak behar ditugu. Denon ekarpena ezinbestekoa baita.

Gorka Urbizuk aldizkari honen 235. zenbakian idatzi zuen euskarazko musikak entzule aktiboak behar dituela, eta horretarako denetik behar duela: ertza eta ertza ez dena. Euskara indarberritze prozesuan ere hori da behar duguna: hiztun aktiboak diren zizelkariak, ertza direnak eta ez direnak, berriak eta berriak ez direnak.

Baita Sustrai Colinak bertsoan aipatzen zituen etiketen trajedian kabitzen ez direnak ere.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan