Hein handi batean, amaierek eman ohi diote zentzua gure istorioei, eta horietan gure burua kokatzeko aukerari. Edo behintzat sinesmen horrek sostengatzen du, askorentzat, denboraren gezian aurrera jarraitzeko gaitasuna eta indarra, azken ebazpenerantz, bakea ekartzeko gai izango dena, erresoluzioa. Amaieratik hastea teknika eraginkorra da, bertsolaritzan zein argudiaketa akademikoan ikasten den bezala. Historialari eta filosofoek ohartarazi digute historia irabazleek kontatzen dutela, hau da, atzekoz aurrera sortzen dela. Kontatzearen bidean esan nahi dena transformatzen uztea, amaieraren ondorio finalaren boteretik askatuta ibiltzea, askoz gutxiagotan esploratzen dugun bidea da.
PDF 8.52 MB | 14,00 € |
---|---|
Papera | 14,00 € |
Gaiak sailean, lau artikulu datoz, gai hauen inguruan: Hego Euskal Herriko LGTB* politika kritikoak (Jokin Azpiazu Carballo), Ipar Euskal Herrian zinema euskaraz sortzeko eta ekoizteko topa daitezkeen oztopoak (Graxi Irigarai), nerabeen hizkuntza-praktikei buruzko ikerketa etnografikoa (Jaime Altuna Ramirez) eta hizkuntza-komunitate gutxituen arteko lankidetza-hastapenetarako hizkuntza errealitatea (Leire Amenabar Larrañaga).
Uneko LGTB* politiken abiapuntuzko analisia egiten da. Horretarako, alde batetik, testuinguru zabalean gertatutakoetan (nazioartekoan zein bertakoan) jartzen da arreta, eta, bestetik, talde eta aktibisten diskurtso eta jardunean.
Ipar Euskal Herrian zinema euskaraz sortzeko eta ekoizteko topa daitezkeen oztopo sektorialak, sistemikoak eta glotofobikoak aztertzen dira.
Adina, generoa eta hizkuntza nola gurutzatzen diren aztertzeko nerabeekin garatutako ikerketa etnografikoa oinarri harturik, egungo hizkuntza errealitate sozial orokorrerako interesgarriak izan daitezkeen zenbait hausnarketa ekartzen dira.
Euskal Herriko egitura linguistikoen ertzetan kokatzen diren hizkuntza-komunitate gutxituen arteko lankidetza-hastapenetarako hizkuntza errealitatea aztertzen da, eta tokian tokiko errealitateari erantzuteko proposamenak egiten dira.