Arnasgune digitala izatea helburu: PuntuEUS Behatokia ekimeneko datuek zer gehiago adierazten duten

2016-05-10 Artikuluak

Sarrera

Erakunde eta gizarte zibilaren gidaritzapean, euskararen biziberritze prozesua indartzeko hamaika ekimen daude abian, denak halako denak izaera anitzekoak eta hainbat esparrutan euskarak dituen gabeziak estaltzeko asmoarekin sortutakoak.1 Azken urteotan berritzaileak izan dira, esaterako, lan-munduak euskararen erabilera sustatzeko eusle programa (Irureta Azkune, 2016), Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetza euskararen bizitasun etnolinguistikoa aztertzeko jorratzen ari den Euskararen Adierazle Sistema (Eusko Jaurlaritza, d.g.) eta Kontseiluaren Hizkuntza Eskubideen Behatokiak euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko sortutako Akuilari app erabilerraza (Behatokia, 2015).

Testuinguru horretan, hau da, euskarak gero eta erabilera-esparru gehiago izateko mugimendu hori, hasi zen duela urte batzuk webguneetan .EUS2 domeinua lortzeko egitasmoa.

Hain zuzen ere, 2007an sortu zen eragile batzuen baitan .EUS domeinua lortzeko nahia. Ondoren, 2008an PuntuEUS elkartea sortu zen «Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea egituratzeko helburuarekin». 2008tik 2012ra elkartea sostenguak biltzen aritu zen eta domeinuak banatzen dituen ICANN erakundeak elkarte horri domeinua berak kudeatu beharra zuela eskatu zionez, azken urte horretan sortu zen PuntuEUS Fundazioa. Handik gutxira, 2012ko ekainaren 14an onartu zuen ICANNek .EUS domeinua eta bi urte eskas behar izan ziren, Fundazioaren eta lehen aitzindarien bitartez, .EUS abizena zuten lehen webguneak ikusteko. Bukatzeko, 2014ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren data sinbolikoaz baliatuz, .EUS domeinua erabat publiko bihurtu zen eta 2016aren hasieran 5.000 domeinu lortu ziren, ‘5.000 baietz!’ egitasmoak plazaratutako erronka gaindituz.

Lerrook idazten ari diren momentuan,3 .EUS domeinuek urtebete luze bete dute, lortutako domeinu kopurua hor dago, baina nola jakin lana ondo egiten ari direla? Saving Languages hizkuntzak biziberritzeko argibideak finkatzen dituen oinarrizko liburuan, Grenoble eta Whaleyk (2007:26) hizkuntza biziberritzeko egitasmoen ebaluazioak duen garrantzia azpimarratzen dute behin eta berriro; egitasmo batzuek, testuinguru, behar eta baliabideetara egokitu ezean, hizkuntza-komunitatean espero den kontrako emaitza dakarte: egitasmoaren porrota, hiztunen gehiegizko itxaropenak eta ondorengo kamustura eta abar.

Artikulu honetan, web domeinuetan hizkuntza-komunitate edo hizkuntza gutxituen marka landu duen egitasmo bat aztertuko denez, komenigarria da ebaluaketa lan hau egin duen beste komunitate batek jarritako mugarria aipatzea. Izan ere, hamar urteko ibilbidearen ostean, Catalunyako .cat domeinuak Observatori.cat4 diseinatu eta 2013an lehenengo txostena kaleratu zuen, .cat domeinuen ezaugarri soziolinguistiko eta ekonomikoak eta bilakaera historikoa aztertzeko ebaluazio tresna.

Bi urte geroago, .EUSek bere tresna propioa jarri zuen abian, Behatokia, hain zuzen ere. Egileak Behatoki horren prozesuan parte hartu zuen, eta ikusita kaleratutako txostenak irakurketa orokor bat egiten zuela, PuntuEUS Fundazioaren eta egilearen artean Behatokiko edukian sakondu eta txosten horrek mahai gainean jarritako datuak era kritikoan aztertzea erabaki zen, artikulu honen bitartez.

Marko teorikoa

PuntuEUS ekimena hizkuntza gutxitu bat biziberritzeko asmoz sortu zen, teknologia berrien esparruan, eta, zehazki, globalizazioaren garaian euskarak Interneten zuen gabezia bati aurre egiteko asmoz. Hori dela eta, esparru horiek denak aztertuko dira marko teorikoan, .EUSek euskarari egin diezaiokeen mesedea ulertzeko asmotan.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan