Inurritegiaren hitzen inurriak

Soziolinguistika

2018-03-15 Bloga

Arretaz eta interesez segitu ditut Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ingurukoak, inurritegi horri begiratzeak hurbileko mundu txikiak bezala Mundua, larriz eta orokorrean, atzemangarriago eta ulergarriago egin diezadakeelakoan (Idurre Eskisabel).

Inurritegira sartzeko zain gaude. Batek galdetu du puntuazioa idazteko koadernoa ekarri ote dugun. Ez dut inoiz horretarako ohiturarik eduki eta, saiatuta ere, zaila egiten zait epaile lanetan jartzea, ez baititut bertsolaritzaren puntuazioaren barne kode horiek ezagutzen. Aipatu dut Jone Miren Hernandezi entzun izan diodala bertsolaritza ikertzeko garaian lagungarria izan zaiola hainbat bertsozaleren koadernoarekin saioak jarraitzeko ohitura hori: beste testuinguruetan antropologoa kaieran idazten aritzea deigarri, susmagarri eta deseroso suertatzen bada ere, bertso-txapelketaren saioetan oharkabean egoteko aukera ematen dizu.

Inurri ilara mantso doa eta beste batek bertso-saioetan koadernoaren beste erabilera bat aipatu du: lagun batek saioan zehar ulertzen ez zituen hitzak idazten zituen, ondoren, etxeko hiztegian haien esanahia begiratzeko. Behin inurritegiaren sarrera gaindituta, erritmoa bizkortu da. Toki egokia topatzeko nahia eta egunak emango duenaren urduritasuna gorpuztuta, inurrien joan eta etorriak azkartu dira. Sartu gara, eseri gara eta errituaz gozatzen hasi orduko koaderno kontuez ahaztu gara. Baina, gerora hain ezaguna egin den erkin hitza bizpahiru aldiz entzun ondoren, nik ere hiztegiaren beharra sentitu dut. Mugikorra erabat hil ez dugunez, soinua amatatu soilik, ez dugu etxeratu arte itxaron behar izan eta Elhuyar Hiztegiak erkin hitzak ahul esan nahi duela argitu digu.

Sare sozialen barrena ere berehala hasi da hitza hara eta hona mugitzen. Baten batek «erkin eta jarrai» idatziz beste ertz bat gehitu du eta Maialen Lujanbiok arratsaldeko agurra hala borobildu du. Txakur Gorrikoek irudi bihurtu dute, hitza eta irudia lotuz, eta bertso-saioa amaitu baino lehen whatsappez iritsi zaigu bertakoen mugikorretara. Koadernoa eta hiztegia zaharkitua geratu zaizkigula esan du lagunak; itxura berria dutela pentsatu dut nik.

Sally McConnell-Ginet-ek dio hizkuntza-antropologo batentzat hitz baten esanahia zein den ezin dela erantzun hiztegi bati begira; jendearen ahotan, komunitatean trukatzen eta hedatzen diren testuetan, erabilera bakoitzaren finkatutako historian begiratu behar omen da. Hurrengo egunetan ere erkin hitza askoren ahotan eta hatzetan ibili da. Adiera berriak ikasi ditugu, eta Andoni Egañak, bere hiztegi propioan kumeen arteko bullyinga adierazteko geratu zaiola esan ondoren, hala idatzi du:

Hitz egiten dugu eta hitzak egiten gaitu. Hitza da denik altxor edo gaixotasun kutsakorrena. BECen igande goizez hasi zen bat eta segidan lau-bost ahotan azaldu zen ditxosozko erkin hori.

Goizegi da erkin hitza nola kutsatuko den jakiteko, hizkuntzaren historia txikian nola finkatuko den. Baina argi geratu da Barakaldoko ilaran itxaroten egon ginen inurriei eta, baita, informazio teknologien bidez indartsu hitz egin zuten txindurri, xinaurri eta txingurriei BECeko hitzek egin egin gintuztela.

Maistratasuna

Hizkuntzak erabiltzen gaitu, guk hizkuntza erabiltzen dugun bezainbeste (Robin Lakoff).

«Hitz egiten dugu eta hitzak egiten gaitu», idatzi du Egañak 40 urte lehenago Robin Lakoffek idatzitako goiko hitz horietara hurbilduz. Lakoffen Languaje and Woman’s Place (Hizkuntza eta emakumearen tokia) liburua, soziolinguistika feministaren oinarrizko lana kontsideratua izateaz gain, hizkuntza kezkagai dutenentzako erreferente bilakatu zen 70eko hamarkadan, eta hurrengo urteetan ikerketa ezberdinak agertu ziren Lakoffen tesiak abiaburu zituztela. Bere ustez, linguistika egiteko oso garrantzitsua da testuinguru soziala aztertzea, eta, era berean, hizkuntzak erakusten digu gizartean dauden desberdinkeriak. Emakume eta gizonen artean dagoen desberdinkeriaz aritu zen, hizkuntza erabiltzeko ikasketa prozesua eta hizkuntzaren erabilera kolektiboak emakumea nola tratatzen duen aztertuz.

Liburuan ingelesaren adibide zehatz ugari jarri zituen, tartean master/mistress hitzen ingurukoa. Ingelesez gizonezkoei aplikatzen zaien master hitzak boterea adierazten du. Ikasketekin lotzeaz gain, bere menpean pertsonak dituen gizonarekin erabili izan ohi da. Mistress, ordea, maitalea esan nahi du: ezkondutako gizon batekin harremanak dituen emakumea. Lakoffen ustez, beraz, bi hitz horien adierekin argi geratzen da gizonak eta emakumeak nola definitu ohi diren. Gizona munduan egiten duenaren arabera definitzen da; emakumea, aldiz, zein gizonekin harremanetan dagoen arabera.

Euskaraz maisu/maistra hitzek ez dute ingelesezko esanahi bera, baina desoreka ere agerian geratzen da. Bi adierak eskolako irakasleak definitzeko erabiltzen badira ere, «zenbait egitekotan, gidari edo arduradun gisa ari den pertsona» definitzeko maisu erabiltzen dugu. Maialen Lujanbiok txapelketa nagusia maisutasunez irabazi duela irakurtzeak maistratasun hitza existitzen ote den zalantza piztu dit. Ez, bada, hiztegiek maistratasunetik maisutasunera bideratzen gaituzte. Generorik ez omen duen hizkuntzan, gidaritza eta ardura maskulinoak dira.

Baina, gorago esan bezala, hitz baten esanahia zein den ezin da soilik erantzun hiztegi bati begira. Horregatik poztu nau Idurre Eskisabelek «maistraren hitzetan komunitate hori zein den ederki ulertzen delakoan nago» Lujanbiori buruz idatzi duela irakurtzeak. Hizkuntzak gu erabiltzeaz gain, guk hizkuntza erabili (sortu, definitu, aldatu…) dezakegula gogorarazi didalako.

Sormenaren indarra

Euria eta erreka goitik behera. Gu Zestoatik Sastarrainera; behetik gora. Eta maistraren hitzak gogoratu ditut:

Beti ez du goitik behera egiten

transmisioaren trentzak.

Guk behetik gora ikasi dugu

ta zabaldu muga ertzak.

‘Ahots Baten’ sormen egonaldian egun pasa egiteko gonbidatu gaituzte. Pozik noa, ordu batzuk izango ditut udaleku giroan murgiltzeko, nahiz eta badirudien eguraldiak argi adierazi nahi digula hauxe negulekua dela. ‘Ahots Baten’ euskarazko ahots sorkuntzako diziplina ezberdinak biltzen dituen egonaldia da. Mintzola Ahozko Lantegiaren web orriaren arabera, «euskarazko ahots sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, beren artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortu zen, elkarte ezberdinen elkarlanaren bidez».

Estibalitz Alberdik ongi etorria egin eta ‘Sormen ganbara’ erakutsi digu. Hunkituta nabari zaio, gazteekin bost egun pasatzea sekulako bizipena izan dela kontatu du. Hirugarren edizioa da aurtengoa; ipuina, antzerkia, kantua eta bertsoa landu dituzte Sastarraingo aterpean elkartu direnak. Egunero sortzaile ezagun bat pasa da Ganbaratik: Eider Rodriguez, Eneko Sagardoi, Ines Osinaga, Unai Agirre eta Miren Artetxe. Egunero bizi izandakoa bideo laburren bidez erakutsi digute eta gustatu zaizkit euskal celebrity-ek gazteei zuzendutako hitzak: «Egin! Ez jarri etorkizuna zaretelako presio hori. Egin! Orain eta hemen!». Baina, batez ere, gazteek egonaldian heldu sortzaileei, begiraleei eta gonbidatuei transmititu diguten indarra gustatu zait. Bazkalondoko solasaldietan eta bertsoetan ere sormen energia hori nabari da. Indarra ari du.

Sandra Ott antropologoak Zuberoan egin zuen lan etnografikoan, bertako gizartean garrantzi handia zuen indarraren kontzeptua nabarmendu zuen. Indar mota ezberdinak daudela aipatuz, energia hori pertsonei, animaliei, gauzei, pentsamenduei eta ahotsari aplikatu dakiekeela jaso zuen. Sastarrainen bost egunetan sormen indar kolektiboa sortu dela nabari da: ahotsei aplikatutako indarra.

Ilundu du. Kanpoan euria goitik behera jarraitzen du, barruan indar sortzailea behetik gora eta alboetara ari du. Alberdik esan duen bezala: «Sortzeko gazteei espazioa ipini behar zaie, besterik ez!». Negu gabeko negurik ez da, eta sormen espaziorik gabeko sormenik ere ez da.

Etorkizunaren zama arinduz

Transmisioaren muga ertzak zabaltzeko garaia da, eta horretarako garrantzi handikoa iruditzen zait Paula Kasaresek belaunez belauneko jarraipena ulertzeko proposatzen duen paradigma berria: hizkuntza-sozializazioa. Proposamen horren ildo nagusiak oso modu zehatzean laburbildu ditu Jone Goirigolzarrik berriki, Xabier Landabideak eta Ibon Manterolak koordinatu duten UEUren Euskararen biziberritzea. Marko, diskurtso eta praktika berriak birpentsatzen liburu aski interesgarrian. Kasaresek dio hizkuntza-sozializazio prozesua eragileaniztuna eta elkarreragilea dela «belaunaldien arteko (goitik beherako nahiz behetik gorako) elkarrekintzetan ez ezik, belaunkideen arteko (ezker-eskuineko) harreman eszentrikoetan ere gauzatzen dena».

Sastarraingo sormen egonaldian, belaunkide gazteei ahots baten sortzeko gunea eta unea eskaintzeaz gain, belaunaldien arteko elkarrekintza bilatu da, eta uste dut planteamendu horretan bete-betean asmatu dutela. Gazteak ez dira jasotzaile pasiboak. Ez dira irakaspenen hartzaile hutsak. Ez dira kultura-ondasun baten oinordeko huts gisa hartzen. Orain eta hemen elkarrekin sortzeko eta bertatik pasatzen diren helduei sormen indar gazte hori transmititzeko aukera ematen zaie.

Eta, era berean, etorkizuneko ardura pisutsua apaltzeko saiakera ere sumatu dut. David MacDougall zinegile eta antropologoak dioen bezala, «haur eta gazteei ematen zaien etorkizuneko izakiaren funtzioak arduraz betetzen du euren motxila». Gehiegitan, gazteei gizarte hobeagoaren etorkizuneko esperantzak betebehar bihurtzen zaizkielako. Kulturgintza arloan, gainera, azkenaldian neska gazteengan esperantza eta betebehar horiek areagotzen ari direla esango nuke. Miren Artetxek ederki azaldu eta arindu zuen ardura horren zama Durangoko bertso-saioaren amaierako agurrean:

Gogoa daukat bertso eskolan

aritzen den neska hortan,

utzi ez utzi segi ez segi

etengabeko borrokan.

Errurik gabe eta damurik gabe

utz ezazu uztekotan,

ta aldiz jakizu bene-benetan

gozatzen baduzu hontan

izan jaialdi, bertso afari

edo triki poteotan

guk ere zure ondoan egin

nahi genukeela bertsotan.

Ez dugu zain egon nahi

Presiorik gabe, baina, aldi berean, itxoiteko eta baimena eskatzeko asmorik gabe. Horretarako, ‘Ahots Baten’ egonaldian parte hartu duten gazteek azken aldian gauzatzen ari den egitasmo interesgarrienetako baten bi gazterekin sormen bizipenak trukatzeko aukera ederra izan dute. Ane Labaka eta Malen Amenabar Txakur Gorria taldeko kideak egonaldian begirale lanetan aritu dira. Ederra da Nerea Ibarzabal eta Mariñe Arbeorekin batera osatzen duten sormen talde horren dinamismo eta ekiteko nahia. Web orrian dioten bezala: «Sormena da gure asmoa, ez dugu zain egon nahi».

Inurritegia eta inurrien hitz eta ahotsak biziberrituko duen sormena ari du. Indarra ari du.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan